Eguberri. Besoak gorri

JaiotzaAnthony de Mello idazle eta pentsalariak bazuen gauzak ipuin edo parabola bidez adierazteko trebetasun berezia. Horietako bat aipatu nahi nuke, Abenduaren buruan fededunon barne-jarrera aditzera emateko.
«Jesus jaio zen gauean, han inguruko mendietan zebiltzan artzainei jaiotzaren berri pozgarria iritsi zitzaien. Eta haiek pentsatu zuten haurrarengana joan behar zutela, beren erregaloak eramanez. Eta hala hasi zen bakoitza bere opariak prestatzen. Baina artzain haien artean bat oso pobrea zen. Ez zeukan ezer Jesus jaio berriari oparitzeko. Eta pentsatu zuen ez joatea, ezer ez eramatearen lotsaz. Baina beste artzainek joateko eta joateko, eta azkenean, esku-hutsik izanik ere, joatea erabaki zuen. Haurra zegoen lekura iritsi zirenean, poz handiz ikusi zuten haurra Maria amaren besoetan. Eta gogoz hasi ziren beren erregaloak eskaintzen: esnea, gazta… Mariak, harrarentzako erregaloak jasotzeko haurra nonbaiten utzi behar eta, ezer gabe zetorren artzain pobrearen besoetan utzi zuen».
Ez du kontakizun honek ondorioa zehaztu beharrik. Berez mintzo zaigu. Gauzaz beterik gabiltza, eginbeharrez beterik, proiektuz beterik… Okupatuegiak ezer jasotzeko. Oso eginzaleak gara. Eta ez daukagu lekurik Jainkoak egin diguna ulertu eta jasotzeko. Eta era horretan, Eguberritan gauza asko egin ditzakegu eta egingo ditugu; baina ezer gutxi ulertuta geldi gaitezke, ezer jasotzeko lekuaren faltaz. Eta kontua ez da gauza asko egitea, Eguberriko misterio eder eta edertzailea ulertzea baino.
Hortik aurrerakoa bakoitzak zehaztu beharko dugu. Abenduko ariketak besoak husten eta lekua uzten lagundu nahi izan digu. Abenduaren asmoa ez baita gu ontzea edo gure portaera txukuntzea edo guk gehiago errezatzea edo… Abenduaren ametsa, guregan lekua egitea da. Ase ezinak gauza asko pilatzera eramaten gaitu. Gauza asko, eginkizun asko, asmo handiak… eta azken batean bizitza distraitzen eta okupatzen diguten gauzak besterik ez dira. Eta Eguberriko misterioan bada bat, Jesus jaio berria, gure barruko leku osoa behar duena. Belehemeko ostatuetan harentzat lekurik ez zen bezala, guregan ere sarri asko ez da lekurik izaten.
Kontsumismoa dela, jan-edan beharra dela, besteen aurrean maila jakin bat erakutsi beharra dela, sekulako zalaparta bizi dugu. Eta barruko pobreziak ematen duen isiltasun bildua falta dugu. Eta Eguberriz zarata eta builarik franko entzungo dugu, baina barruko soinu isilak galduko ditugu. Barruko beharrraren beso gorrietara itzuli behar genuke, ezer ez dagoen tokian entzun baitaitezke maitasunaren soinu isilak. Hori da Eguberriko mezua jasotzeko bide eta aukera bakarra.
Norbaitek bere bizitza pobre sentitzen badu, hobe. Norbaitek zer egin behar duen ere ez badaki, hobe. Norbaitek bere barruan dena hutsik ikusten badu, nahiz eta horrek ondoeza sortu, hobe. Gure bizitza gorri uzten duten esperientzia guztiak onerako ditugu Eguberritan. Izan ere ez dugu satisfakzioz geure buruari begira gelditzeko poz handirik izango, baina gure esperientzia huts horretan Ama Mariak bere seme Jesus utziko digu. Eta gure bizitzak behar duena horixe da, Jesus.
Poza oso ona da. Familian elkartzearen alaitasuna oso ona. Barrua onez sentitzearen esperientzia, gozoa. Baina onena, pobrezia. Gabon gauean, elkarrekin afaldu aurretik edo elkarrekin afaldu ostean, zer esperientzia ona den une batez isiltasunera biltzea. Eta barruari hitz egiten uztea. Jesus haurraren aurrean jarri eta pobre sentitzea. Gure barruko besoak pobreziaren gorritasunez hutsik ikustea. Gure beso gorrietan misterioaren poza jasoko dugu.
Adiskidea: besoak gorri! Eta zorion Eguberriz!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.