Eguberri 2014: Isiltasunean Hitza entzun da!

Jaiotza2(Ebanjelioa: Jn 11-18)

Berriro ere Eguberri dugu. Berriro ere Egun berri, Eguzki berri. Argi berri baten distirak poztu du Belengo gaua, izadiaren iluntasuna. Jaunaren nahiak gozotasunez jantzi du ezinaren laztasuna. Orain dena berri da, de­na argi, dena gozo. Mundu berri baten mezu ustekabeak ukitu gaitu bihotz-barrenean. Bizi-deia egin zaigu, eta bizi gaitezke. Eta bizi-deiak oinarrizko geure bokaziora berbidaltzen gaitu, gizatasunaren bokazio duin eta santura.

Gauaren isiltasunean gertatu da gertatzekoa. Misterioa, izarren giro apalean. Gauaren sakonenari sortu zaio argia bere sabelean. Ezinaren mututasun saminenean erne da Hitza. Gauza guztiek atseden hartzen zuten une itzalian egin du Jainkoak bere lana eta bere egintza. Gizakiok gelditu garenean abiatu da Jainkoa doanezko bere lana egitera. Eguberriz gertatzen zaiguna ez baita gurea edo guk egina, Jainkoarena da, Jainkoak egina. Gizakia isildu denean hitz egin du Jainkoak, Hitz egin da Jainkoa.

Eta orain zer? Orain kreazio berria, «haren bidez egina izan baita guztia». Orain bizia, «Hitzean bai baitzen bizia», «Hitza baitzen bizia». Orain argia, «argiak argi egin baitu ilunpetan».

Eta orain hasi da borroka, argiaren eta ilunpearen arteko borroka. Jainkoari bidea itxi nahi dion ilunaren eta dena berri egin nahi duen Hitzaren arteko borroka. Orain borroka, dena hilarazi nahi duen itxikeriaren eta dena biziarazi nahi duen Hitzaren artean. Borroka, misterioa ezagutarazi nahi digun argiaren eta gure adimenak lokartu nahi dituen gaitzaren artean. Borroka, heriotzaren eta biziaren artean.

Eta borroka honen erdian aurkitzen gara gu. Zer apustu egin nahi dugu? Ilunaren aldeko apustua ala argiaren aldekoa? Geure argi txikiegien lehia galduan ibiliko ote gara, argi handia alde batera utzita? Bizi ustez, heriotzaren aldeko apustua egingo ote dugu, biziarena egin beharrean: geure gauzak, geure kontsumokeria, geure injustizia, geure ustekeriak, geure proiektuak, geure asmo handiak…! Inguruan sortu ditugun pobreenganako begirada zabalik eramango ote dugu ala dena geure arazoetara bilduko ote dugu? Zein da, zeinen aldekoa da gure apustua, nirea eta zurea?

Orain zer, adiskidea? Gauza bat ez genuke ahaztu behar: Jainkoak ahalegin handiegia egin duela guregana hurbiltzeko, bere biziko ahalegina bere argia gure ilunpetan pizteko, heriotzarainoko ahalegina gure heriotzetik bizia ateratzeko. Eta ez genuke Jainkoaren ahalegin hori ezerezean urtzen utzi behar. «Mundura etorri zen eta munduak ez zuen ezagutu». «Bereetara etorri zen eta bereek ez zuten hartu». Jainkoaren maitasunaren eta gure itsukeriaren arteko betiko borroka!

Hala ere, Jaunari ateak irekitzea, Jaunari sartzen uztea, Jaunari bere egintza egiten uztea, ez da gure ahaleginaren emaitza. Maria Jainkoaren Espirituak hartu zuen misterioa gertarazteko. Guregan ere hala da: guk ezin dugu, ez baita gure neurriko gertaera. Hau Jainkoarena da eta Jaunak egin behar du gure sinesmenaren sabel apalean. Jainkoaren Espirituak bere itzalean hartuko gaitu, eta gertatuko da, gertatzekoa gertatuko da!

Orduan, gertatzean, konturatzen zara, gertatu zaizuna ez dela guk espero genezakeena. Gure eguneroko biziera eta ahalegin txikietan gertatzen da, baina gertatzen dena ikaragarri handia da. Gure zatarkerien baldarretan gertatzen da, baina ikaragarri ederra da. Gure ilunpe bekatarian gertatzen da, baina dohain graziazkoa da, dohain paregabea. Gure gizatasun zaurituan gertatzen da, baina hau Jainkoarena da, jainkozkoa da, Jainkoaren egintza sendatzailea da. Belengo haitzuloko aska zikina Jesusen gorputz txikiak edertu zuen bezala, gure bekatua ere Jaunaren presentzia txiki-handiak edertzen du. Gure bekatua ere ederra izateraino!

Etsita? Ez noski! Triste? Ezta pentsatu ere! Frustratua? Zergatik, Jainkoak maitatu baldin bazaitu! Etorkizuna itzalita? Baita zera ere, Jainkoak argi guztiak piztu dituenean! Zer esan ez dakizula, harriturik? Hori bai, iluntasunean Hitza entzun da-ta, dena esan eta egin duen Hitza entzun da-ta!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.