Familia Santua: Seme-alabak askatasunerako hezi

Galería

  (Igandeko ebanjelioa: Lk 2, 41-52) Eguberriko giro berezian eta 2015. urtearen azken txanpan, Familia Santuaren jaia ospatzen dugu. Eta Fa­mi­lia Santuaren argi-itzaletan, geure familiaren errealitateari begiratzen diogu. Erraza da familiaren krisi­az hitz egitea. Erraza, familiaren balio-galtzeaz jardutea. Erraza, Elizaren … Sigue leyendo

A urtea. Familiaren ibilerak

Galería

(Igandeko ebanjelioa: Mt 2, 13-15. 19-23) Eguberri ondorengo igandeak, urteberriko festaren zain, Nazareteko familia santuaren jaia ekartzen digu gogora. Beti ere Eguberri giroan, noski. Familiari buruzko gogoeta egiteko baino gehiago da Eguberriko gertaera haus­nartzeko. Hala ere, ez zaigu gaizki etorriko … Sigue leyendo

Hirutasun Santua: Maitasunaz ari gara

Galería

Esta galería contiene 1 foto

(Igandeko ebanjelioa: Jn 16, 12-15) Hirutasun Santuaren festaburua ospatzean, hamaika buruhauste sortzen zaigu, batzuei gauza adierazteko eta askori gauza ulertzeko. Izan ere, «misterio» honen inguruan sarraski handia eragin baita. Hiru direla, bat dela, batean hiru, hirutan bat eta abarrekin ez … Sigue leyendo

27. igandea: Segizioa, erabatekoa, erabetekoa

Jesus Jerusalema doa. Erabaki sendoz eta atzera bueltarik ez duen bidetik. Ikasleek ez diote ulertu; baina ulertuko diote, berak ere bide luzea egin behar izan baitu ulertu ahal izateko.

Aitaren borondateak era honetan eta bide honetatik darama bere asmoa. Aitak nahi duen mesianismoa ez da gure moldekoa, ez da txaloz oretzen, ez da ikusgarria. Eta Jesusek ikasi du Aitaren gogoa egiten.

Baina, Jesusen bide horrek zer esan nahi du, zer ondorio dakartza? Eta era askotako adibidez argitzen du Jesusek bide horren muina. Handikeriarik eta jarleku distiratsurik ez; ume batek gizarte hartan zuen azken lekua baizik. Alderdikeria eta taldekeriarik ez; Espirituaren askatasuna aitortzea baizik.

Eta gaurkoan, ezkontzaren adibideaz baliaturik, segizio-bide honen azkenerainoko erabakia adierazten digu. Bide hau erabatekoa eta erabetekoa da.

Horrek zer esan nahi du baina? Nik uste dut gauza bat erabat garbi geratzen ari zaigula: Jesusek dei egiten duenean, ez digu dei egiten agindu baten bidez eta indarrez; maitasunaren eraginez baizik. Eta segizioan maitasunaren dinamikak balio du, ez beste ezerk.

Eta badakigu, noski, maitasunak, bere asmo jatorrikoan, betirako eta neurri gabea izan nahi duela. Neurriak eta mugak aurrez pentsatuta dauzkan maitasuna ez da benetako maitasuna. Maitasunak, bere bokazioz, betirakoa eta neurri gabea nahi du izan.

Zer gertatzen zen ezkontzarekin Jesusen garaian?, edo zer gertatzen da gaur? Maitasunaren hasierako bokazioa, giza bideak halakoxeak izan!, geure neurrietara tolestatzen dugula. Eta Jesusen garaian, emakumeak askorik balio ez zuenean, dena gizonezkoaren mesederako legeztatua zeukaten.

Eta gure garaian, emakumea bere duintasuna berreskuratzen ari denean, beste era batera daukagu legeztatua. Baina, kasu bietan, maitasunaren hasierako bokazioa geure baldintzetara daukagula egokitua.

Eta hori Jesusen bidearen eta segizioaren adibide baldin bada, gauza beretsua gertatzen zaigu: Jesusi jarraitzea ere geure baldintzetara tolestatu dugu. Eta askotan betebehar eta mandamentu batzuetara mugatu dugu. Debozio eta otoitz batzuetara besteetan. Edo ideologia bat babestera zenbaitetan. Edo elizkide izatera.

Baina ez dugu ireki maitasunaren neurrigabeko asmo sakon eta jainkozko batera. Eta orduan, merkealdiak datoz, lasabideak, ulertu beharreko mozketa eta murrizketak.

Baina, Jesusek bere ikasleen segizioa, berea bezalaxe, azken muturreraino luzatu eta zabaldu nahi du. Neurriak eta mugak jartzen dituen erabakia, beste zerbait izango da, baina maitasuna ez. Maitasunak, bere freskotasun ederrean, betikoa eta osoa nahi du izan. Gero gerokoak, noski. Baina, hasierako erabakia beti erabatekoa eta erabetekoa da.

Eta, jakina!, hortik geure neurriko emaitzak eta edertasunak jasoko ditugu edo maitasun betearen emaitza eta edertasunak. Segun zer eta nola bizi dugun, halako betetasuna izango du gure fede-bideak.

Jesusen segizioan ez dago zabarkeriarik. Ez dago erdipurdikeriarik. Bai, batek bekatu egin dezake; baina bekatuari larritasuna kentzeko ezin daitezke neurriak gutxitu. Txarra ez da bekatu egitea; txarra da ez maitatzea. Maitasunari bere gordintasunean eutsiz bekatu egiten duenak, badauka zeri heldua.

