Eguberri osteko 2. igandea

Argia-Liburua(Igandeko ebanjelioa: Jn 1, 1-18)

Garai zalapartatsuak bizi ditugu aspaldian. Informazioaren mundializazioak elaboratu ezin adina jakingarri eskaintzen digu atergabe. Lehen geure inguruko zarata besterik entzuten ez bagenu­en, orain mundu guztikoa entzun beharra daukagu, nahi ala ez nahi. Eta esango nuke, kanpoko hainbeste zarata entzun beharrak geure barruko soinuak estali egiten dizkigula. Eta ez gabiltza ondo. Urduri sentitzen dugu geure barrua, ondoezik. Pertsona izatearen oinarrietara itzuli beharra edo…

Eguberri ondorengo bigarren igande honek geure sustraietara itzularazten gaitu. Geure barrura. Geure arnasbideetara.

Gure mundua ez dago kanpoan, ez dago inongo urrutian. Geure mundua barruan daramagu, eta mundu horri jaramon egin behar diogu. Geure barruaren nahiak eta esperantzak arduraz zaindu behar ditugu; geure barruaren minak eta ezinak gozoz sendatu behar ditugu; geure barruaren nortasunari bere hitza esaten utzi behar diogu; eta, batez ere, geure barruari entzuten, aditzen, ikasi behar dugu.

Eta barruari aditzen ikasita, aurrena barruko hutsuneari entzun behar diogu. Zer adierazten digu barruko hutsuneak? Izatezko hutsunea dela esango nuke, berezko egarria, izate osoa harrapatzen duen hutsune sakona, esistentziala, biziari sakonenean eragiten diona. Zeren egarri gara? Zer behar eta zer falta dugu? Hutsune hori zerekin bete dezakegu? Hutsune hori ase behar al dugu? Hutsune hori ez ote da giza izatearen berezko eta betiko egarria? Ez al gara «egarri»?

Gaurko ebanjelioak emango digu onenean egarri eta hutsune honen giltza. «Egindakoetan ez da ezer hura gabe eginik». Jakina!, Jainkoak beretzat egin baldin bagaitu, nekez aurki daiteke sentidua beretzat egin gaituen harengan izan ezik. Alegia, gaurko gizon eta emakumeok, gaurko gizarteak bere osoan, gure munduak bere globalean, ez ote du Jainkoaren egarria bizi? Egarri horrekin zer egin behar den edo zer ez, hori beste kontua da. Baina egarria hor dago.

Denak ez dira, noski, diagnostiko honekin bat etorriko. Zilegi da hori. Baina, nik hori horrelakotzat onarturik, espiritualtasuna zaindu eta landu beharra azpimarratu nahi nuke. Geure barruko sakonena axolaz hartu behar dugu. Eta landu, gozatu, poztu… Eta horretarako, isiltasuna dugu beharrezko. Zaratak isildu. Sakabanatuta bizitzetik barrura etorri. Sentsazioen azaletik barruaren muinera etorri. Isiltasuna, barruko soinuak aditzeko. Isiltasuna, neure barruaz ohartzera iristeko. Isiltasuna, Jainkoaren presentzia aditzeko.

Eguberrik bere alderdi builoso eta dirdaitsua izan du (Gabon gaua, Eguberri, urte zahar, urte berri…). Gaurko igandeak isiltasunera biltzen gaitu. Emaiogun denbora barruari. Emaiogun aukera barruari. Emaiogun hitza sentimenduari. Hitzak isildu ditzagun, HITZA aditzeko. Zaratak moteldu, Espirituaren hegaldiari antzemateko. Eta Espirituak bere hegoen haize suabez, Hitzaren altxor isila aurkituaraziko digu. Eta orduan, geure barrua baretuko duen maitasuna adituko dugu. Eta maitasuna aditutakoan, dena argitzen da.

Maitasunaren isiltasunetik beste molde batean joango zara eguneroko errealitatera. Maitasunaren isiltasunetik beste gebirada batez begiratuko duzu zeure bizitza. Eguneroko ezinaren zarata minduak ez dizkizu beste hitz gordeak ezkutatuko. Gaixoaldian poza aditzen ikasiko duzu. Bakardadean presentzia aditzen ikasiko duzu. Eta, aditzen hasita, Eguberriko mezu eta presentzia isilean, mundua eraikitzen ari den Hitza adituko duzu. Eta dena oker eta dena gaizki jartzen zaizunean ere, Erreinua eraikitzen ari den Jainkoaren lan azken gabea sumatuko duzu.

Barrua hutsik? Hutsean aditzen da maitasuna. Hutsean egiten du oihartzun maitasunaren ukituak. Hutsean betetzen da amets handiena. Hutsean egiten zaio lekua maitasunari. Isiltasuna aditzen ikasten badugu, Jainkoak beteko gaitu barrutik.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.