Garizuma B 3. igandea: Jesus da tenplua

Argia-Liburua(Igandeko ebanjelioa: Jn 2, 13-25)

Badakigu gutxi gorabehera zer zen eta zer esan nahi zuen juduentzat Jerusalemgo tenpluak. Han ez izatekotan, ez zuten beste inon Jainkoaren presentziarik. Dena Jerusalemgo tenplura begira egiten eta antolatzen zuten. Hura zen herriaren bihotza. Hura erdigunea. Handik zetorren Jainko askatzailearen dohaina eta hara zihoan fededunen esker ona eta miresmena.

Beste leku eta garai askotan bezala, berez erlijiozko harremana zena, irabazbide bihurtu zen. Eta hala Jesusen garaian; bazen tenpluaren jira-bueltan saltzailerik, sal-erosketarik, diru-trukatzailerik, negoziorik; Jainkoari agertu beharreko gurtza, bizkor batzuentzat irabazbide gupida gabeko bihurtua zegoen. Tenplua azoka, hitz batean esateko. Eta, beti bezala, pobreak galtzaile.

Jesusek ez du onartzen horrelakorik. Haserre biziaren kordelak eskuan hartu eta aidean garbituko ditu bazterrak, eskatuz ez bihurtzeko azoka Jainkoaren etxe dena. Baina, aspalditik zetozen ohitura zapaltzaile haiek hausteak sortzen duen elkarrizketa edo eztabaidan, Jesusek aurrerako pausoa ematen du: «Bota tenplu hau eta hiru egunean eraikiko dut berria». Jesus «bere gorputzaren tenpluaz» ari zela esaten digu ebanjelariak. Alegia, hirugarren egunean berpiztuko zen Jesus bera zela benetako tenplua.

Juduentzat bizi-ardatza baldin bazen Jerusalemgo tenplua, orain badakigu zein den gure bizi-ardatz. Juduek dena Jerusalemgo tenplura begira antolatzen bazuten, guk dena Jesusi begira antolatzen dugu. Dohain oro tenplutik espero bazuten, bizi-­sentidua Jesusengandik espero dugu. Beren grina sakona ten­plua baldin bazuten, geure grina, geure bizi-pasioa, Jesus dugu. Jesusengandik bizi gara. Jesusek bizi gaitu. Jesusengan agertu zaigu Jainko on eta errukitsuaren bihotza.

Guk ere baditugu juduek zituzten arriskuak. Haiek erori zirenetan eror gaitezke gu ere azkar asko. Erlijioa bihur dezakegu irabazbide. Dirua irabazteko ere bai, baina batez ere Jainkoaren grazia irabazteko bide. Zenbat aldiz ez dugu gure on-izatea Jainkoari gure eskakizunak planteatzeko probestu! Zenbat aldiz ez ditugu Jainkoarekiko harremanak geure zintzotasunaren gainean eraiki! Jainkoarekin onak izan bagara, zergatik gertatzen zaizkigu gauza txarrak? Gure sinesmena trukerako txanpon bihurtu izan dugu. Jesus baletor, aidean garbituko lituzke gure fede-bizitzatik irabazbide guztiak!

Alderantziz da kontua. Judu apal eta fededun jatorrak tenplura jotzen bazuen, Jainkoaren errukia eskatu eta gozatzeko zen. Gaur Jesusengan daukagu Jainkoaren grazia. Jainkoak dohain oroz bedeinkatu gaitu Jesusengan. Ez daukagu ordaindu nahi xuhurretan ibili beharrik. Jesusek berak irabazi digu errukia, neurrigabeko errukia, Jainkoaren neurriko errukia. Jainkoaren onginahia iturri oparoan eman zaigu.

Judu apal eta fededun jatorrak tenpluan jasotzen zuen bere bekatuen barkazioa, Jainkoaren aurrean ahuspez. Gaur Jesus dugu barkazio oso eta erabatekoa. Harengan daukagu inoiz merezi ez dugun eta mereziko ez dugun barkazio osoa. Jesusengan aurreratu egiten baitzaigu Jainkoaren maitasuna.

Judu apal eta fededun jatorrak tenpluan jasotzen zuen biderako indarra, erromes-jarrera ibiltarian. Gaur Jesus dugu bide, bide-erakusle, bide-gidari, biderako indar eta adore. Elizaren erromes-bideak ez ditu bestelako eranskinak behar. Aski du bere fedearen jarrera biluza. Jesusek egiten gaitu erromes. Gaurko eliz eskasietan, Jesusengan aurkituko dugu uste onez aurrera egiteko arnasa.

Ondo egingo dugu, gure Elizan garbitu beharrekoak aztertzen baditugu. Kutsadura eta zikinkeria asko peatu zaigu azalean eta sakonean. Utz diezaiogun Jesusi garbi gaitzan eta gure sinesmena biluz dezan. Gaur egun bizi dugun pobrezia izan daiteke Jesusek ari duen garbialdia. Zigor bihurtu zaizkigun edo zigortzat hartzen ditugun gertaera eta jarrera asko ongarri izan dakiguke, Elizaren biziera garbitze aldera. Hala bedi!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.