Garizuma 5: «Ez zaitut gaitzesten»

Emakumea(Igandeko ebanjelioa: Jn 8, 1-11)

Nolako ozentasun gozoz entzuten den esaldi labur bezain sakon eta eder hau: «Ez zaitut gaitzesten». Hain ohituak gaude gaitzespenetara! Eta barru-barrutik ikusi nahi izaten dugun jarrera, kondenarik gabeko harrera besarkatzailea da. Norbaitek zaren bezala hartzen zaituenean, norbaitek zaren bezala maite zaituenean, bizitza osoa redimitzen dizu. Barrua berregiten duen begirada, kondenatzen ez duen maitasunarena da, zalantzarik gabe.

Baina zer gertatu zaigu Jesusen jarrera hasierako hau hainbesteraino okertzeko gure Elizan eta gizartean? Noiz, nondik, nola sartu zaigu beldurra bizitzari eragiteko indar bezala? Sinestezina ematen du, baina beldurraren historia luzea izan da gure elizetan. Garai bateko infernu-soinuak oraindik ere oihartzunka daude gure pulpitupe askotan. Hango mehatxuak eta hango antsiak!

Gaurko ebanjelioko emakume honen larruazalean sentitzen gara asko. Gaizki egindakoen pisua astun jausten zaigu gainera. Kontzientziaren barruan halako ezina eta pisua sentitzen dugu. Emakumeak bazekien legeari huts egin ziola eta guk ere jakiten dugu noiz egiten dugun ongi eta noiz gaizki. Geure kontzientziak salatzen gaitu.

Baina orduan, huts egiten dugunean, zer da behar duguna? Zigorra, harrika ematea, kondena, infernua? Erantzuna horrelakoa denean, ez da harritzekoa zenbaiten kontzentzian erruduntasun-pisu astuna ostatatzea. Gaur oraindik ere bada jenderik bere barrua hustu ezinik dabilena, garai batean eman zitzaien karga albora utzi ezin duena.

Behar duguna, baina, errukia da, askatasuna, onartzea. Eta horixe da Jesusek ekarri duen mezua eta jarrera. «Nik ere ez zaitut gaitzesten». Eta jarrera honen anparoan lege estutzaile eta kondenatzaile guztien pisua kendu digu gainetik. Legearen ordez, maitasunaren irizpidea eman digu bekatua neurtzeko. «Ez egin berriro bekaturik» esaten duenean, maitasunaren kontrako esker txarreko bekatua ari da esaten, ez lege edo arauen kontrakoa. Arauek kondenatu egiten baitute, maitasunak berriz askatu eta poztu.

Gaurko Elizan zenbaitek erakusten duen legekeria baztertzekoa da. Betikoa esan behar: errazagoa da legearen neurriz kontzientziak kontrolatzea, baina hori ez da kontua. Guri, inori, ez zaigu tokatzen kontzientziak kontrolatzea, pertsonen barrua askatzea baino. Gure Elizan –eta gizartean– ez dugu behar lege-maisurik eta fariseurik. Bihotz handiz Jainkoaren bihotz handia erakutsiko duten testiguak behar ditugu. Jendea, era askotako sufrimenduz asko sufritzen ari den jendea, deskargatuko duen bizkarrak behar ditugu. Errukizko, onginahizko, gupidazko begirada erakutsiko duen jende askatua behar dugu. Batzuei legekeriak beren konplexuekin jolas egiteko balio baldin badie, ba, hor konpon! Baina jendea, gure jende xehea, ez dugu pisuz kargatu behar, baizik Jesusek Ebanjelioan erakutsi zigun jarreraz, jendea askatu eta arindu egin behar dugu. «Nik ere ez zaitut gaitzesten».

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.