Garizuma 2: Tabor bat, mesedez

Argitasun handia(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 28b-36)
Gaur, lantxo hau idazteko ebanjelioko zatiari begiratu diodanean, bihotza jaso didan ametsa iruditu zait. Gure bizitzaren pisu astuna eramangaitz sentitzen dugunean; etsipenak bihotzean indarra hartzen digunean; inoiz, ezertxo ere ez ulertzeko une ilunean aurkitzen garenean; justu ezer gutxiri sentidurik ikusten zaionean; justu orduan (beharbada gaur), Jesus bere ikasleekin Tabor mendian ikusten dugu. Taborren, argitan, dirdaitsu, libre, bere zoriaren jabe. Eta berehala sentitzen dugu Tabor baten beharra gure bizitza etsian.
Jesusek izan zituen bere iluntasunak eta bere argitu beharrak. Ez zuen bidea beti argi ikusi. Behin baino gehiagotan zauritu zuen barrutik etorkizunarekiko galderak. Nondik jo behar zuen? Nondik eta nola azaldu behar zion bere herri hari benetako askatasun-bidea? Zein moldetako mesiastasuna burutu behar zuen? Ondoan zeuzkan ikasleek eta inguruko jende gehienak zeinu handiak espero zituen beragandik. Mesiastasun bortitz eta erabakitzailea. Etsaiak suntsitu eta denak harrituko zituen jokamoldeak espero zizkion ingurune osoak. Berak bide hori onartu behar al zuen?
Gaurko ebanjelioak mendira darama Jesus, Aitarengana. Han Aitarekiko harremanean argitzen zituen Jesusek bere bidearen norakoak. Otoitzean Aitarekin hitz egiten zuen, eta bere barruan argi ikusten zituen gauzak. Hasierako ilunpea eta ulertu ezina, argitasun bihurtzen zitzaizkion. Eta gaurko ebanjelioak adierazten digunez, gauzak oso argi ikusten zituen. Dena argi eta garbi azaltzen da. Eta Jesusek inolako okerbiderik gabe betetzen du bere eginkizuna.
Pedrok eta haren lagunek ez dute ezer asko ulertzen. Ez dakite zer ari den gertatzen. Zerbait berezia ikusi diote Jesusi. Aitarekin hitz egitetik datorren argi berezi hori sumatu dute. Eta argi horretan beren bizitza seguru eta gozo sentitzen dute.
Zertarako jaitsi berriro istiluetara? Zertarako berriro ere jendeari kontra egin? Zergatik ez gelditu behin betiko argitasun eta segurantza honetan? Jesusentzat, ordea, segurantzak ez dira behin betikoak; egunero berritu beharrekoak baino. Eta Jesusek ongi daki, argitasun hori eguneroko iluntasunera eraman behar duena, han bete behar baitu bere egitekoa.
Une honetan, beharbada, iluntasun handia bizi dezaket nire barruan. Bizitza nora doakit? Zertan nabil? Zer ari zait gertatzen? Beharbada, bizimodu hau madarikatzea da: batek hau egin duela, besteak bestea esan duela, harunzkoaren errua dela… Eta, azkenean, zer? Ilunpea edaten bizi behar al dugu beti? Beti erruaren zigorra sufritzen? Hau al da gure zoria?
Fededunok behintzat, Jesus bezala, mendira igo behar ge­nu­ke. Argia nondik sumatuko, stop egin behar genuke. Aitarekin hizketatu, ea norabideak argitzen asmatzen dugun. Mendira igo, errealitateari ihes egiteko? Ez, ez! Perspektiba pixka bat hartzeko. Gauzak bihotz baretuaren begiradaz begiratzeko. Jokabideak argitzeko.
Badakit, mendian geratzeko gogoa ematen duena. Pedrok bezala, gustura egingo genukeela geuretzako txabola bat, errealitate ilunari ihes egiteko. Baina, benetako otoitzak ez du uzten hori egiten. Benetako Garizumak errealitatea bere horretan jaso eta berritzera eramaten gaitu. Eta hori da kontua. Errealitatearen beltzak eta errealitatearen gertutasun egunerokoak ez baitigu gauzak ikusten uzten.
Zaila dela oraintxe bertan gure bizitzan itxaropena izatea? Zaila dela etorkizunari ilusio sanoz begiratzea? Zaila da, seguru; ongi ezagutzen baititugu geure muga eta ezintasunak. Eguneroko jarduera estuan eta eguneroko etsipen-zaurien artean, zaila da pazko-argia han urrutian sumatzea. Baina, argi horretan jokatzen dugu gure giza duintasuna eta gure etorkizuna. Horregatik eskatzen dut gaur Tabor bat, mesedez!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.