Gorputz-Odolak: Odoletan sinatua

Arraina-Ogia(Igandeko ebanjelioa: Mk 14, 12-16. 22-26)

Odola gauza serioa da. Odola bizia da. Odola pertsona bera da bere betetasunean. Odolarekin, beraz, ez dago jolas egiterik. Odola galtzea, bizia galtzea da. Odola kentzea, bizia kentzea. Edozer gauzarengatik ez da odolaren prezioa ordaintzen. Odola balio izateko, norbait oso maitatua behar du izan. Ez dago gauzarik, odola merezi duenik. Izatekotan ere, pertsona behar du izan eta ez edonor; zeure maiteena.

Kristoren gorputz-odolak ospatzen ditugun festaburu honetan, Jesus bere gorputz entregatuaz eta bere odol isuriaz ari zaigu. Azken Afariko une nagusian, biharamunean gurutzean gertatuko dena aditzera eman nahi digunean, Jesusek, dena eman nahirik, bere gorputza entregatzen du eta bere odola isurtzen. Eta horretan erakusten duen maitasuna behin betiko bermatua eta sinatua geratzen da. Odolaren sinadura gorriz betiko bermatua. Ez dago maitasun-ezaugarri handiagorik erakusterik.

Badakit, Eukaristia ospatzean, ezaugarri ikusgarri honi ez diogula halako betikotasun eta sakontasun handia ikusten. Ospatzearen ospatzeaz, azkenean dena balio gabetu egiten zaigu. Eta gaur lasaitasun ederrean entzuten ditugu era honetako gauzak. «Hau da nire gorputza, zuentzat emana», «hau da nire odola, zuentzat isuria», eta gu lasai. Ohiturakeria besterik erakutsiko ez balu gure lasaitasun horrek, tira! Baina uste dut sinesmenik eza erakusten duela, eta hori larriagoa da.

Kristoren gorputz-odolen festaburua ospatzeak Eukaristiaren sakoneko egia eta gertaera azpimarratzera gakartza. Jaunaren maitasunaren bermea ematen zaigu Eukaristian eta elkarteari funtsa ematen dio, maitasunaren funtsa. Eukaristiarik gabe, nola sinetsi Jauna gurekin datorrela eguneroko borrokan? Eukaristiarik gabe, zer sentidu eduki lezake igandero elkarrekin biltzeak? Eukaristiarik gabe eguneroko bizitzaren errealitate latzak irentsi egingo liguke barruko bizipoza.

Azken batean, Jaunaren maitasunaren egia ziurtatuta eduki dezagun, odoletan sinatu du Jainkoak bere maitasun-konpromisoa. Eta odola gauza serioa da, serioegia. Odola nekez bihur daiteke ohiturakeria. Odola nekez utzi daiteke galtzen. Eta Jainkoak bere odola jarri du konpromiso honetan. Jainkoaren presentzia ziurra da gure bizitzan, odoletan sinatu duelako. Jainkoaren uneoroko maitasuna ziurra da, odoletan sinatu duelako. Jainkoaren erabateko barkazioa ziurra da, odoletan sinatua delako.

Hori horrela izanik, nola galdu dugu, nola ari gara galtzen, iganderoko ospakizunaren sena? Zeri heltzen diote kristauek, iganderoko konpromiso-berritzeari heltzen ez badiote? Nola eusten diote aste osoko kristau-konpromisoari, konpromiso hori berritzen duen Eukaristia zokoratuta baldin badaukate? Zer ari zaigu gertatzen? Gauzei bere erorbidean aldats-behera joaten utzi behar al diegu? Ez al dugu zerbait egin behar, berriro ere iganderoko Eukaristiak bere garrantzia irabazi dezan?

Gauzak gaizki egiten ditugunean, ez dago zer esanik. Baina, gauzak ongi egin arren, iganderoko batzarra beheraka doala ikusten badugu, ez ote dugu zerbait berritu beharko gure ospakizunetan? Ez ote zaigu zerbait balio gebetu eta hustu gure moldeetan? Ez ote gabiltza garai bateko eskemekin eta ez ote ditugu bestelako eskema batzuk bilatu behar? Zer izan beharko lukeen? Ez dakit! Baina, gutxienez, zerbait pentsatu beharko genuke, sormen pixka bat jarriz oinarriko arazo honetan.

Izan ere, gaurko festaburuak, Jaunaren gorputz-odolen jai nagusiak, garbi erakusten digu Eukaristiaren funtsa: Erreinuko ardo berria eman zaigu, ardo horren gozotan Jaunaren presentzia gertuan suma dezagun.

Eta gauzak okertzen zaizkigunean, guk espero ez genituen ezbeharrak datozkigunean, bizigiro zailean bizitzea tokatzen zaigunean, jakin dezagun Jaunak ez gaituela sekula bakarrik uzten. Jaunak ez gaituela sekula eskutik uzten. Konpromiso hori hartu zuen eta konpromiso hori odoletan sinatua utzi zuen.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.