27. igandea: Segizioa, erabatekoa, erabetekoa

Jesus Jerusalema doa. Erabaki sendoz eta atzera bueltarik ez duen bidetik. Ikasleek ez diote ulertu; baina ulertuko diote, berak ere bide luzea egin behar izan baitu ulertu ahal izateko.

Aitaren borondateak era honetan eta bide honetatik darama bere asmoa. Aitak nahi duen mesianismoa ez da gure moldekoa, ez da txaloz oretzen, ez da ikusgarria. Eta Jesusek ikasi du Aitaren gogoa egiten.

Baina, Jesusen bide horrek zer esan nahi du, zer ondorio dakartza? Eta era askotako adibidez argitzen du Jesusek bide horren muina. Handikeriarik eta jarleku distiratsurik ez; ume batek gizarte hartan zuen azken lekua baizik. Alderdikeria eta taldekeriarik ez; Espirituaren askatasuna aitortzea baizik.

Eta gaurkoan, ezkontzaren adibideaz baliaturik, segizio-bide honen azkenerainoko erabakia adierazten digu. Bide hau erabatekoa eta erabetekoa da.

Horrek zer esan nahi du baina? Nik uste dut gauza bat erabat garbi geratzen ari zaigula: Jesusek dei egiten duenean, ez digu dei egiten agindu baten bidez eta indarrez; maitasunaren eraginez baizik. Eta segizioan maitasunaren dinamikak balio du, ez beste ezerk.

Eta badakigu, noski, maitasunak, bere asmo jatorrikoan, betirako eta neurri gabea izan nahi duela. Neurriak eta mugak aurrez pentsatuta dauzkan maitasuna ez da benetako maitasuna. Maitasunak, bere bokazioz, betirakoa eta neurri gabea nahi du izan.

Zer gertatzen zen ezkontzarekin Jesusen garaian?, edo zer gertatzen da gaur? Maitasunaren hasierako bokazioa, giza bideak halakoxeak izan!, geure neurrietara tolestatzen dugula. Eta Jesusen garaian, emakumeak askorik balio ez zuenean, dena gizonezkoaren mesederako legeztatua zeukaten.

Eta gure garaian, emakumea bere duintasuna berreskuratzen ari denean, beste era batera daukagu legeztatua. Baina, kasu bietan, maitasunaren hasierako bokazioa geure baldintzetara daukagula egokitua.

Eta hori Jesusen bidearen eta segizioaren adibide baldin bada, gauza beretsua gertatzen zaigu: Jesusi jarraitzea ere geure baldintzetara tolestatu dugu. Eta askotan betebehar eta mandamentu batzuetara mugatu dugu. Debozio eta otoitz batzuetara besteetan. Edo ideologia bat babestera zenbaitetan. Edo elizkide izatera.

Baina ez dugu ireki maitasunaren neurrigabeko asmo sakon eta jainkozko batera. Eta orduan, merkealdiak datoz, lasabideak, ulertu beharreko mozketa eta murrizketak.

Baina, Jesusek bere ikasleen segizioa, berea bezalaxe, azken muturreraino luzatu eta zabaldu nahi du. Neurriak eta mugak jartzen dituen erabakia, beste zerbait izango da, baina maitasuna ez. Maitasunak, bere freskotasun ederrean, betikoa eta osoa nahi du izan. Gero gerokoak, noski. Baina, hasierako erabakia beti erabatekoa eta erabetekoa da.

Eta, jakina!, hortik geure neurriko emaitzak eta edertasunak jasoko ditugu edo maitasun betearen emaitza eta edertasunak. Segun zer eta nola bizi dugun, halako betetasuna izango du gure fede-bideak.

Jesusen segizioan ez dago zabarkeriarik. Ez dago erdipurdikeriarik. Bai, batek bekatu egin dezake; baina bekatuari larritasuna kentzeko ezin daitezke neurriak gutxitu. Txarra ez da bekatu egitea; txarra da ez maitatzea. Maitasunari bere gordintasunean eutsiz bekatu egiten duenak, badauka zeri heldua.

Onartu ezinekoa bestea da: dena erdibidera ekartzea, dena relatibizatzea, segizioari pisua kentzea. Dena berdin da; hau edo hura ez dago alde handirik; erlijio bat edo bestea, igualtsu da; Jesus edo Mahoma, halatsu…  Eta gaur egun relatibizazio gutxitzaile hau nahikoa bistan darabilgu.

Jesusen segizioa maitasunaren iturritik sortzen da eta, azken batean, maitasuna da. Maitasunarekin ez dago jolasik.

Maitasuna beti erabatekoa eta erabetekoa da!

