Garizumako 2. igandea: Egon eta irten

Arratsbera(Igandeko Ebanjelioa: Mt 17, 1-9)
Igande honetako bi irakurgai alderatzen baditugu (lehenengoa eta ebanjelioa), bi aditz kontrajarri azaltzen zaizkigu, egon eta irten. Pedrok Jesus antzaldatuaren aurrean esaten duena egotekoa da, «zein ederki gauden hemen» esaten du. Ederki egon. Beste jarrera, berriz, irtetekoa, lehenengo irakurgaiko Abran fededunari esaten zaio, «irten zure lurraldetik». Irten eta joan. Aditz kontrajarriok oinarrizko jarrera adieratzen dute beren barruan eta historia handia gordetzen dute.
Pedro Jesusekin zebilen aspalditxoan. Jerusalemerako bidean zihoan. Baina, aukera aproposeko baten zain zegoen gelditzeko, ez baitzitzaion asko gustatzen bide hura. Ez zuen ezer asko ulertzen. Eta orain Tabor mendian argia sumatu duenean, badirudi dena koadratu zaiola. Argizko egoera hau gustagarri egiten zaio. Eta hortik dator beraren proposamena: «Zein ederki gauden hemen!». Eta ederki egote horretan hiru egoitza eraikitzeko ere prest azaltzen da, egoera gozo hari iraunkortasun pixka bat emate aldera.
Baina fedearen historia ez da egotetik sortu, irtetetik baino. Israel herriaren historia Abran-en jarrera sineslean oinarritzen da, eta Abran-en historia «irtenez» hasten da. Fedearen alorrean argia ez da sekula egoteko deia izan, joatekoa baizik. Argiak bidea adierazi izan du beti. Eta gure kasu honetan ere, Tabor ez da bertan geratzeko, ez da «egoteko»; bideari jarraitzeko baino. Pedrok ez bezala, Jesusek ulertu du bide onetik doala eta Jerusalemgo gailurrera behar duela iritsi.
Garizumako bigarren igande honek gaur ere badu bere deia. Eta deia «irtetekoa» da. Fededun bakoitzari egiten zaigu aurrena dei hori. Oso egonzale gara. Instalatu egiten gara. Habi beroak egiten ditugu. Eta Jesusen segizioak ez du horrelako «egoerarik» onartzen. Jesusek bere entregaren bidean nahi gaitu, beti emanak, beti ematen, beti bila, beti bidean, beti irteten. Garizumako fede-ariketa barneratzea dugu eginkizun nagusia. Egotetik irtetera igarotzea, alegia.
Eta bakarkako ariketa esaten dugun hau, eliz elkarte bezala ere halaxe hartu beharrekoa dugu. Egonean dena zahartu egin zaigu. Elkarte-gidari batzuk, neurri batean, betiko «egoerari» nondik eta nola eutsiko dabiltza. Ezin dute onez eraman gizarte honen aldaketa sakona. Aldaketa bera ere kaltegarria iruditzen zaie, garai bateko argiuneak galdu baititugu. Gure eliz elkarteak gauza bat ahaztu du: Jesusek bidera atera gintuela eta bidea dugula gure izaera eta bokazio.
Baina, hortxe dago arazoa: beldurra! Arriskatzeko beldurra. Kontrolatzen ez dugunaren beldurra. Gaurkoa zer den badakigu, biharkoa zer izan daitekeen ez dakigu. Eta ezezagunak beti sortzen du beldurra. Abran-ek abentura handi baten bidera garamatza. Eta Jesusek ere bai. Eta abentura «egoera», egoteko era, bihurtzea ez da ona. Gure Eliza gaur «dago», eta ederki egon edo gaizki egon, egotea beti zaio kaltegarri eliz elkarteari. Eliza ez da egoteko, bidean izateko baizik.
Beldurra gainditu behar. Nola? Hortxe dago Abran-en konfiantza. Hortxe dago Jesusen esperientzia. Eta hortxe kokatu behar fededun bakoitzak egin beharreko bidea ere. Eliz elkartearen arazoa ez da non aurkituko ote duen gaur egun «egoteko» lekua. Elizak ez du lekurik behar. Elizak, eta fededunak ere berdin, aski du bidea. Bideari atxikitzen zaion neurrian, Eliza izango da. Lekua kentzen digutela? Garai bateko «egoerak» aldatu dizkigutela? Eliza ez dela gizartean onar­tua? Bidea kentzen ez diguten bitartean, ez daukagu zertan kezkaturik.
Bidea arriskatzeko konfiantza behar da. Jauna gurekin datorrenaren konfiantza. Garizuma, alde horretatik, konfiantza ikasteko ariketa berritzailea da. Apustua aurrean daukagu, aukera ere bai: egon ala irten. «Irten zeure lurraldetik eta zoaz».

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.