Eguberri osteko 2.a: Barrua kanpoan daukagunean

Sua(Igandeko ebanjelioa: Jn 1, 1-18)

Eguberri garaiko bigarren igandeak, gogoetarako edo, hobeto esanda, kontenplaziorako deia ekarri ohi digu berekin. Eguberritan gaude oraindik eta Eguberriko errealitate handi eta aberatsari ezpalak ateratzea da kontua, ez baita berehala agortzekoa bertan eman zaiguna. Munduaren historia hankaz gora jarri duen gertakizunaren aurrean gaude. Eta fededunok behar den denbora hartzen dugu gertakizun horri hausnarrean bueltak emateko.

Barnetasunaren ordua da, barruko ordua, kontenplazioaren ordua. Eguberri bizikizun bihurtzekotan, hori barruan bakarrik bihur baitaiteke. Baina bizi garen gizarte honetan ez gaude oso barrurako. Bizitza kanpotik doakigu. Eta aztertzekoa izango litzateke zergatik gertatzen den hori. Barruan ezer gutxi daukagulako edo barruari beldur diogulako edo zergatik.

Nolanahi ere argi dagoena zera da, bizikizun garrantzizkoak barrutik gertatzen direla. Urarekin gertatzen dena bera gertatzen da: sakoneko urak luze irauten du; baina sakoneko urik ez dagoenean, berahala lehortzen dira azalekoak.

Eta hari horretatik nik esango nuke, gure gizarteari gerta­tzen ari zaion esperientziarik kaltegarrienetakoa, barnetasun-falta dela. Ez dakit barru-falta den edo barnetasun-falta den, hor­txe zalantza. Ez dakit alegia, barru hutsaren arazoa den edo barrura sartzeko gaitasun-falta den. Baina, arrazoi batengatik edo besteagatik barrura sartzen ez garenean, kanpotik bilatu nahi izaten dugu barruan ez daukaguna. Eta amorruz jotzen dugu bazter guztietara: dirua, izena, ospea, lanpostua, kotxea, etxea, kontsumoa, itxura…

Eta hortik dator gero lehiakortasunaren ondorioa. Esandako hori guztia behar denean, honela edo hala besteen gainetik egotea bilatzen dugu, eta horretarako borroka eta lehia egin behar. Eta gizarte borrokalari eta zitala eraiki dugu. Jainkoak, ordea, Eguberritan erakutsi digunez, bestelako bi­dea erabili du. Behera egin du, gizaki eginez. Bere izate osoa, guri esateko «maitasun-hitz» egin du. Eta argi sakon baten misterioa azaldu digu, maitasunaren misterio hondo gabea. Bere argia gure haragi egin du, gure haragiak argia izan dezan.

Eta hor aberasten da gure fedea eta gure gizatasuna. Maitasunezko harreman horrek eramaten gaitu barnetasunaren bakardadera. Bai baitaukagu zer hausnartu eta zer gozatua. Badaukagu zer barneratua. Eta Jainkoak esan digun HITZ handiaren babesean, denbora luzez egon gaitezke, Hitz horren muina eta mezua eta harremana gozatzen eta jasotzen. Jainkoari denbora eta isiltasuna eman behar zaio bere lana egiteko.

Gure etxeetako harremanetan zer falta zaigu? Ez al da harreman sakonerako denbora falta? Gure erlijioso-elkarteetan ez al zaizkigu harremanak aberasteko elkartasun-une eta guneak falta? Gure politikoen artean ez al da elkarrizketan gaiak sakontzeko eta eztabaidatzeko gogoa falta? Eta horretatik datozen ondorioek, jakina denez, pertsona erre egiten dute. Ezin dugu elkar jasan, eta are gutxiago, elkar maitatu. Ezin ditugu bestearen iritziak errespetatu eta onartu. Ez dakigu elkarrekin bizitzen, ez eta elkarren ondoan egoten ere. Barnetasun-faltaz harremana gaiztotu egiten da.

Jainkoak barrura jo du, sakonera. Eta Eguberrik barru eta sakon horren gozamenean eta konpromisoan jarri gaitu. Alde batetik, jaso dugun dohainaz gozatzeko baita Eguberri; baina, bestetik, gozatu duguna geure bizitzarako konpromiso egiteko. Ez dago gozamenik konpromisorik gabe, ezta alderantzizkoa ere. Bestela, berriz, ez dugu erreferentzi gunerik aurkituko gure bizitzan. Sakontasunaren faltan, kanpoko iritzi eta eraginek era­sango digute. Azken batean, ez dugu jakingo zer eta nor garen. Geure nortasunak, inon izatekotan, barruan behar baititu bere zutabeak eta oinarriak.

Harreman pobreak bizi ditugula? Ez diogula bizitzari ino­lako sentidu pozgarririk ikusten? Ez dakigula nola jokatu? Barrua kanpoan daukagunean gertatzen da hori.

Un pensamiento en “Eguberri osteko 2.a: Barrua kanpoan daukagunean

  1. Bai, dagoena dagoena, barruan dago. Kanpokoa laister joaten da. Bitartean Bizitza badoa.
    Ea, aurten betetzen dan “Bizia ekartzera etorri naiz, eta ugari izan dezazuen”.
    Hala opa dizuet denoi.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.