Eguberri: Eguberri guztientzat

Jaiotza2(Igandeko ebanjelioa: Jn 1, 1-18)

Eguberri etortzen zaigunean, beti gauza bera gertatzen zait, ondoezik eta deseroso sentitzen dudala neure barrua. Ematen du ez daukagula geure inguruan behar bezalako baldintzarik, ospatzen dugun festa ospatzeko. Eta beharbada ondo etorriko zaigu ondoez hori sentitzea. Askoz txarragoa eta zitalagoa izango litzateke festaren gainetik ganora gabe eta arinki pasatzea. Behin baino gehiagotan pentsatzen dut, gure Eguberrik, gutxienera jota, tripako mina utzi beharko ligukeela ondorio.

Izan ere, gure Eguberri oso zuzenkontrakoa da. Sekulako festa egiten dugu, sekulako zaratak ateratzen ditugu, sekulako kontsumoa bideratzen dugu… eta horrekin guztiarekin zer? Zerbait ospatzen ari gara? Ala, barrutik sortzen ez zaigun poza beste bideren batetik sortu eta lortu nahian gabiltza? Eguberriri barrua jan diogu eta orain azal hutsa geratu zaigu ospatzeko. Eta azal hutsaren festak pauso motza du.

«Bereetara etorri zen, eta bereek ez zuten o­nar­tu». Eta Eguberriko Jaunari atea itxi zaizkionean, Eguberri horrek pozaren iturria galtzen du. Eta hortik aurrera, direnak eta bi asma di­tzakegu festa sortzeko. Ez alferrik! Iturria ixten denean, ez dago urik.

Nondik letorkioke Eguberriri poza eta festa? Bidea bakarra dela uste dut. Eguberri eskaintzea pobreei. Gure Eguberrik ireki ditzala bere ateak, beharrean dauden guztiek izan dezaten Eguberriko festa. Eguberri guztiengana iristarazten ez dugun bitartean, geuk ere ez dugu Eguberri izango. Geure ingurura begiratu besterik ez daukagu. Zenbat jende arrazoi desberdinengatik sufritzen eta aurrera egin ezinik! Zenbat jende Eguberriko berotik kanpo, kale gorrian hotzak! Kanpoko hotzetik barruko berora leize handiegia dago, hori festabide izateko.

Jesus ez zen munduan jaio etxeko beroan, mendiko hotzetan baino. Gaur ere Jesus ez da jaioko gure festa beroetan, kale gorriko beharraren altzoan baino. Eta gure etxeetako berotasunak utzi eta kaleko hotzetara bildu beharko dugu, baldin eta Eguberri jatorrizkoa gozatu nahi baldin badugu. Eguberrik ez du ametitzen duintasunik eza dakarren ezberdintasunik. Eguberrik Jainkoaren seme-alaba izatearen mezua ekarri digu; baina mezu hori guztientzakoa da. Eta guztientzakoa ez den bitartean, Eguberriri bihotza kentzen ari gara.

Zer egin? Gure etxeak pixka bat hoztuko badira ere, ateak ireki. Gure senide-batzarrari zabalera handiagoa eman, gizon-emakume guztiak senidetzat harturik. Gutxiago jan eta edan, prestatuta daukaguna jende gehiagorekin banatzen dugulako. Eguberri, hitz batean, kalean eta kalekoekin ospatu.

Eta horixe beste biderik ez dago, Eguberri guztientzako fes­ta bihurtzea alegia, gure bizitzak benetako poza eta edertasuna senti ditzan. Askoz gehiago ematen du pobre batek diru guztiek baino. Gure etxera askoz alaitasun gehiago ekarriko du kaleko eskale batek, gure soinu eta gabon-kanta guztiek bai­no. Eguberri zenbat eta zabalagoa, orduan eta alaiagoa izango dela bistako esperientzia da.

Norbaitek hala ez dela uste izango balu, alferrik da eztabaidan hastea. Nahikoa da proba egitea. Esperientziak ez baitira argumentuz demostratzen, esperientzia bera biziaraziz bai­zik. Eta beharbada, batek aitortu berharko luke, oraindik ere benetako Eguberriren esperientzia bizitzeko daukala.

Aurtengoa izan daiteke lehenengoa. Aurtengo Eguberrik za­bal diezaguke gure barrua bete-betean, eta sentiaraz diezaguke Jesusen misterioaren edertasun guzti-guztia. Baina horretarako, gure Eguberrik mugak gainditu beharra dauka, ateak ireki beharra, pozari zabalera berria eman beharra. Gure Eguberrik denentzakoa beharko luke izan, benetako Eguberri izatekotan. Geure buruari begira, geure ongizateaz kezkaturik, kontsumismoaren atzaparretan inolaz ase ezinik, ez dugu onik izango Eguberritan.

«Harengan zen bizia. Eta bizia gizakien argia zen». Hark egin zigun Eguberri, guri bizia bete-betean emanez. Guk ere halaxe egingo dugu, besteei Eguberri eginez. Eguberri guztientzat!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.