Erramu Igandea: Hastera doa

 Gurutzea izotzetan(Igandeko ebanjelioa: Mk 14, 1 – 15, 47)

Garizuma luzearen ostean, Aste Santuan sartzen gara. Eta Aste Santuko lehen egunek Pazko-Hirurrenera eramango gaituzte. Gure fedearen egun nagusietan gaude. Zera bezala da, korrikaldi baterako denbora lu­ze­an prestatu den atleta bezala: prestaera luzea egin du, ariketa gogor eta saiatuak burutu ditu, bere gorputza puntu-puntuan jarri du, eta orain korrikaldiko eguna gertuan sentitzen du. Garizuman, geure barrua eta geure fedea puntu-puntuan jartzen saiatu gara. Eta iritsi zaigu une nagusia. Orain erakutsi behar dugu gure «sasoia».

Pazko-Misterioaren ospakizunean zer ulertu edo jaso behar dugun? Erramu igandeak txukun asko laburbiltzen du Pazko-Hirurreneko ospagaia. Alde batetik, garaipenaren alderdia dago. Gaur Jesusi lagunduko diogu, erramu-adarrak eskuetan hartuta, garaipenaren bideetan. Denok kantu egingo diogu. Bihotz sendatuen oihu alaia entzungo da munduko eliza guztietan. Baina, zer garaipen? Maitasunaren garaipena. Mundu honetan txalotu ohi ditugun garaipen builosoekin ez du zerikusi handirik. Maitasunaren garaipena da.

Eta Pazko-Hirurreneko egia nagusia horixe izango da: Jainkoak maitatu egin gaituela. Azken afaria, Jesusen nekaldi eta heriotza, eta Jesusen piztuera argi­tsua, maitasun erakarleenaren uneak dira. Aste Santuan apenas ezertxo ere uler dezakeen, maitasuna ulertzen ez duenak. Eta maitasuna ulertzeak ez du sekreto gehiegirik: norberaren esperientzia da, barrua hartzen duen esperientzia bete eta ederra. Ideiek eta hitzek eta irakaspenek eta ez dute asko balio. Maitasuna «gertatu» egiten baita. Ez da guk sor genezakeen zerbait!

Beraz, maitasunaren garaipena baldin bada, erraz ulertzen da Aste Santuaren bigarren alderdia, nekaldiarena. Garaipena nekaldian erakusten du Jesusek. Maitasuna ez da indarrez erakusten. Maitasuna ez da zapalduz erakusten. Maitasuna bizia emanez erakusten da. Horregatik, gaur bertan, Erramuen elizjira egin eta berehala, nekaldiko kontakizuna irakurriko dugu luze. Maitasuna odolez idazten da. Maitasuna isilez idazten da. Maitasunak ez du argibide askoren beharrik. Maitasuna maitasunez ulertzen da!

Nekaldikoan ez gara ari, nire ustez, saminaren eta gaitzaren neurriak ikusten. Egia da, onartu nahi ezaren gogorkeria ikaragarria dela. Egia da, juduen itxikeria eta itsukeria zitala dela. Egia da, gaitzaren indarrak neurri handiak hartzen dituela. Baina, Nekaldiaren neurriak handiegiak dira horiek erakusteko. Nekaldia ez da gaitzaren neurrikoa.

Nekaldia maitasunaren neurrikoa da. Fedearen bideak maitasunaren esperientzian irekitzen baldin badira, aukera ederra daukagu Pazko-Hirurrenean fedeari bide berriak urratzeko. Nekaldia maitasunaren historia baita. Maitasun bete eta neurrigabeko baten historia. Gizadia barrutik berritzen duen historia. Gizakion barruko izan-nahia sakonetik asetzen duen maitasun-gertaera. Eta gizakion zoriari hainbesteko erantzun betea ematen baldin bazaio nekaldikoan, ez da batere harritzekoa maitasuna garaipenarekin lotzea. Maitasunaren une betean gaudelako, garaipenaren une nagusian gaude.

Fededunon bihotzak egun handiaren bezperak sortzen duen egonezinez daude. Garizuma luzean prestatu duguna badator. Orain eman behar dugu geure neurri ona. Bizitzera goazen esperientzia, benetan bikaina da. Aste Santuak merezi du erantzukizunez hartzea. Merezi du maitasuna bizitzea. Hainbeste egunez prestaera egin eta orain une nagusiari paso ematea ez litzateke ulertzen erraza izango. Momentu hunkigarriak eta gizaegileak dauzkagu aurrean. Gure fedeari oinarri eta izanbide berriak eman zaizkion momentu nagusiak dira. Maitasunaren garaipen betea txalotu eta eskertzeko egunak dira. Bost asteko garizuma luzearen ostean, etorri da fededunon «aste nagusia». Hastera doa!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.