Erramu igandea: Gurutzeak hitz egin du

Gurutzea izotzetan(Igandeko ebanjelioa: Lk 22, 14–23, 56)

Gurutzearen ordua dugu, maitasun neurrigabearen ordua, barkazioaren ordua, besarkada zabal-estuaren ordua, Jainkoaren ordua. Ordu horrek berekin du beste ordua ere: bakardadearena, saminarena, baztertua izatearena, gaitzarena, infernuarena, bekatuarena, heriotzarena. Ordu handiaren kanpaiak jo du gaur, Erramu igandeko erramu goratzaileen soinutan. Erregea da eta hala aitortzen dugu, baina errege maitasunaren apaltasunean, bere burua entregatuz.

Barkazioaren hitza esaten du Jesusek gurutzean: «Barka iezaiezu». Nola izan liteke barkazio-hitz bihurtzea gaitzaren hitz beltza! Gizakien zapuzketak bere gailurra harrapatzen duen ordua, barkazio ederrenaren ordu eta hitz bihurtzen zaigu. Jesusek bere bizialdian erakutsi digun Aitaren bihotz neurrigabe ona orain azaltzen da bere beteenean. Errukiaren ordua da, onginahiaren ordua.

Biziaren ateak zabaltzeko hitza esaten du Jesusek gurutzean: «Gaur nirekin izango zara». Denok gaude gurutzeko gaizkilearen larru-azalean. Gaitzaren joak zaurituta gaude gu ere. Baina, ezer ez da betiko galdu. Jesus tartean dabilenean, «dena» da posible, eta posible den «dena» hori bizia da, betiko bizia. «Gaur» berri baten izaera berria estreinatu digu Jesusek gurutzetik. Erreinuko ateak betiko zabal irekita utzi dizkigu.

Eta, azkenik, konfiantzaren hitza esanez hiltzen da Jesus: «Zure eskuetan uzten dut bizia». Berriro kontraesana: bakardade ilunenean konfiantza ederrena. Jesusek gaitzaren ordu beltza, konfiantza sakonenaren hitz bihurtu du. Jesusek bai baitaki, bere sinesmen sakonean jakin, Aitak ez duela eskutik utziko. Badaki gaitzaren zauriak kontatuak dituela bere orduak. Gaitzaren orduak azkeneko ordua jo duela gurutze honetan.

Barkazioa, paradisua eta konfiantza, hirurak hots egin ditu Jesusek gurutzearen azken orduan. Hirurak behar ditugu geure ordu pertsonalean, hirurak Elizaren eta gizartearen ordu komunitarioan. Barkazioaren behar aitortu gabe barruan daramagu denok, era batear edo bestera aitortua. Geure kontzientziak hainbeste eta hainbestetan samintzen gaitu! Ez ote da barkaziorik gure barru nekatu honentzat?

Barkazioarekin paradisua. Gure bizitza guztia paradisu bila ibilita, azkenean Jesusen gurutzean paradisua? Zoriona, gizatasun betea, maitasunaren gunea, elkartasuna, beldurrik eza, atsedena… Paradisua! Zenbat bizi eta zenbat indar galdu dugun alferrik zorion bila, herio beteko ahaleginean! Hortxe daukagu, gurutzearen maitasunean! Doan!

Eta konfiantza. Eusten digun konfiantza. Barrutik indartzen gaituen konfiantza. Bizitzan aurrera egiteko argia pizten digun konfiantza. Gauza eta gertaera guztiek beren sentidua dutela erakusten digun konfiantza. Etsipenean erortzen uzten ez digun konfiantza.

Bai, gurutzeak hitz egin du! Eta gurutzeko hitz horretan maitasuna entzun da!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.