Garizumako 4. igandea: ikuslea erakusle

(Igandeko Ebanjelioa: Jn 9, 1-41)
Esperientzia baten hitz bihurtzen dira gure hitzak. Eta esperientziak erakusten du nor den Jesus eta zein duen bere eskaintza. Gure egarri sakona asetzen duen eskaintza.
Garizumako laugarren igandeko ebanjelio-atalak kontraste handiak erakusten ditu. Eta, kontrasteen bidez, jokalege erlijioso askoren gezurra eta faltsukeria azaltzen du. Hasteko, itsu bat daukagu, gaixo bat. Jesusentzat ezin daiteke ezer jarri gaixoaren eta haren beharraren aurretik. Itsuaren aurrean, berriz, «ikusten dutenak» dauzkagu, fariseuak eta bestelako jauntxoak. Hauentzat, noski, legea dago beste guztiaren gainetik, larunbata adibidez. Eta hauek ziren erlijioaren ordezkari nagusiak herriaren aurrean!
«Ni naiz munduaren argia» esaten du Jesusek eta egiaz hala dela erakusten du. Begiak argitzearen prozesu guztia aztertzekoa da, bataioaren katekesia bezala aztertzekoa. Siloeko uraskara bidaltzen du itsua, begiak han garbi ditzan. Ebanjelariak ederki esaten du Siloek «bidalia» esan nahi duela. Beraz, benetako argia, errealitatea ikusarazten digun argia, Jesus bera da, bidalia. Jesusengan hasten da itsua dena era berrian ikusten. Jesus bihurtu zaio bere begientzako argi.
Hortik aurrera dator eztabaida eta borroka guztia. Ikusten hasi denak ez du bere testigantza aitortu besterik egiten. Berak ez zuen Jesus ezagutzen, ez zekien nor zen; baina begiak ireki dizkio eta ikusten hasi da. Ez dauka bestelako argudiorik. Erlijio-buru haien eztabaidak eta gainerako burutazioak ez ditu ulertzen itsu sendatuak. Berak dakiena da «ez zuela ikusten eta orain ikusten duela». Itsuak, bizi izan duen esperientziatik, Jesusen ahalmena aitortzen du. Fariseuek, aldiz, legetik Jesus kondenatu egiten dute. Legearen usteak itsututa dauzka ustez gehien ikusten zutenak. Eta beren itsukeriak ez die sinesmenerako pausoa ematen uzten. Beren itsukeria itxikeria bihurtzen zaie, eta ezin dute beren barrua argitara ireki.
Itsuak, berriz, ez zekien; baina ikusi duena ikusita, sinetsi egiten du eta bere barrua Jesusi fedearen argitan irekitzen dio: «Sinesten dut, Jauna». Testiguak erakusten du, gidariek erakutsi ezin dutena. Beste behin testiguen aitortzak indar handia du, irakasleen hitza huts gerta daitekeen bitartean. Gaurko gure Elizak lezio ederra dauka hortik jasotzeko: testigantza behar du munduaren begietan, eta bere jakintza eta ezagutza handiak testigantzara tolestatu. Bestela, askotan bezala, hitz hutsetan joango zaigu gure jakintzaren indarra.
Gehiago: fariseuen jarreran garbi ikusten da nondik eta nola sortzen diren fundamentalismoak. Barrua ixten denean, gauzarik bistakoena ere ez da ikusten, eta aurrez uste zena defenditzen da amorruz. Aurreiritzien jarrera finko eta aldaezina. Testiguak, berriz, bere begiak zabalik daramatza. Ikusi egiten du eta ikusten duenaren arabera aldatzen ditu beste guztiak. Doktrinak ere bai, arauak ere bai. Testigua malgu prantatzen da errealitatearen aurrean eta, bereziki, pertsonaren aurrean.
Hitzez ongi eta gehiegiz jantziak gabiltza. Baina gure hitzak testigantza den neurrian balioko du, ez gehiago, ez gutxiago. Gaur Jesusen jarrera erakustea dagokigu: gaixoarekiko hurbiltasuna, itsuarekiko eskua, eskalearekiko dohaina. Ez zaizkigu doktrina handi eta berriak eskatzen; eskatzen zaigu bizi dugunaren aitortza apala. Gure elizak hitzez bete ordez, bizi dugunaren testigantzaz bete behar genituzke. Kontua ez da «egiak» jaurtitzea. Kontua da Jesusen maitasunaren «egia» pobreenei eta premian daudenei hurbiltzea.
Jakina!, betikoa: testigu izateko, aurrena ikusi egin behar. Testigantzak esperientzia pertsonala eskatzen du. Eta gure indarrik onenak esperientzia «ikasten» eta «erakusten» eman behar genituzke. Esperientziak ideia eta teoria guztiak baino gehiago balio baitu. Gaurko Elizak ere badu bere arriskua, itsuaren aurretik legeak eta arauak jartzekoa. Eta hori ez litzateke Jesusek nahi duena izango eta ez litzateke Berri Onaren testigantza izango. Esperientzia bizi duenak erakuts lezake. Ikuslea bakarrik izan daiteke erakusle.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.