Erramu igandea: Dena isilik dago

Gurutzea izotzetan(Igandeko Ebanjelioa: Mt 26-27) Jesusen Nekaldiko Erramu igandea etorri zaigu eta berriro ere gurutzea jartzen zaigu begien aurrean, eta gurutzean Nazareteko Jesus, mesias omen zena, Jainkoaren Semea, Jainkoa bera. Ohiturakeriak hitz hutsetan geratzera eramango ez bagintu, sekulako eskandalua gertatuko litzaiguke hau horrela esatea. Sinesmena galdu edo, bestela, gauzak beste era batera ikusten hasi beharra daukagu, zalantzarik gabe. Ez baita bere horretan onartzekoa gurutzeak erakusten digun errealitatea.

Gaur Jesusen Nekaldia irakurriko dugu eta, pausoz pauso, gurutzeko eskandaluaren galderak sortzen zaizkigu. Nola esplika daiteke Jainkoak gurutzea aukeratzea bere izatea erakusteko? Zer jainko-mota sinesten dugu, gurutzean ezintasunean hiltzen den honengan? Zer ari gara esan eta esan Jainkoa ahalguztiduna dela, gurutzeko errealitate hau egia baldin bada? Zer egiten du Jainkoak gurutzean eta nola salba gaitzake ezinak gaina era honetan hartu badio?

Jainkoak horrelakoa izan nahi izan du, erantzungo dugu. Zertan gabiltza, orduan, Elizan hainbeste aginte eta doktrina eta itxura eta jantzi eta…? Jainko bera al da gurutzean aitortzen duguna eta guk geure liturgian eta gaurko kristau-ikusmoldean gurtzen duguna? Gurutzearen oinetan pasatzen zen jendeak «barre eta keinuak» egiten omen zizkion Jesusi! Mesias omen zela eta hark salbatu behar omen zuela mundua eta… gurutzean azkenetan! Ez da harritzekoa barre egitea!

Jesusek erakusten duen Jainkoa gurutzeko hori baldin bada, hasi gintezke ondorioak ateratzen. Jainkoa ahula da, ez da ahalguztiduna. Gurutzean ematen zaigun Jainkoa ez da ari komeriak egiten. Benetako ahuldadeak benetan harrapatu du eta benetan josi du ezintasunean. Eta hor, hala dio gure fedeak!, hor benetako Jainkoaren benetako argazkia eman zaigu. Gurutzeko beso zabalduen jesto horretan atera zaio Jainkoari bere argazki bikainena. Jesto horretan ezagutu dugu Jesusen Jainkoa.

Mundua besarkatzeko, zaintiraturaino zabaltzen ditu Jainkoak besoak. Eta behartsu, ezindu, zapaldu guztiei bere maitasunaren besarkada eskaini die, bera bezala sufrimenduaren gurutzean josita daudenei. Gurutzeko jainkozko egoera bihurtu da maitasunaren ezaugarri handien eta zabalena. Gurutze hori, gurutzeko tortura hori, gurutzerainoko maitasun neurrigabe hori bihurtu da munduan gertatu den maitasun handienaren zerbitzu apal eta eder. Gurutzea ken daiteke bizileku publikoetatik, baina gurutze horretan idatzi den maitasuna ez du inork betirako isilduko.

Orain Elizaren bide guztiek maitasun horretara begiratzen dute. Orain pobreen nekaldiak erakutsiko digu non dagoen maitasuna. Orain eliztarrok ez dugu beste biderik: Jainkoaren ohiko argazkiari gainjantzi interesatuak erantzi behar dizkiogu, eta benetako Jainko gurutzekoa bistan jarri. Eta horretatik zerbitzatzen ikasi, eta pobreen ondoan egoten, eta beharrera begiak hurbiltzen, eta geure indarrik onenak zapalduen duintasunerako ematen, ta maitatzen. Bestela gure Eliza ez da izango Jesusena. Jainkoaz hitz egingo dugu, baina geure irudimenaren jainko txikia izango da aipatzen duguna.

Gainean dugun pazko-hirurrenak Jainko honengana eramango gaitu ospakizunaren pedagogia ederrean. Pazkoa da, maitasunaren ordua, zerbitzuaren garaia, Jainkoak gure eskemak eta sasi-irudiak aldatuko dituen une nagusia. Ondo egingo genuke misterioaren sabelera sartuko bagina, eta han Jainkoari maitatzen utziko bagenio. Maitatzen utzi ez geure interesen zarata artean, gurutzeko isiltasun sakonean baizik. Jainkoa gurutzean isildu denean, orduan aditu baita munduan soinurik bikainena, azkenik ez duen maitasunarena.

Zer egiten duen Jainkoak gurutzean? Gu eskandalizatzeraino maitatu! Pobre gurutziltzatuei duintasuna itzuli! Botereak isildu dituen guztiei hitza eman. Isiltasunaren orduak jo du! Dena isilik dago.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.