Garizumako 3. igandea: Egarri sakona

Emakume samariarra(Igandeko Ebanjelioa: Jn 4, 5-42)
Garizumako hirugarren igandeak Samariako emakumea dakarkigu, gure Bataioaren katekesia oinarrizkoari gorputza emanez. Ez gara ari emakume jakin baten egarriaz, gizaki ororen egarri sakonaz baizik. Denok gara egarri, egarri sakonez egarri. Egarriak ematen du pertsonaren barruko bokazioaren berri. Egarriak erakusten du eta erakusten digu gehigorako gaudela eginak.
Samariako emakumearen pasartean era guztietako egarriak biltzen dira: egarri fisikoa, barrua ase ezinarena, erlijiozko eskaintza asegarriak, mesiasaren egarri sozial eta politikoa, egi­a­ren egarria, ezagutza berriarena… Azkenean afirmazio handira iristeko: «Ni naiz». Datozen igandeotan horra eraman nahi baikaitu Garizumako Elizak: «Ni naiz» hori aditu eta barneratzera.
Egarriari ematen zaizkion erantzunen eskasia ere azaltzen da: emakumearen bost senar horietan gizakiak berez bilatzen dituen asegarri guztien bilduma egiten da. Bakoitzak ahal bezala bilatzen dugu geure «senarra», geure asegarria, geure heldulekua. Zenbat ate jotzen dugun bazterretan! Zenbat amets egiten dugun alferrik! Zenbat «besoetara» etzaten garen, han atsedena eta barne-bakea aurkituko dugulakoan! Egarriak gehiegi erretzen gaitu barrutik, beti egarri irauteko!
Jesusekin topo egiteko eta Jesusen eskaintza ulertzeko, beharbada beharrezkoa izango da beste eskaintzen frustrazioa. Bizitzaren eskarmentua behar dela behintzat egia da. Gaztaroko ametsetatik pasa behar da eta errealitatearen pisua nolabait sentitu behar da bizkarrean, beste zerbaiten edo beste norbaiten bila abiatzeko. Bakoitzak daki zer bilatzen duen, baina beti errealitatearen sakonean bilatu behar da; izan ere, errealitatearen egarria asetzen ez badugu, egarria asetzeko errealitatetik ihes egin behar badugu, ez digu bizitzarako balio. Eta gaur egungo eskaintza askok iheskeria besterik ez digu planteatzen.
Jesusekin elkarrizketan ari dela, emakumeak «beste» zerbait aurkitzen du. Barruko egia biluztu dio Jesusek. Jesusek ez dio uzten iheskerian jausten. Jesusek bere eguneroko errealitatearen egarria bistaratzen dio. Eta emakumeari ez zaio aitortzea beste biderik gelditzen. «Ez daukat senarrik». Bere barruan bizi duen hutsunea aitortzen du. Eta aitortza horren baldintzak Jesusen hitzetara irekitzen dio bihotza. Bere barruko egarria aitortzen duena prest dago Jesusen eskaintza onartzeko.
Emakume honek bizi izan duen esperientzia bizitzea da kontua. Horretarako Jesusengana hurbildu beharra dago. Bakoitzak bere ur-ontzia hartu eskuetan eta ur bila atera behar dugu. Eta gure egarria erakusten duen ontzi horretan barruko egia eraman behar dugu. Askotan egintzez estali nahi izaten dugun egarri afektiboa bistara atera behar dugu. Barrua eta barruko egarria ez sentitzeagatik besteengana isuririk bizitzera garamatzan grina aitortu behar dugu. Geure egintza on eta merituzkoz estali nahi izaten dugun barruko pobrezia Jesusi erakutsi beharra daukagu.
Gure Elizak ere egarri handia bizi du gaur egun. Gizarte autonomo honek utzi digun biluztasuna ongi datorkigu gure barruko egarriak ez ditzagun estali. Ez gara gizartean ia ezer. Inor gutxik hartzen gaitu kontuan. Gure garai bateko handiusteak hustu zaizkigu. Eta zeri heldu?, non eta nola ase?, betikoari amorruz helduz?, galdutakoaren bila borroka eginez? Jesusek beregana biltzen gaitu garizuma honetan. Geure ur-ontzi zulatua eskuetan dugula, pobre gatozkio. Eta guri ere «Ni naiz» esaten digu. Eta berak edanarazten digu topaketaren misterioan egarri guztien asegarria.
Eta hortik dator ebanjelizazioa. Emakumeak dena kontatu zien bere herritarrei. Ez da hitzen berriematea. Esperientzia baten hitz bihurtzen dira gure hitzak. Eta esperientziak erakusten du nor den Jesus eta zein duen bere eskaintza. Gure egarri sakona asetzen duen eskaintza.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.