Epifania: Bilatu eta galdetu

Erregeak(Igandeko ebanjelioa: Mt 2, 1-12)

Gaur egun garbi daukagu, fededun izatea ez dela erantzun–sail bat argi edukitzea edo bidea egina daukagula uste izatea edo ezer bilatzekorik ez daukagula uste izatea edo zalantzarik ez edukitzea. Hori garai bateko ikuspegia izan zitekeen.

Gaur egun, fededuna galderen arabera definitzen da gehiago, erantzunen arabera baino. Bilatzea, galdetzea, segurantza–jarreretatik ihes egitea, ezinbesteko jarrerak dira fededunarentzat. Dena argitutzat jotzen duena nekez izan daiteke gaur egungo fededun heldu.

Egia da, ez garela oso eroso sentitzen azken gabeko bilaketa horretan. Izan ere, goizero fedearen bide bilatzaileetara esnatu beharra ez da oso samurra eta gustukoa izaten. Askoz nahiago izaten dugu gauzak kontrolatzeko moduan edukitzea. Egin diezazkiguketen galderentzako erantzunak pres­tatuak edukitzea. Zer eta nola egin behar dugun zehaztasun guztiaz erabakia edukitzea. Gauzak objektibatzen amorratuak gara, objektibatu ahala kontrolatzen baititugu.

Baina, fedearen ibilbidean ez dago gauzak objektibatzerik. Fedearen bideetara ateratzen zarenean, beti galdezka atera behar duzu: «Zer nahi duzu, Jauna?» Eta Jaunaren bidearen enkargua hartzen dugunean ere, ez zaizkigu ñabardura guztiak erabakita ematen. Fedearen bidea maitasunezko ausardia ederrean egiten da. Gaurko ebanjelioak azaltzen digun kontakizun sinbolikoan ederki ematen da fededunaren argazkia. Pausoz pauso jarrai dezakegu gure ibilbidea kontakizun horren eskutik.

Hasteko, beti behar izaten da martxan jartzen gaituen «i­zar» bat, argi bat. Era askotan eta toki askotatik etor daiteke abiapuntuko argia: maitasunezko esperientzia bat, nire bizitza deskolokatu duen bizikizun bat, uste gabeko sufrimendu bat, seme edo alaba txiki baten jaiotza…

Kontua da, hasierako esperientzia indartsu horri bidea eskaintzea. Ez dadila geratu bere horretan itota. Pertsonak bere bizitzaren nobedadea salbatu nahi baldin badu, bidera atera­tzeko ausardia behar du. Magoek bezala, «izarrari» jarraitu.

Bide horrek ekarriko ditu bere ilunaldiak. Lehenengo argi nabarmenak ez du betiko irauten. «Izarra ezkutatu» egiten da. Eta, hala ere, aurrera egin behar da. Ematen du bideak galdu ditugula. Ez dakigula nora goazen. Gaizki ote goazen zalantza ere etortzen da.Orduan, galdetu. Galdetu Jainkoari, beraren Hitza irakurri eta hausnartuz. Galdetu beste fededunei, atzokoei (santuei) eta gaurkoei. Bilatu zure bidearen itxura suma dezakeen norbait eta beraren argibidez segi bidean.

Eta argi gabeko edo ilunaldiko une horretan aurrera egiten badugu, berriro ere argia piztuko da, berriro ere azalduko da poza, berriro ere jakingo dugu noren esku gauden. Baina hori ez, sekula ez dugu segurantza beterik izango. Oinarrizko ziurtasuna bai, baina geure lasaigarri izango den se­gurantzarik ez. Kontua ez baita gauzak jakitea, esperientzia bizitzea baizik.

Eta esperientzia guztiek, azkenean, topo egiten dute. Bila­tzen dena aurkitzen da. «Magoek Jesus Haurra aurkitu zuten». Fedearen bideak badu bere saria, sari handia, uste gabekoa, neurtu ezinekoa. Baina, gero zer? Topo egindakoan, bidea utzi? Ez, noski. Magoak berriro ere bidera itzuli ziren beste bide batetik. Bide berriak bilatzen dira. Baina beti martxan segitu behar du fededunak. Fededunak ez dauka aski dela sekula esaterik.

Gaur jende asko omen dabil bila. Era bateko eta besteko esperientzia sakonak bilatzen dira. Baina, zer bilatzen da? Bizi­tza lasaituko digun zerbait? Bidetik irtetea erregalatuko digun zerbait? Bilaketa eta galdeketa aurreratuko digun zerbait?

Hori baldin bada bilatzen dena, hori ez da fededunaren bilaketa eta galdeketa. Fededunak beti bilatzen du, baina beti bidean jarraitzeko. Fededunak galdetu egiten du, ez erantzunak jakiteko, bidea aurkitzeko baizik. Fededunok gertuko sentitzen ditugu bila dabiltzan guztiak. Gaur egungo fededunok bide bera egin nahi dugu bila dabi­l­tzan guztiekin. Bidelagun izango gaituzte. Bilatu eta galdetu.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.