Garizuma 4: Aitarengandik Aitarengana

Semea1(Igandeko ebanjelioa: Lk 15, 1-3.11-32)

Aita errukitsuaren parabola, San Lukasen Ebanjelioko borobilenetakoa dela esatea ez da gehiegi esatea, nire ustez. Seme bien jokaera eta sikologia eta aitaren errukizko zabaltasuna maisuki agertzen dizkigu. Guretako bakoitzaren historia darama bere barnean pasadizo honek.

Seme gazteak etxetik alde egin du. Gizaki modernoaren argazkia izan daiteke hemen ematen zaiguna: aitaren etxearekin dituen lokarriak eten egin behar ditu, legearekiko lotura hautsi egin behar, bere buruaren jabe egiteko, autonomiaren maila heldura iristeko. Seguru asko, eman beharreko pausoa, bere aitarekiko harremana bere onean kokatu nahi badu. Edo, beharbada, askatasunaren harrokeria erakusten duen jarrera ote da?

Dena den, Jesusek kontakizun honekin arazoaren muina jotzen du: gizakia Aitarengandik dator eta Aitarengana itzuli behar du. Tartean era askotako bideak egin daitezke, hori ez da garrantzizkoena. Lizunkeria eta biziera alegrea bilatzen zuela seme gazteak? Autonomia lortzea? Inorekiko lotura eta menpetasunik ez edukitzea? Kontua da, azkenean Aitarengana itzultzen dela!

Baina noiz itzultzen da? Bere kolkorako honako gogoeta hau egiten duenean: lehenengo maitasunak beti leial eta irekia irauten duela! Inolako baldintzarik gabe zain daukala lehenengo maitasuna. Ihes egiteko utzi zuen maitasun hura, berriro besarkatzeko prest daukala. Gogoeta horretara iritsitakoan, itzulera prestatua gelditzen da besterik gabe.

Eta hementxe ulertzen da ederki asko bi semeen ezberdintasuna: seme gaztea urrutiratu egin da, eta maitasuna galdu duenean, orduan ulertu du maitasunaren alderdirik ederrena, merezi gabe jasotzen duen maitasun oinarrizkoa duela. Seme zaharrenak, berriz, ez du ihes egin; eta, bere leialtasunez, aitaren maitasuna erosia dauka, lotua, eta ez du sekula santan maitasun horren muina ulertuko. Ez du inoiz lehenengo maitasunak sortzen duen festa ulertuko eta onartuko. Maitasun lotu eta erosia, ez da dagoeneko maitasun!

Jesusek behintzat seme gaztearen aukera onartzen du. Jesusek ez du egiten seme gazte horren jokalegearen baloraziorik, ez baita hori azaldu nahi duena. Baina, Jesusen esanetan, seme gazte horrek ulertu du maitasuna. Seme gazte horrek ulertu du nola jokatu behar den maitasunarekin. Ulertu du esker onez eta merezi gabean bakarrik bizi daitekeela maitasunaren festa.

Seme zaharrenak, berriz, ez du ezer ulertzen. Bere zintzotasunak begiak itsutzen dizkio. Urteetako bere leialtasunari begira bizi da. Eta bere sudur-puntatik harutzago ez du ezertxo ere ikusten. Bere leialtasuna harrokeria bihurtu zaio. Bekatariaren eskarmentu sanoa falta zaionari, bere zintzotasuna bihurtzen zaio bere harrokeria eta bekatu. Eta bekatu honek irtenbide zaila du. Ez du atarramentu onik.

Lehenengo maitasuna aipatu dut behin baino gehiagotan. Maitasun guztien iturria da. Bigarren maitasun guztiak sortarazten dituen maitasun iturburukoa da. Esker ona, askatasuna, poza eta harridura sortzen dituen aitaren maitasun beroa da.

Ezagutzen al duzu Rembrandt margolari handiaren pintura-koadroa? Zein eder eta bero agertzen duen aita-semeen besarkada! Garizuma aukera ederra da, badakizu zertarako?, Rembradt-en koadroa aurrean jarri eta Aitaren maitasun lehenengoa ezagutu eta barneratzeko. Maitasun horretan sendatzen baitira bihotz guztiak. Maitasun horretan askatzen dira itxitura guztiak. Eta egiazko askatasunaren poza sortzen da.

Begiratu eta begiratu, ea ulertzen dugun Aitarengandik gatozela eta Aitarengana itzultzea dugula gure izanbide ederrena eta askatasun beteena! Maitasunak maitasuna sortzen baitu!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.