26. igandea: Baso bat ur

Gizarteak, eragintasunez funtzionatzeko, egoismoa bultzatu beharra dauka. Etekinik ez dagoen lekuan ez baitago eragintasunik. Esaten denez, edozein arlotan bere ahalegin osoa eskatu nahi bagenio norbaiti, etekin berezia eskaini beharko zaio bere ahaleginaren truke. ‘Truke’ hitzak ederki azaltzen du dinamika hau: nik hainbeste zuri, zuk beste hainbeste  niri. Horrela funtzionatzen dute enpresek, horrela elkarte askok, horrela negozioek. Egoismoa gasolina ona da gizarteari eragiteko.

Horretatik datoz geroko ondorioak. Gizarte hau egoismo askoren borroka-leku bihurtzen dugu. Nork gehiago irabazi. Nor atera irabazle elkarren arteko ‘trukean’. Eta hor lehiakortasun hitza sortu dugu. Gizarteko lehia edo konpetentzia horretarako trebeak izan behar dugu. Gure egoismoak ez du galtzaile atera behar, hori da gu­txieneko baldintza, eta irabazle ateratzeko aukera baldin balu, hobe!

Eta trebetasun horren arabera sortzen dira gizarteko ezberdin(tasunak)keriak. Batzuk oso trebeak dira eta aberastu egiten dira; besteak, berriz, ez dira hain trete eta gutxiagorekin konformatu behar!

Lehiakortasun-borroka horretan, ordea, jatortasunaz eta moraltasunaz eta etikaz eta zintzotasunaz eta gizatasunaz eta hitz egiten dugu. Dena ezin daiteke egoismoaren esku utzi. Dena ezin daiteke lehiakortasunaren legera makurtu. Egoismo gorritan gizartea borroka huts izango litzateke. Eta gure arteko harremanak nolabait gozatu beharrez, egoismoaren eta etikaren arteko oreka ‘sano’ bat osatu dugu. Borrokak ere bere mugak ditu.

Eta azpijokoz edo gezurrez edo iruzurrez jokatzen duena, gaizkiletzat hartzen da. Eta gure gizarte hau egoismoaren eta ‘etika’ horren oreka azalekoan dabil.

Jesusek, baina, ez du bide hori hartu eta ez digu guri bide hori proposatu. Gauzen balioa eta lanaren emaitza ez dira lehiakortasunetik neurtzen, maitasunetik baizik. Dirutan ordain ez daitekeen eragilea proposatzen digu Jesusek, maitasunaren solidaritatea.

Bizitzaren balioa ez dator, Jesusen ikusmolderako, etekina biderkatzeko trebetasunetik; bizitzaren balioa, ezinduei eta txikiei eskaintzen zaien maitasunaren edertasunetik dator. Jesusek dio, maitasuna ez dela sekula santan saririk gabe geldituko.

Jesusen ikuspegi honetan ez dago ‘trukerik’. Maitasuna ez baitago ezerekin trukatzerik. Maitasunari saria agintzen dio Jesusek, ez ordaina. Maitasuna bera da maitasunaren saririk onena. Gure harremanetan ere zenbat konpromiso sortzen dugun geure ‘erregaloekin’! ‘Erregaloak’ egiten ditugu, baina gero truke-ordaina jasotzekotan. Eta ‘trukearen’ zain egiten den erregaloa ez da doanezkoa; beraz, ez da erregaloa. Jesusen hitzetan, doakotasunak poztu behar du fededunen jokamoldea.

Zergatik doakotasuna? Aurrez jaso dugulako saria. Jainkoak aurrez maitatu gaituelako. Jainkoak gure ahuldadean, inolako trukerik gabeko maitasun betea eskaini digulako. Eta maitasunari maitasunez bakarrik eran­tzun dakioke. Jesusen jarraitzailearen jokamolde etikoa ez da ezer irabazteko, jasotakoa eskertzeko baizik. Kristauaren etika ez da sortzen lege batetik, bihotza betetzen dion esker onetik baizik. Hor bideratzen da benetako jarrera jatorra. Hor bideratzen da benetako ‘etika’. Hori da egiazko morala.

Eta horren guztiaren ondorioa da, ‘txikientzat’ eskatzen zaigun maitasuna. Zergatik txikientzat? Ezin digutelako ordaindu. Ez daukatelako ezer ematerik ‘trukean’. Txikiekiko jokamoldean erakusten da egiazko kristau-jarrera, hor erakusten baita doakotasuna. Jesusek ez du, gainera, gauza handi eta harrigarririk eska­tzen. Maitasun-ekintza txikiak, detaileak. Fededun izateak ez du esan nahi heroi izan behar dugunik. Eguneroko maitasunezko gauza txikietan erakusten da maitasuna. Baso bat ur, besterik gabe.

