Garizuma A1: Pazkora bidean

Basamortua6Berriro ere garizuman gara, berriro ere pazkora begira. Helmugak ematen dio bideari hasiera eta helmugak ematen dio bideari arnasa. Pazkoa ez baletor, garizumak ez luke sentidurik izango, ez litzateke garizumarik izango. Egia da, zenbaitetan pazko gabeko garizuma ospatu izan dugula, dena penitentzia, dena bekatua, dena iluntasuna, dena zigorra. Baina, Jesusen bidea beti pazkora doa eta kristauarena ere bai. Beraz, ez dugu ulertzen eta ez dugu nahi bere ekintzetan ixten den garizuma argi gabea.

Berriro ere garizuman gara, berriro ere pazkora begira. Beraz, Eliza osoa zutik jartzen da, aurrean urratzen zaion bideari ekiteko pret. Pazkorako bidea bidez egiten baita. Kontua ez da bizitzan jokaera batzuk aldatzea; ez eta jarrera batzuk aldatzea ere. Bidez aldatu behar dugu, eta Jesusen bidea egiteko geure fedearen giharrak zaildu egin behar ditugu. Bizitzak bere eraginez bigundu egiten baikaitu eta bidea uzteko gogoa sortzen digu.

Garizumak basamortura garamatza. Jesus bezalaxe. Garizumak badu bakardade-dei hori bere barruan. Gauza handiak bakardadean egosten baitira, Jesusek hartu zituen erabakiak bezala. Basamortua ez da mundu arrotza, intimitateari sortutako giro bildua baizik. Basamortua ez da heriotzaren irudia, harremana sakontzeko biluztasuna baizik. Basamortua ez da tristura, maitasunaren elkarrizketa askatzailea baino.

Baina basamortua zertarako? Jesusen hiru tentazioak guk ere geure haragian sentitu eta garaitzeko. Jainkoarekiko harremana barruko tirabira batean bizi baitugu; tentatuak gara. Eta Jainkoarekin aurrez aurre, tartekorik gabe, basamortuaren egia sakonean, gure tentazio nagusia bizi nahi dugu. Jainkoarena naiz ala norena naiz? Norengan daukat nire uste ona? Bizia Jainkoaren eskuetan utzita al daukat?

Harriak ogi. Horixe nahi izaten dugu. Gure goseari parera atera dakiola ogia. Gure egarriari sor dakiola ura. Gure ahuldadeari hel dakiola ahalmena. Bizitzaren gobernua Jainkoaren eskuetan uzten omen dugu, baina beti ere Jainkoak zaintzen gaituela konprobatu nahi izaten dugu. Jainkoa Jainko baldin bada nola edukiko gaitu ba goserik? Jainkoa geure beharren neurriz neurtzeko tentazio ohikoa.

Jainkoari lana ematen. Hau da bigarrena. Zuk egiten duzuna egin arren, Jainkoak ez zaitu utziko. Jainkoa zeuri begira daukazu. Jainkoa patrikan daramazu, eta berak «demostratu» behar dizu zaintzen zaituela. Bestela, zer Jainko da gure hau? Jainkoa ez daukagu proban jarri beharrik. Ez dugu Jainkoa tentatu behar. Guk eskaini dugu geure bizitza haren zerbitzura. Jainkoa ez dago gure interesen zerbitzura.

Boterea, botere handia. Botere-zale amorratuak gara. Geure menpe nahi dugu dena. Bizitzaren ardatzak ere gal ditzakegu, boterea lortzeagatik. Agintea maite dugu. Gure gaurko Elizak ere boterea maite duela erakusten du, neurri batean behintzat. Zenbat kostatzen zaigun botererik gabe gizartean apal eta xume azaltzea. Zenbat kostatzen zaigun galdu dugun ospea galdutzat uztea. Oraindik ere gizartearen ibilbideak zuzendu nahi genituzke. «Hau dena zure menpe jarriko dizut».

Garizumak basamortura garamatza. Bai pertsonalki eta bai elkarte bezala. Badugu zer sendatua eta zer bideratua. Pazkoko argiak tentazio hauei gerri-gerritik heltzera garamatza. Geure Jaunaren bidetik zuzendu nahi ditugu gure eliz elkartearen bideak. Alferrikako borrokan ez dugu galdu behar. Gure gizartean, beheko mailan, jende asko daukagu begira, laguntza eske, argi eske, poztasun eske. Handikeriak utzi eta pertsona bakoitzaren basamortura heldu behar dugu, eta han bizi gizon eta emakume bakoitzaren tentazioa. Pertsona bakoitzarerngan bizi Jesusen tentazioa.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.