Erramu igandea: Jainkoak horrela maitatzen du

Gurutzea izotzetan(Igandeko ebanjelioa: Lk 22, 14 – 23, 56)
Berriro ere iritsi gara garai nagusira. Erramu Igandeko Nekaldiarekin maitasunaren bide sakon eta argizkoetan sartzen gara. Hortik aurrera ospatuko dugun guztia maitasunaren argazkia eta historia baita, ezer baldin bada. Garizumak eman digun bihotz berriak maitasun horren taupadak sentituko ditu, maitasunaren lehen unera etorri balitz bezala. «Lehenengo aldiz» biziko dugu betiko maitasuna. Beti berria izan Jainkoaren maitasun neurrigabea!
Erramu Igandeak Jainkoaren maitasunaren alderdi biak erakusten dizkigu: maitasunaren garaipen apala eta maitasunaren nekaldi aintzatsua. Kontraesan handi baten sabelean sartzen gara, izan ere. Jesusek asto apalaren gainean erakusten duen garaipena, benetako garaipena da bere apalean. Maitasunak ez baitu buila eta zarata handirik behar. Maitasunak beti irabazten du gizakiaren bihotza. Inposiziorik gabe, gogorkeriarik gabe, askatasuna errespetatuz eta indartuz… Maitasunaren dinamika garailea!
Eta erramu-adarren garaipenetik gurutzeko nekaldira pasako gara. Eta batek esango luke maitasunarenak egin duela dena neke eta dena odol ikusten den koadro horren aurrean. Hainbesterainoko nekeak ez du sentidurik. Hainbesterainoko beheraldiak ezin dezake izan ezer positiborik. Baina, bai! Jesusen nekaldia aintzaz betea dator, maitasunaren edertasunez argitua. Kasu honetan ere, maitasuna baita hainbesteko nekea onartzen duena. Gurekiko maitasuna. Eta maitasunak, positiboa izateaz gain, dena positibo bihurtzen du.
Aste Santuak, bere osoan, barnean utz diezagukeen sentipen edo oihartzunik onena, zera esan ahal izatea izango litzateke: «Horrela maitatzen du Jesusen Jainkoak!». Ez gara ibiliko elizkizun sueltoak egiten, egun inportante hauekin egoki kunplitu nahi bagenu bezala. Ez gara ibiliko otoitz bereziak egiten, geure burua zintzo ikusi nahi izango bagenu bezala. Aste Santua ez da on eta zintzo sentitzeko! Astea Santua, maitasunaren dardaratan ondo sentitzeko da. Maitasunaren harridura eta dardara erregalatzen zaizkigu, Jesusen amodiozko Nekaldian.
Askotan ibiltzen gara geure artean aipatzen, Jainkoaren nolako irudia ote daukagun. Urteetan ezagutu izan dugun Jainko hark nolako arrastoak utzi ote dizkigun barruan markatuta. Jesusen Jainkoaren ordez, bestelako Jainkoa ezagutu izan dugula… Ba, begira: Jesusen Jainkoa inoiz eta ezertan ezagutzekotan, Aste Santuko ospakizun eder eta betean ezagutuko dugu. Hortxe erakusten zaigu, bere distiran eta bere onenean, Jainkoaren bihotz aitazkoa. Pazko-hiruurrena da Jainkoaren argazki onena eta adierazgarriena!
Nola ospatu, beraz, Erramu Igandetik Pazkora bidean emango zaigun esperientzia? Nola jokatu? Zer egin? Zer egingo dugu ba! Begiratu, ikusteko. Ikusi, barneratzeko. Barneratu, gozatzeko. Gozatu, sinesteko. Sinetsi, eskertzeko. Eskertu, izateko! Ez dago ezer berezirik egin beharrik. Bihotzari libre utzi. Hegorik ez moztu barruari. Ausartu, hainbesteko maitasunaren aurrean biluzi jartzen. Utzi Jainkoari maitatzen. Utzi maitasunari gure eskema finkoak apurtzen, eta berri izan.
Eta beste gauza bat ere egin behar dugu: Maitasunaren garaipen neketsu horretatik munduari begiratu. Aste Santuko edertasun guztia ez baita fededunok geure esparru estuan goza dezagun. Aste Santua munduarentzat da, gizon-emakume guztientzat. Fededunok egin behar duguna da, pertsonak eta gizartea gurutzeko maitasun libretik irakurri. Zer esan du Jainkoak gizon eta emakume bakoitzaz? Gure biktimismoak alde batera laga; gure begirada beltzak argitu; zoritxarren porofeta izateari utzi…, eta maitasunaren begi askatzailez begiratu. Jainkoak maitasunaren onez ikusi baitu mundua. Jainkoak horrela maitatzen du!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.