25. igandea: Umeen ordez makinak

Gaurko ebanjelio-zatiak umeen akordura ekarri nau. «Haurtxo hauetako bat hartzen duena». Ikasturte berrirako bidean ikusi ditugu egunotan. Beren motxila handiak hartu eta oporminez eskoletara joan dira. Eta haiek eskolarako bidean ikusteak betiko galderak sorrarazten dizkit barnean: Zer ari gara egiten umeekin?, zertarako prestatu nahi ditugu?, zer ulertzen dugu ‘heziketa’ esaten dugunean? Azkenaldi honetan asko hitz egin da hezkuntzaren garestiaz; baina gutxitxo (aski sekula hitz egiterik balego!), heziketaren edukiez eta moldeez. Trebeak gara bigarren mailakoa lehenengora jasotzen!

Galdera horien azpian, sakonean gizarte-ereduaren arazoa dago. Umeak zertarako prestatu, hura mesedetzen duen gizartea egiten dugu. Eta areago: gizarte-eredua ez ezik, giza proiektua bera dago ezbaian. Azalekoak utzi eta sakon eta luze hitz egin beharko genuke zer nolako gizakia bideratu nahi dugun eta zein den gure ikastetxeetan garatu nahi dugun etorkizuna. Liburuena inportantea da, prezioena ere bai, hizkuntzarena ere bai; baina ume hauekin burutu nahi dugun giza eredua dezentez inportanteagoa da.

Eredu asko izan daitezkeela esango zait, eta bakoitzak ikusi behar duela zer azpimarratu nahi duen. Baina ez dakit ba bakoitzarena ez ote garen gehiegiz orokortzen ari geure ikuspegiz eta bizieraz. Ez dakit bakoitzarena ez ote den ‘jendearen’ unibertsalean urtzen!

Erantzukizun-kontua da: gurasoen erantzukizuna, irakasleena, hezitzaileena… Baina bada hor eztabaidatu beharrekorik! Eztabaidatu zer? Nire iritziz hauxe: gizarteko guztia pertsonaren beharretara egokitu ordez ez ote garen gizakia enpresaren beharretara tolestatzen ari. Gaurko produkzio-kateak zer behar du, hartarako prestatu umetatik jendea!

Zenbat aldetatik ez ote da entzuten hitz gakoa, «lehiakortasuna». Ekonomi eraginak zuzentzen du gizartearen ibilbidea. Eta heziketa ere neurri handi batean bai! Gaur nekez onartuko litzateke (gurasoengandik hasita), ezertarako ez baina pertsona bezala hazteko balio duen ikasgairik eskaintzea! Haurrek ikasi behar duten guztiaren aurrean, ‘zertarako?’ galdera ateratzen zaigu. Gero gizartean kokatzeko eta ekonomi munduan ongi murgiltzeko balio diezaiokeela ikusten bada, bale!, eta bestela, utzi! Baina, pertsona lehiakortasuna baino askoz gehiago izan. Hortxe dago koska!

Asko dira pertsonaren instrumentalizazioa salatzen ari direnak. Pertsonaren garapenaz gehien kezkatzen diren psikologoek alderdi askotatik oihukatzen dute heziera oso baten beharra. Erabilgarritasuna gehiegiz lan­tzeak ez du atarramendu onik. Pertsonak, bere osoan hazteko, alderdi asko landu behar ditu, eta denak ez dira dirua irabaztekoak.

Baina pertsona mutilatuak egin nahi ez baditugu, serio eta sakon aztertu beharko genuke pertsonaren behar nagusiak zeintzuk diren. Kontuan hartzen al dira, makinak erabiltzen jakiteaz gain, pertsonak badituela (umeak ere bai) bere amets sakonak: edertasun-ametsak, justizi nahiak, maitasun-taupadak…?

Pertsonaren barrua zabal irekiko duten bideak landu behar dira. Bizitzaren balio sakonak sumatzeko kapaz den heziera burutu behar da. Apaltasunaren argitan, misterioa sumatzeko kapaz diren pertsona osatuak egin behar ditugu. Eta, batez ere, beren askatasuna bideratzen eta gozatzen jakingo duten pertsonak. Beren barrua irakurtzen jakingo dutenak. Besteen beharrak ikusten eta besteen eskua estutzen dakiten pertsonak.

Jesusek ez zien ordenagailuak manejatzen erakutsi haurrei; baina Espirituzko ukitu gozoa eman zien. Haurren izanbideari zerumuga berriak ireki zizkion. Eta bihotz handi baten besarkada eskaini zien. Haurrek ikas bezate ikasi beharreko guztia, baina ikas bezate pertsona izaten. Ez ditzagun egin umeen ordez makinak!

24. igandea: Herrien desiratua

(24. igandeko ebanjelioa: Mk 8, 27-35)

Bada Jesusen galdera bat, herrien historia eta pertsonen bihotza mendeetan zehar erdiz erdi kezkatu duena: «Ni nor naizela dio jendeak?».

