Gorputz-Odolak: Zorionaren ogia

Arraina-Ogia(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 11b-17)
Jaunaren Gorputz-Odol santuen eguneko ebanjelio zatia, ogiaren ugalketaz ari zaigu. Erreinuaz hizketan ari zitzaion Jesus jendeari eta gaixoak sendatzen, eta gaua etorri zitzaien oharkabean.Gauak gizakiaren errealitate onenak iluntzen ditu: zorionaren ametsa, Erreinuaren ametsa, izanbide berrien ametsa… Gaua iluna da. Gaua gosea da. Gaua ezina da. Eta ikasleek jendea etxera bidali nahi dute, ezinaren aurrean konponbiderik ez daukatela erakutsiz. Bakoitzak ahal duena egin dezala bere gauarekin.
Baina Jesusek ez du jendea ezinaren bideetan bidaltzen. Jesusek badauka konponbidea. Eseri daitezela denak beren ezinean eta beren gauean, gauaren errealitateari ihesik egin gabe. Eta hantxe, beldur duten gauaren gosean, zerbitzatu die Jesusek zorionaren ogia, asetzen duen ogia, beldurra kentzen duen ogia. Eta, gainera, inoiz ere amaitzen ez den ogia, banatu ahala ugaldu egiten baita.
Bada hemen aipatu nahi nizukeen detailerik. Jesus Erreinuaz ari da, Jainkoaren Erreinuaz. Eta, inolako zalantzarik gabe, gero ematen duen ogia Erreinuko janaria da, Erreinua bera da. Alegia, hitzez esan diena, ogiz ematen die.
Azalpen eta argitasun zena, orain bizitzarako janari eta asetasun da. Jesusen Erreinu-dohaina ez baita ideietan geratzen; errealitate betea da. Eta entzuteko ederra zen Erreinua, bizitzarako indar eta zorion gertatu zitzaien. Bai, atergabe ugaltzen den ogia, Erreinua bera da, Jesus bera da, gaua asetasunaren argiaz pozten duen presentzia pertsonala da.
Daukaguntxoa banatu. «Bost ogi eta bi arrain besterik ez zegoen». Hori da beste detailea. Emateko ez da asko behar. Daukagun dena emateko borondatea besterik ez zaigu eskatzen. Gordetzen dena gutxitu egiten baita, asko izanda ere. Banatutakoa, ordea, askotu egiten da. Banatzeko daukaguna asko da, gutxi izanda ere. Banatzea, agortzen ez den iturri bihurtzen da. Eman nahi duenari ez zaio zer emana sekula faltatuko. Gizakiak emateko borondatea baldin baleuka, Jainkoak ugalduko lioke ematekoa.
Hartzen duenak banatzeko hartzen du. Hori da bestea. Hartzen duenari ez dio zoriona ematen hartzen duenak, hartutakoa emateak baino. Hartu, emateko hartzen baitugu. Erreinuaren logika eta dinamika da hau. Guk hartzen dugunean, gordetzeko hartu ohi dugu; eta ezer gabe gelditzen gara, gordetakoari iturria agor­tzen baitzaio. Hartutakoan ematen duenari, ordea, ez zaio iturria amaitzen. Maitasunaren alorrean, zoriona ematetik baitator, ez hartzetik.
Azkenean gehiago, hasieran baino. «Bost ogi eta bi arraintxo» zeuden hasieran. Erreinuaren hazia besterik ez zegoen. Orain, ematearen poderioz eta denak ase eta gero, «hamabi saski bete» gelditu dira. Ematen duenak, dena ematen duenean dauka gehien. Emateak hazi egiten du dohaina eta pertsona, gordetzeak txikitu eta gutxitu egiten duen bezala.
Gaurko eguna, Jaunaren Gorputz-Odol  entregatuen eguna, maitasunaren eguna da. Eta Entregatuak banatzeko deia egiten digu. Geure gauari argia piztu nahi badiogu, ondo asko dakigu zer egin: banatu! Eta banatzeak barrua zorionez beteko digu.
Jesusek dakarren Erreinua, zorionaren ogia baita. Neure zorionaren ogia eta nere ingurukoen zorionaren ogia. Gaur prozesiora aterako dugu zoriona, apaltasunez. Gure kaleetan eta plazetan jakin dezala jendeak prest dagoela zorionaren ogia, Erreinua. Eta jakin dezala ogi zatitu eta banatua dela egiazko zoriona. Gaur, beraz, ogi zatituari begiratzean, ikus dezagun esker onez eta maita dezagun pozez, mundua zorionez bete duen ogia, zorionaren ogia, ematean ugaltzen den ogia, bukatzen ez den ogia!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.