Onartu ezinekoa bestea da: dena erdibidera ekartzea, dena relatibizatzea, segizioari pisua kentzea. Dena berdin da; hau edo hura ez dago alde handirik; erlijio bat edo bestea, igualtsu da; Jesus edo Mahoma, halatsu…  Eta gaur egun relatibizazio gutxitzaile hau nahikoa bistan darabilgu.

Jesusen segizioa maitasunaren iturritik sortzen da eta, azken batean, maitasuna da. Maitasunarekin ez dago jolasik.

Maitasuna beti erabatekoa eta erabetekoa da!

25. igandea: Umeen ordez makinak

Gaurko ebanjelio-zatiak umeen akordura ekarri nau. «Haurtxo hauetako bat hartzen duena». Ikasturte berrirako bidean ikusi ditugu egunotan. Beren motxila handiak hartu eta oporminez eskoletara joan dira. Eta haiek eskolarako bidean ikusteak betiko galderak sorrarazten dizkit barnean: Zer ari gara egiten umeekin?, zertarako prestatu nahi ditugu?, zer ulertzen dugu ‘heziketa’ esaten dugunean? Azkenaldi honetan asko hitz egin da hezkuntzaren garestiaz; baina gutxitxo (aski sekula hitz egiterik balego!), heziketaren edukiez eta moldeez. Trebeak gara bigarren mailakoa lehenengora jasotzen!

Galdera horien azpian, sakonean gizarte-ereduaren arazoa dago. Umeak zertarako prestatu, hura mesedetzen duen gizartea egiten dugu. Eta areago: gizarte-eredua ez ezik, giza proiektua bera dago ezbaian. Azalekoak utzi eta sakon eta luze hitz egin beharko genuke zer nolako gizakia bideratu nahi dugun eta zein den gure ikastetxeetan garatu nahi dugun etorkizuna. Liburuena inportantea da, prezioena ere bai, hizkuntzarena ere bai; baina ume hauekin burutu nahi dugun giza eredua dezentez inportanteagoa da.

Eredu asko izan daitezkeela esango zait, eta bakoitzak ikusi behar duela zer azpimarratu nahi duen. Baina ez dakit ba bakoitzarena ez ote garen gehiegiz orokortzen ari geure ikuspegiz eta bizieraz. Ez dakit bakoitzarena ez ote den ‘jendearen’ unibertsalean urtzen!

Erantzukizun-kontua da: gurasoen erantzukizuna, irakasleena, hezitzaileena… Baina bada hor eztabaidatu beharrekorik! Eztabaidatu zer? Nire iritziz hauxe: gizarteko guztia pertsonaren beharretara egokitu ordez ez ote garen gizakia enpresaren beharretara tolestatzen ari. Gaurko produkzio-kateak zer behar du, hartarako prestatu umetatik jendea!

Zenbat aldetatik ez ote da entzuten hitz gakoa, «lehiakortasuna». Ekonomi eraginak zuzentzen du gizartearen ibilbidea. Eta heziketa ere neurri handi batean bai! Gaur nekez onartuko litzateke (gurasoengandik hasita), ezertarako ez baina pertsona bezala hazteko balio duen ikasgairik eskaintzea! Haurrek ikasi behar duten guztiaren aurrean, ‘zertarako?’ galdera ateratzen zaigu. Gero gizartean kokatzeko eta ekonomi munduan ongi murgiltzeko balio diezaiokeela ikusten bada, bale!, eta bestela, utzi! Baina, pertsona lehiakortasuna baino askoz gehiago izan. Hortxe dago koska!

Asko dira pertsonaren instrumentalizazioa salatzen ari direnak. Pertsonaren garapenaz gehien kezkatzen diren psikologoek alderdi askotatik oihukatzen dute heziera oso baten beharra. Erabilgarritasuna gehiegiz lan­tzeak ez du atarramendu onik. Pertsonak, bere osoan hazteko, alderdi asko landu behar ditu, eta denak ez dira dirua irabaztekoak.

Baina pertsona mutilatuak egin nahi ez baditugu, serio eta sakon aztertu beharko genuke pertsonaren behar nagusiak zeintzuk diren. Kontuan hartzen al dira, makinak erabiltzen jakiteaz gain, pertsonak badituela (umeak ere bai) bere amets sakonak: edertasun-ametsak, justizi nahiak, maitasun-taupadak…?

Pertsonaren barrua zabal irekiko duten bideak landu behar dira. Bizitzaren balio sakonak sumatzeko kapaz den heziera burutu behar da. Apaltasunaren argitan, misterioa sumatzeko kapaz diren pertsona osatuak egin behar ditugu. Eta, batez ere, beren askatasuna bideratzen eta gozatzen jakingo duten pertsonak. Beren barrua irakurtzen jakingo dutenak. Besteen beharrak ikusten eta besteen eskua estutzen dakiten pertsonak.

Jesusek ez zien ordenagailuak manejatzen erakutsi haurrei; baina Espirituzko ukitu gozoa eman zien. Haurren izanbideari zerumuga berriak ireki zizkion. Eta bihotz handi baten besarkada eskaini zien. Haurrek ikas bezate ikasi beharreko guztia, baina ikas bezate pertsona izaten. Ez ditzagun egin umeen ordez makinak!