Garizumako 5. igandea: Bizi egin nahi

(Igandeko Ebanjelioa: Jn 11, 1-45)
‘A’ txandako irakurgietan, emakume samariarrarenaren eta jaiotzez itsuarenaren pasadizoen ostean, Lazaroren berpiztearena datorkigu. Eta gordintasun gorrienarekin, heriotzaren aurrean jartzen  gaitu gertaerak. Inork alde batera utzi ezingo duen esperientziaren aurrean jartzen gaitu. Hil egin behar da, eta hori gogorra da. Hil egin behar dut, eta hori gogorragoa da.
Gaurko gure kulturak ez dio heriotzari erreparatu nahi. Gizakiari ez dagokion estropezu bezala ikusten dugu, ustegabeko istripu. Hori gertatzean, ahalik eta azkarren ezkutatu eta, inolaz ahal balitz, ahaztu. Ez du heriotzaz hitz egin nahi. Sekula gertatuko ez balitzaigu bezala bizi nahi dugu. Inoiz hil behar ez bagenu bezala edo betirakoak izango bagina bezala. Hori geure burua engainatzea izango da, baina zer egingo da ba? Bizi nahi baldin badugu, heriotza ahaztu beharra daukagu. Sufritu ezina gertatuko litzaiguke heriotzaren argitan bizi beharra.
Baina, heriotza gure ondoan dabil «kortejatzen». Gaixoaldiak bere erasana erakusten duenean, argi gorri guztiak pizten zaizkigu. Larria ote da, arina ote da? Analisiak egin eta emaitzak ezagutu bitarteko txangoa ez da batere gozoa izaten. Orduan jartzen gara pentsatzen beharbada oso hauskorrak garela, hari batetik gaudela zintzilik, ez daukagula inolako segurtasunik. Eta orduan jakiten du batek zer nolako gogoa daukagu bizitzeko. Ez dugu hil nahi eta bizi egin nahi dugu.
Gaixoaldia arina dela? Sabeletik arnasa hartu eta aurrera egin dezakezu: zeure proiektuak, zeure ilusioak, zeure ametsak… Kasu horretan amets gaizto bat besterik ez da izan. Baina eta gaixotasuna larria baldin bada, zure hori minbizia baldin bada? Orduan dena gainera erortzen zaigu pisu astunez eta geure barruko galdera guztiak azaleratzen zaizkigu: zergatik?, zergatik niri?, zergatik orain?, ez al dago ezer egiterik?, hil egin behar al dut?, eta nire ondokoak zer?
Esperientzia horrela da, astuna bezain ziurra. Berdin da kultura batekoa edo bestekoa izan, fede batekoa edo bestekoa izan. Gaur ez bada bihar, hil beharra! Ez dago ihes egiterik! Eta horraino iristen dira gure hitzak eta jardunak. Heriotzaren aurrean hitz guztiak hutsak dira. Aholkuak gorrotagarriak akaso. Hitza hustu egiten da. Zer egin daiteke orduan? Zer da orduan egiteko egokia? Zeri heldu?
Jesusek, bere adiskide Lazaro hil zela eta haren arreben mina sumatu zuenean, «negarrari eman zion». Juduek ere antzeman zioten asko maite zuela, negarrez ikusi zutenean. Heriotzak pena ematen du, samina sortzen du, heldulekurik gabe uzten zaitu. Eta barrua lehertu egiten da. Ezinaren ezinean negar bihurtzen zaizkigu sentimenduak. Eta, noski, heriotzaren aurrean negar egitea libre da eta normala da. Jesus berak ere nekez ulertzen zuen, Jainkoaren asmoen eta hil beharraren artean zegoen tarte handi-zabala. Jainkoaren asmoa ez zen gizakia hiltzea!
Baina, Jesus ez da negarretan geratzen. «Gaixotasun hau ez da heriotzean bukatuko». Jesusek bere uste ona erakusten du. Jesusek badaki Jainkoak gizakiaren bizia nahi duela, beste edozeren gainetik. Jainkoak ezin duela onez eraman gizakiaren heriotza. Denok hil behar dugu; Jesusek ere bazekien laster gurutzean hil beharko zuela. Baina Jesusen konfiantzak argi ikusten du Jainkoaren bizi-dohaina heriotza baino indartsuagoa dela, eta heriotzari nagusituko zaiola betiko.
Hori geure esperientziara ekarri, eta hor dago errealitatea: egunen batean heriotzak gure etxeko aldaba joko du. Ez da atzera-bueltarik egongo. Oso gogorra izango da une hura. Ezinaren garrasi bihurtuko da dena. Baina, Jesusengan sinesten duenak edukiko du zeri heldua, eta Jainkoaren dohainari helduko dio gerri-gerritik. «Gaixotasun hau ez da heriotzean amaituko». Jainkoak bizia maite baitu. Eta guk bizi egin nahi!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.