Eta Jesusen ikasle xume haiek han inguruan esaten ziren zurrumurruak jaso eta azaldu zizkioten. Gaur galdera horri erantzun behar izango bagenio, liburu asko eta asko idatzi beharko genituzke. 2000 urte hauetan askok hitz egin dute Jesusi buruz: idazle, pentsalari, artista, kirolari, fededun eta fedegabe.

Txiki-txikitatik gauza berak entzuten ohiturik, zenbaitek pentsatzen du Jesus inor gutxiri inporta zaiola gaur egun; gehienez ere, elizan igandero biltzen garen gutxi batzuei. Baina ez da hori horrela. Nik esango nuke asko eta asko direla galdera horren aurrean jarri direnak. Ba­tzuek ihes egin diote galderari, beste batzuek axolaz hartu dute; ihes egitea ere nolabaiteko erantzuna da. Jesusek nekez uzten du inor erasan gabe.

Alde edo kontra, sinestuz edo sinestu gabe, baina zaila da Jesusi zeharbidetik ihes egitea. Azken batean, Jesus ez baita guregandik kanpoan gelditzen den norbait edo zerbait; giza esperientziaren atal sakonena ukitzen du Jesusek.

Eta askotan, geure gogoz ez baldin bada ere, giza es­pe­ri­en­­tzia sakonenek galdera horren aurrean jartzen gaituzte: «Nor da niretzat Jesus?». Baina hori zergatik da? Zerk eramaten gaitu Jesusen galdera egitera? Txikitatik hartu dugun heziera bakarrik ote da?

André Gide idazle ospetsuak honela idatzi zuen behin: «Neure bihotzari gezurra esaten aspertua nago. Zuregandik ihes egiten nuela uste nuenean, alde guztietan aurkitzen zaitut… Badakit ez dela zu izan ezik beste inor, nire bihotz ase­ezin hau baretu dezakeenik». Hori izango da seguru asko.

Buruaz gauza asko pentsa eta erabaki dezakegu, baina bihotzak bere bideak ditu. Eta, era batera ez bada bestera, azkenean beti bihotzaren eskakizunak bistaratzen zaizkigu. Libre da, noski, Jesusen galderari muzin egitea. Libre da nahi den erako erantzuna ematea. Eta libre da ez erantzutea ere.

Baina, Jesusekiko jarrera zehaztu nahi ez denean, Jesusen galderari ez entzuna egiten zaionean, beste galdera batzuei erantzun behar izaten zaie: zer sentidu dauka sufrimenduak, zer sentidu dauka baldintza gabeko maitasunak (baldintzak jartzen dituena ez baita maitasuna), zer sentidu dauka barka­tzeak, zer sentidu besteen aldeko lanak; zer argi dauka herio­tzak, gaixotasunak; zergatik tristura sakonak, barruko ondoezak. Era askotako galderak sortzen dira. Horiei ere ez entzuna egin?!

Fededunak, bere fedea benetan hartzen duenak, galderaren aurrean zuzen eta zintzo jarri beharra dauka. Zer da bestela beraren fedea? Jesusekiko jarrera horretan jokatzen da kristau izatearen pulamentua.

Erantzuna muga daiteke erlijiozko jarrera hutsera. Erantzuna muga daiteke moral-portaerara. Erantzuna bil daiteke otoitz txiki batean. Edo ohitura batzuetan. Baina, Jesusen galderak beti sakonera jotzen du, ez da azaleko erantzunarekin konformatzen. Pertsona osoa bere sakonenean hartzen duen galdera baita. «Zuretzat nor naiz?». Eta alfer-alferrik da ihes egitea. Bidera datorkizu beti, zeure esperientzia sakonenen eskutik.

Eta batek ikusten du, aitorpen eder batean errenditzea dela onena. Pedrok egin zuena bera: «Zu Mesias zara». Esan nahi baita: «Zuk asetzen nauzu, zuk eraikitzen, zuk pozten, zuk sentiduz edertzen. Zuk ekartzen didazu barrua bere onera».

Eta aitorpenaren haritik, konturatzen zara Jesus dela herriek eta jendeek desiratua. Desiratua delako, batzuentzat maitagarria. Desiratua delako, beste batzuentzat gorrotagarria. Desiratua delako, zenbaitentzat poz-iturri. Desiratua delako, beste zenbaitentzat lehenbailehen ahaztekoa. Desiratua delako, beharrezko elkartasun. Desiratua delako, gizatasun sakonaren­tzat erantzun betea. Maitatua edo gorrotatua, bilatua edo ukatua, besarkatua edo joa.

Baina, beti grinaz desiratua!