Garizuma 1: Daratuluaren parabola

Sua(Igandeko ebanjelioa: Lk 4, 1-13)
Berriro ere hausterre egunak Garizuman utzi gaitu. Sakabanaketa guztien bide galduetatik Pazko-bidearen hasierara bildu gaitu. Eta guztioi leialtasun galduen bihotzera dei egiten digun turutak jo du ozen. Eta he­men gaude, konbokatuak eta bilduak, Garizumako eskolan. Zertarako?, zer egiteko, alegia? Betikoari betiko buelta beti bezala emateko? Ez du merezi!
Garizuma hau aurrerapauso bihurtzeko gai ez bagara, gure kristau-fedeak bere sormena galdu duen seinalea da. Zenbaiti dena errepikapena iruditzen zaio eliz bizieran; eta irudipen hutsa balitz, tira! Baina, zoritxarrez askotan askorentzat dena betikoaren errepikapen bihurtzen da. Joan zen urteko gauza bera. Orain bi edo hiru edo lau edo… urteko gauza bera. Eta aspertuko ez dira ba! Fedearen asperduraren edo errepikapenaren errezeloa sortzen denean, kontuz!
Baina nola izan daiteke aurtengo Garizuma berri, orain hiru urteko irakurgai berak eta liturgia bera eta ospakizun berberak erabiltzekotan? Galdera horren aurrean, daratuluaren parabolaz erantzun ohi dut. Zuk daratulua hartu eta zulo bat egiteari ekiten diozunean, zuloa egiteko beti toki berean eman behar dizkiozu bueltak daratuluari. Baina buelta bakoitzak alor berriak hartzen ditu. Buelta berbera errepikatzen duzu beti; baina sakontasun berria hartzen du buelta bakoitzean. Leku berean, jira bera eta jira bakoitza nobedadezkoa! Daratuluaren parabola!
Hortik aurrerakoa norberak ikusi behar du. Jakina!, betikoa beti bezala, toki berean jira-bueltan gertarazten baduzu, hor ez dago berritasuna espero izateko arrazoirik.
Adibide bat jartzeko: Gipuzkoako Elizak bakegintza har­tzen du Garizumarako gogoetagai. Gure esku dago, guztion esku, betiko gauzak beti bezala esan eta entzutea. Bakegintzari ez al diogu ia ezer berririk espero? Nik ez al dut nobedaderik sortu behar alor honetan, herriari bakearen gozamen pixka bat eskaintzeko? Hori gauza oso tristea da! Nondik harrapatu gaitu, ordea, behi eroen antzera, sena galtzera ekarri gaituen gaitz honek? Pentsatzen dut, Jesusi aurrean jarri zitzaizkion tentaldiak ez ote zaizkigun guri ere jar­tzen; eta Jesusek garaitu bazituen, gu ez ote gaituzten tentaldiek garaitzen.
Nik espero baldin badut gogorkeriaren harria berez bakezko ogi gozo bihurtzea, mirari erraz baten bidez, ez naiz urrutira joango. Bakeaz hitz egin, baina agintearen eta boterearen bila baldin bagabiltza ondoezik, hortik jai dauka gure bakegintzak. Edo gure fedearen Jainkoa gogorkeriaren arazoa konpontzeko erabili nahi baldin badugu, gure nahietara tolestatuz, hortik ez dago atarramentu onik.
Gero aspertu egiten omen gara. Dena berdina omen da beti. Kristautasunari gizartea berritzeko indarra falta omen zaio. Kristau-sinesmenak ez omen du zoriontsu bizitzeko bide onik urratzen. Kristautasunean dena jakina eta ezaguna omen da. Biak nahi genituzke uztarri berean lotuak, geure nahiak eta bakea. Edo dena aitortzen ausartuko bagina, zera esan beharko genuke: bakea geure interesen eta irabazien zerbitzura lotu nahi genuke. Bakea bai, baina guk nahi dugun bidetik eta guk nahi dugun bezalakoa. Bakea edo bakerik eza (berdintsu biak!), neure agintea eta indarra ugaltzeko bidetzat dauzkat.
Jesusek eta kristauen Garizumak bestelako bidea proposa­tzen du, noski. Gure kristautasuna nobedadez bizi nahi badugu, bakegintzari ere emaitza berriak lortu nahi badizkiogu, geure planteamenduetatik abiatu behar dugu: bakeaz hitz egiten dudanean, zertaz ari naiz?, benetan ari al naiz?, neure erantzukizunaz galdetzen al dut?, ala beti besteengandik espero dut bakea? Ez da harritzekoa jende asko aspertuta eta kokoteraino eginda egotea! Ez da harritzekoa, fededun askok Garizumatik ezer berririk ez espero izatea! Dena ezaguna dute! Dena zaharra! Ai, daratuluaren parabola!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.