Garizuma 3: Besteen gaitzaren kuxkuxean

la foto(Igandeko ebanjelioa: Lk 13, 1-9)
Badira, bai, beti besteek egindako gaitzaren kuxkuxean bizi direnak. Eguneroko biziera arruntean ez dute nonbait, beren kritika-jardunerako motibo aski bilatzen, eta handik eta hemendik zelatari dabiltza, nork zer egiten duen kuxkuxean; eta, batez ere, nork zer gaizki egiten duen kuxkuxean. Eta horrela saiatuz gero, beti aurkitzen da zerbait kritikagarria eta, aurkitzen ez bada, asmatzea ere ez da zaila. Eta horretantxe, kaka nahasten, gustura! Horrelakoentzat oinarrizko teoria garbi dago: beraiek dena ongi egiten dute eta besteek dena gaizki! Biba!
Baina garbi esan behar da, inor ez dagoela errugabetasunaren bizkarrera jasoa, goitik behera besteak epai­tzeko. Ez da aski besteek egiten dutena kritikaz jipoitzea, geu gaitzetik aparte dagoen barruti neutral batean kokatuz. Ez da arrazoizkoa, gaitzaren erantzukizun guztia besteei egoztea. Denok gara errudun, inor izatekotan. Eta gure munduak erakusten dituen gaitz nabarmenetan denok hartzen dugu parte, eta parte handia sarritan. Kritika beharrezkoa da, gaitzak konpontzeko; baina kritika autokritika bihurtzea ere oso sanoa izaten da, osasungarria.
Besteen egintzen kritika ezin daiteke geure burua garbitzeko lasaigarritzat hartu, gaitz osoa beste batzuek egingo balute bezala. Jesusek gaurko ebanjelio-zatian egiten duen galdera gaurkotu eta geuretu genezake: «Zer uste duzue, Kosovoko jendea zuek baino gaiztoagoa dela, sufritzen ari direna sufritzeko? Edo Afrikako herri askotako jendea zuek baino gaiztoagoa dela, nozitzen duten beharra eta gosea nozitzeko?». Ezin dezakegu gure bizitza alferrikako kritika hutsalean eman, gaiztoen eta zintzoen arteko arrastoa geure gustura markatuz.
Zorionez, fededunon Garizumak denoi erakusten digu nolako partehartzea daukagun gaizkigintzan, eta nola denok gauden bihotz-berritu beharrean. Ezin gaitezke besteen gaitzen salaketan babestu, geure burua aldatu eta berritu beharrik ez izateko. Garizumak ez digu ihesbiderik uzten.
Kontua da, ea zer esan nahi duen bakoitzarentzat bihotz-berritzeak. Bizigune berriak eta zibilizazio berria eraiki nahi baditugu, geure biziera aldatu beharra daukagula uste dut. Gizartean ezarri ditugun jokalegeak bidezkoak diren ala ez aztertu beharko dugu. Ontzat emanak dauzkagun portaera askok zuzengabekeria sortu baldin badu eta mundu zatitua egitera eraman baldin bagaitu, aldatu beharraz jabetu beharko dugu. Eta balio berriak bideratu. Gizarteari oinarri eta izanbide berriak emango dizkioten balio berriak bideratu.
Esate baterako, ongizatea daukagu gizarteko lege nagusi­tzat jarria. Eta ongizatea amorruz bilatzeak zer dakar? Zertan dira gure zorion-usteak? Bete al dira etorkizun zoragarri baten ametsak? «Bihotz­-berritzen ez bazarete, guztiok galduko zarete». Parabolako gizonak bezala guk ere gure bizitzaren pikondora hurbildu beharko genuke, eta begiratu zer fruitu eman dugun. Eta daramagun bideek inolako onurarik sortzen ez badigute, goazen bidetik gure zorion-nahiak aurrerabiderik ez badu, gure gizartearen zatiketa gaiztoa murriztu ordez ugaltzen ari baldin bagara, zerbait aldatu beharko dugu.
Ezin gaitezke frakasoarekin eta balio gabeko balioekin hain leialak izan. Hori tontoarena egitea da, gutxienera jota ere! Jainkoak, eta Garizumaren mezu ederra da hau, pazientzia azkengabea du. Jainkoak ez dauka presarik. Baina geuk eduki beharko genuke presa pixka bat. Denbora gehiegi daramagu geure bizitzaren pikondora etorri eta inolako fruiturik jaso gabe; eta bizitza laburra da alferrik galtzeko!
Beraz, bakoitzak badaukagu gaitzik franko geure baratzeko zuhaitzean, besteen baratzera begiratu eta kritika puskatzailean ibiltzeko. Kuxkuxean ibiltzea jolas gustagarria iruditzen baldin bazaigu, badaukagu geure baratzan zer «kuxkuxatua». Eta ez ibili zelatari eta epaile besteen gaitzaren kuxkuxean!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.