Garizuma 5: Askatasuna estreinatu dut

Emakumea(Igandeko ebanjelioa: Jn 8, 1-11)
Gordina kinka: emakumea, Jesus eta turbante duinez jantzitako zintzoak eskuetan harriak zituztela. Moisesen legea bete beharra zegoen. Emakume hura bekatuan harrapatu zuten bete-betean, eta harrika hil behar zutela denek zekiten. Bide batez, ordea, Jesus estu hartzeko aitzaki ederra ere gerta zitekeen. Jesus legearen kontra jarriko ote zen bada? Emakumea harrika akabatzen utzi Jesusek?
Jesusek bazekien zer egin behar zuen. Beti pertsonaren alde jarri ohi zen. Batez ere pertsona ahularen alde. Legearen aurretik eta gainetik, pertsona. Zigorraren aurretik eta gainetik, errukia. Maitasunaren kantua da Jesusen jokaera osoa. Barkazioaren poza. Pertsona barrutik askatzen duen bidetik jotzen du Jesusek. Legekeriek, gogorkeriek, gaitzespenek, ez dute Jainko Aitaren egiazko argazkia ematen.
Legezale zahar eta zintzoei eskuetatik erori zaizkie harriak. Jesusek ispilura begira jarri ditu, eta… Akusazioak itzali dira berekasa. Emakumearen duintasuna salbatu du akusatzaile haien aurrean. Orain, emakumearen duintasuna salbatu behar dio emakumeari berari. Eta bai salbatu ere. Barkazioak sendatzen du zauria. Barkazioak sendatzen du beste ezerk salbatu ezin duena. Emakumeari aire freskoa sartu zaio barrura. Ez du Jesusek kondenatu. Gaur askatasuna estreinatu du emakume hark.
Jesusek, eta Jesusen Jainkoak ere bai, pertsonei duintasuna berremateko bide bezala erakutsi digu barkazioa. Jesusek ez daki kondenatzen. Nahiago du kondenatu behar duen kaltea bere gain hartu. Eta pertsonei dagokien zigorra berak nozituz, pertsonei zor ez zitzaien nortasun duina ematen die. Horrelakoa da Jesus.
Bide batez, Jesusek ez du emakume bekataria inguruko zin­tzo amorratuen hortzetan utziko. Akusaziorik merezi ez duen akusatzailerik ez dago hemen. Elkarri harrika hasten baldin bagara, harrobi asko edukita ere ez dugu nahikoa izango. Ez jendeak ez legeak ez du kondenatuko emakumea, Jesusen iritzian, ez baita per­tsona legearentzat, legea pertsonarentzat baino. Gehiago ere bai. Jesusek emakumea libratzen du emakumeari berari barrutik sortzen zaion kondenaziotik. Jesusek pertsonaren historia libratu, askatu egiten  du.
Sarri asko, kondenatzailerik sutsuena geure barruan eraman ohi dugu eta Jesusek bere buruarekin gustura bizitzeko aukera jartzen dio eskuerara. Hori da duintasuna berreskuratzea. Hori da askatasuna estreinatzea.
Epaitzen ez duen maitasunak hausten dizkigu hesi eta babes guztiak. Maitasunak kentzen digu maskaren atzean gordeta bizi beharra. Maitasunak askatasun esperientzia zoragarria biziarazten digu. Berriro ere lehenengo aldiz bizitzara sortuko bagina bezala. Horrelaxe berritzen du Jesusek den-dena, maitasunaren indar berritzaile eta gozoz.
Gure gizarteari molde-moldera datorkio Ebanjelioko koadroa. Gure farisaismo zorrotzak pertsona asko dauzka duintasunaz erantzita. Eskuak bete harri daramagu, noiz harrika hasiko. Egin dizkiguten zauriak, zaurituz sendatu nahi ditugu. Eta zauriak ugaldu besterik ez dugu egiten. Barkazioaren ukendu gozoak sendatzen ditu gaitzaren zauriak. Errukiak oneratzen ditu erruak.
Onginahizko harrera onak askoz gehiago aldatzen ditu gauzak, akusazio guztiek baino. Bizitza besarkada bihurtzea eraginkorrago da harrika ibiltzea baino. Eztiaz euli gehiago harrapatzen da eskopetaz baino. Hitz gogorrak isildu, akusazioak baretu eta begirada gozatu, hori da egin beharrekoa. Eta horrela jokatuz gero, guk ere akusaziorik ez jasotzeko poza biziko dugu. Guk ere akusazioa bizi ordez, askatasuna estreinatuko dugu goizero.  Badago alde ederra!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.