Garizuma 4: Etxearen xarma

Semea1(Igandeko ebanjelioa: Lk 15, 1-3. 11-32)

Igande honetako parabola ezaguna da, oso ezaguna. Etxetik urruntzearen drama eta berriro itzultzearen edertasuna erakusten dituen parabola da. Zer dago urrutzearen iturrian? Eta zer dago berriro etxera etortzearen iturrian? Hori aztertzea komenigarria da, zeren eta aipatzen dugun pasarte hau ez baita esperientzia atzokoa edo bakana, oso gaurkoa eta gurea baizik.

Sakonera jota, libertatearen auzia dago jokoan, uste dut. Seme gazte honek dena, behar zuen guztia, zeukan bere e­txean, aitaren altzoan. Baina kontua ez da denetik eta dena edukitzea, libre izatea baino. Eta libre izateko, aitaren altzotik salto egin beharra dauka. Pertsonak, pertsona orok, egun batean ihes egin beharra dauka ordurarte babesa eman dioten segurantzetatik. Bera eta berak nahi duen bezalakoa izatearen esperientzia egin beharra dauka.

Gero, bueltakoan, konturatuko da etxean daukanaz eta etxeak ematen dion identitateaz. Askatasuna, alegia, ez dagoela urruti, kanpoan. Askatasunaren auzia geure barruan jokatzen dugu. Eta geure barruan eho behar dugu libre izan nahiaren ahalegina eta bidea. Eta ahalegin horrek eta egindako bideak erakusten diguten ondorioa elaboratu behar dugu barruko errotan. Eta libre izan nahiaren bizikizunak sortu dizun lotura dastatuta, berriro benetan libre egiten zaituen maitasunera itzuli. «Lehenengo maitasunetik» zintzilik dago gizakion askatasuna eta bizipoza.

Baina «lehenengo maitasunaz» jabetzeko, jirabira hori egin beharra dago: ihes egin, joan, ikusi, dastatu, bizi…, eutsi digun eskua askatu, eta bizitzak ematen dizkigun kolpeen lezioa jasota, ustezko askatasunak ematen digun izan-bidea probatuta, berriro etxera etorri. Baina etxera etorri, ez atzera eginda, ez lehengora itzultzeko; esperientzia berriak integratzeko aukera emango digun etxera etorri, aurrera etorri, ez atzera. Bueltakoan, ez naiz lehen nintzena; orain, bizitzaren bideetan ikusi dut nire aita nor den, eusten didan maitasuna zer eta nolakoa den.

Seme zaharrenak ez du egin libertatearen prozesua. Ez du arriskatu. «Zintzoa» izateaz beste ezertaz ez da kezkatu, eta ez da hazi. Orain bere zintzotasunaren frustrazioa nabari zaio, barruan pilatu zaion hutsaren betekada handia. Hazi baino lehen zintzoa izan da, eta benetako askatasunetik sortzen ez den zintzotasunak ez du pertsona askatzen. Aita bere zintzotasunaren ispilutzat eduki du, eta ez du aita bere onenean ezagutu. Pena!

Lukasen atal honek zer irakurri eta zer hausnartu eta zer gozatu eta zer sufritu asko eskaintzen du. Merezi du tentuz jaso eta barneratzea. Parabolazko historio honetan giza historia asko biltzen baita, drama asko, ezintasun asko; eta, batez ere, poz eta aurkikuntza handi asko. Ezinaren esperientzia beltzak zenbat itzulera eragin duen, gauzak bere neurrian erakusten baititu ezinak. Sufrimendua maisu handia da, ez beti baina. Sufrimendua bihotzean ehotzen denean, etxeko misterioa bistaratzen dizu, etxearen xarma. Eta itzultzeko gogoa sortzen dizu.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.