Familia Santua: Eguberri bihotzera mintzo zaigu

Jaiotza(Igandeko ebanjelioa: Lk 2, 22-40)

Etorri da espero genuen eguna. Elkartu gara eta Gabon gaueko festa egin dugu. Eguberri eguna ere igaro dugu. Dena festaz, dena jan-edanez, dena famili giroan. Eguneroko bizitzak erakusten dizkigun zailtasun eta ezinak alde batera utzi nahi izan ditugu eta eguneroko neurriak hautsi ditugu. Gure sesio eta konpondu-ezinak ahaztu egin nahi izan ditugu une batez eta elkarri «zorion!» esan diogu. Egun batez sikira pozik bizi garela erakutsi nahi izan dugu, horrekin gure tristurak baztertuz. Zeharka begiratu ohi diogun zenbaiti gaur begietara begiratu diogu eta harengan ere pertsona maitagarri bat ikusi nahi izan dugu.

Hori dena ongi dago. Gure festa-nahi hori pixka bat eragozten diguna zera da: gaur, igandez, familiaren errealitatea jartzen zaigula aurrean. Eta, demontre!, nola uztartu Gabonetako maitasun-ilusioa eta familiaren eguneroko errealitate astuna?

Izan ere, Gabon gaueko festatik etxera etorri baikinen. Orduko festatik eguneroko aurpegietara itzuli gara. Orduko zoriondu beharretik elkar eraman ezinera bueltatu gara. Eta errealitatea gogorra da: ilusioa handia den adinakoa da errealitatearen kaxkarkeria. Orduan Eguberri zertarako?, galdetzen dizu zenbaitek. Azkenean gezur hutsa dela, esaten dizu. Itxura handiak, baina dena gezurrezkoa dela.

Elkarrekin biltzen garela festakeria goxoak antolatuz, baina ezin dugula elkar ikusi. Alde batetik ilusio handiak erakutsi eta, bestetik, gure barrutik sortzen zaizkigun inbidia eta eraman-ezin motzak gailentzen zaizkigula. Kontraste latzegiak dira hauek denak, bai. Azken batean, Eguberri ez ote dugun gure frustrazioen mozorro bihurtzen. Sekula lortuko ez ditugun ametsak ez ote ditugun Eguberriz irudikatu nahi izaten!

Eguberri ospatu eta berehala Familia Santuaren jaia ospatzeak badu mezua. Mezu ederra, zinez! Eguberriko mezua da familiaren oinarria. Eguberrik aldarrikatzen du familiaren zutabea: Jainkoa gure familiako egin zaigula! Eta, beraz, familian bestelako elkartasuna sortu da. Familiari uste ez genuen oinarria eman zaio, Jainkoaren maitasunarena! Jainkoaren maitasunetik ikasten da pertsonei bihotzetik begiratzen. Eguberriko maitasunetik ikasten dugu pertsonei barrura begiratzen eta haien barruko egia ikusten. Benetan, Eguberri bihotzera mintzo zaigu!

Eta bihotzera, gure usteak gainditzen dituen ilusioa sartzen digu Eguberrik. Jainkoak gizakiarekin egin duen elkartasun hori guk ere egin dezakegu elkarrekin. Azaletik eta itxuratik begiratu eta harremanetan jarri ordez, barrutik eta egiaren mailan begiratu dieziokegu elkarri. Eta gure harremanak «bestelakoak» izan daitezke, maitasunezkoak. Eta hori dena ez amets hutsetan, beti amets geratuko zaizkigun ilusio-behar gezurrezkoetan. Hori dena eguneroko gure biziera txiki eta arruntean.

Gaur Maria eta Jose, beren haurra besoetan hartuta, legea betetzen ikusten ditugunean eta Mariari bizitzarako sufrimendua agintzen zaionean, ederki asko ikus dezakegu, Jainkoaren asmoak ez direla ilusiozko goxokerietan betetzen, eguneroko bizitzaren errealitate latzean baizik. Eguberri eguneroko sufrimenduarekin lo­tzen ez bada, dena gezurra da Eguberriz. Eguberriko hitz ederrak eguneroko kaxkarkeria ahazteko bakarrik baldin badira, hitz hutsak dira. Gure besarkadek egiazko barkazioa ez badaramate beren barruan, gure besarkadak imintzio hutsak dira.

Utz diezaiogun Eguberriri nor bakoitzaren bihotzera hitz egiten. Utz diezaiogun Eguberriri gure familien errealitate txiki eta garraztuari hitz egiten. Utz diezaiogun Eguberriri gure harremanak sendatzen. Ez dezagun Eguberri gure azalkerien estalkiz tapatu. Eguberrik poztu dezala gure errealitate txikia. Eguberrik erakuts diezagula geure errealitatea maitatzen. Bai, Eguberri bihotzera mintzo zaigu!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.