Garizuma B5: Maitasunaren erakustaldia

Gurutzea izotzetan(Igandeko ebanjelioa: Jn 12, 20-33)

Garizumak, pausoz pauso, bizitzako esperientzia handien aurrean jartzen gaitu. Normalean alde batera zokoratzen ditugun gai handiak dira: heriotza eta bekatua, sufrimendua eta mugatuak izatea; eta, beste guztien oinarrian, auzi hau: zergatik ez digu Jainkoak argitu zer ari den egiten eta zergatik izan du nahiago gure zoria hondo-hondoraino gurekin bizi? Zergatik probestu du sufrimendua bere maitasuna erakusteko?

«Jesus ikusi nahi genuke» esaten dute gaurko ebanjelioko greziarrek. Ondo egingo genuke guk ere datorren Aste Santuan denbora pixka bat hartuko bagenu Gurutzeko gertaera handiari begiratzeko. «Jesus ikusi nahi genuke». Ez da azaleko sentimendu batzuen gorabehera gozoa. Gurutzeko maitasun hori gure bizitzari piztea da, gizarteari eta mundu osoari maitasun horren argia piztea. Eta dena argi horretatik begiratzen ikastea, fedearen ariketa askatzailea eginez. Jesusekiko atxikimendua sakondu eta areagotzeko aukera ederra daukagu otoitz-giroan, isiltasun sakonean.

«Gari alea lurrera erori eta hiltzen ez bada…». Jainkoak horrenbesteraino maitatu ez bagintu, dena errazagoa izango zen gure bizitzan. Baina Jainkoa, maitasunaren makurraldi apalenean, gure bizitzaren sakonean ereinda ikustea, ikaratzekoa da. Hor betetzen da maitasunaren printzipio sakona: bere burua maite duena ezerezean geratzen da; maitasunez hiltzen dakiena, berriz, fruitu ugaritan erditzen da. Jesusek Jainkoaren erditze handia ikustarazten digu Pazko misterioan. Eta zer esan?

Hizkera hau, bietan bat: ezaguna egiten zaigu, ezagunegia, edo arrotza, arrotzegia. Nolanahi ere, onargaitza. Geure sentimendu azalekoetara eramaten gaitu edo ihes egitera eramaten gaitu. Baina, honen guztiaren miraria eta edertasun neurrigabea eskura jartzen zaigu Jesusengan. Gauzak egitea, mugitzea, urduritasuna, estresa…, hau dena ulertu nahian egin dezakegun ahalegin handia, alferrik da! Ez da gure nahiaren neurrikoa. Ez da gure boluntarismoaren lorpena.

Doan ematen zaigun ikuskizun paregabe baten aurrean gaude. Jesus bera ere urduri dago, asaldatua. Hastera doan ikuskizunaren urduritasuna bizi du. Guk egin behar duguna begiratzea da. Barruko begiez begiratzea. Begiratzeko beta hartzea. Misterioari gure barrua ernaltzen uztea. Zer gertatuko zaigun? Jesusek berak esan duena: «Lurretik jasoko nautenean, niregana erakarriko ditut denak». Nola erakarri? Maitasunaren ikuskizuna, barrua irekitzen duen indar bihurtzen da.

Izan ere, gure razionalismo guztien gainetik, egia bat azaltzen da garbi: Jesusen gurutzea ez da inor hiltzeko tresna beltza; maitasuna erabat hedatzen eta bistan jartzen duen tresna da. Gure eskuetan, gurutzea beti hiltzeko tresna izaten da. Zenbat gurutzetu daukagu munduan jasoa? Ez dakigu sufrimendua maitasun bihurtzen. Ez dakigu sufrimendua aurrera-bide bihurtzen. Sufrimendua geu hiltzeko eta, batez ere, besteak hilarazteko bide egiten dugu.

Baina Jainkoak sufrimendua maitasuna erakusteko erabili du. Ez dago munduan, gurutzea esplika dezakeen burutaziorik. Gurutzea absurdo hutsa da. Baina Jainkoak absurdo horretan maitasunaren edertasun betea zabaldu du eta gurutzetik sortu da mundua barrutik biziarazi eta pozten duen indar berri eta berritzailea. Hitzetara ez dago misterioa senez tolestatzerik. Bizitzea da kontua.

Beharbada zeure bizitzan sufrimendu handiren bat tokatu zaizu. Une ilunen bat nozitzen ari zara beharbada. Nik ez dakit zergatik sufritzen duzun. Gauza bat bakarrik esaten utz iezadazu: begira iezaiozu sufrimendu horretatik Jesusen gurutzeari. Eta begira iezaiozu gero, sufrimendu horri Jesusen gurutzetik. Gauza bat sumatuko duzu, zure sufrimenduaren ondoan han dagoela Jesus maitale. Eta orduan ulertuko duzu, maitasunak sendatzen duela gaitzaren zauria. Gurutzearen ordua da. Maitasunaren erakustaldia da.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.