Hirutasun Santua A: Jainkoa gurekin interesatua

(Igandeko Ebanjelioa: Jn 3, 16-18)
Hirutasun Santuaren festa honi gertatu zaiona ikaratzekoa da. Dena aldrebes egin dugu nonbait, eta gauzak atzekoz aurrera jarri ditugu. Hirutasunaz dakiguna zer da? Dogmen afirmazio abstraktoek diotena, gehienez ere. Hiru omen direla, hirurak berdinak, Jainko bakarra osatuz. Horretatik dator, dirudienez, triangelu famatu hura, erdian dena ikusten zuen begia zeramala. Lekutan gabiltza!
Hirutasunaren misterioari kalte handia egin dio, Jainko traszendentea eta historian gizon eginik agertu zaiguna banatzeak. Begira, bestela, zer esan nahi duen askorentzat «misterio» hitzak: ulertu ezin dena, arrazoiaz gain dagoena eta hala agindu dutelako onartu beharrekoa. Arrazionalismoaren kalte handia. Eta justu kontrakoa da, izan: arrazoimenak «misterioan» aurkitzen du bere ama-altzoa; gure mugak, harriturik eta esker onez, ireki egiten dira Absolutuaren zabalerora; maitasunaren agerpen beteak dena gainezka jartzen ditu gure bihotzaren kar­tolak. Gehiegizkoa hain gertu eta hain eskura sentitzearen harridura da «misterioa».
Hori horrela izanik, Hirutasunaren misterioa ezagutzeko bidea Jesusengandik hasten da, Berpiztuarengan eman zaigun dohaina jaso eta gozatzetik. Hor sumatzen eta gozatzen da Jainko Aitaren maitasun neurri guztien gainekoa. Maitasun horretan elkartzen gaitu Espirituak, Jesusengan ikusitakoa bizikizun bihurtuz, historia bihurtuz. Hirutasunaz hitz egitean, salbazio-historia zehatzaz ari gara hitz egiten eta ez egia abstrakto eta zuzen batzuez. Jainkoa ez da dogma bat, historia maitale bat baino.
Hor dauzkazu, irakurle adiskide horrek, igande honetako irakurgaiak. Ikusi nola Jainkoa libreki eta pertsonalki agertzen zaion herriari. Ezezaguna zena herri ibiltariaren bidera ateratzen da, errukiz eta onberatasunez. Eskubiderik gabe maitatua sentitzen denean, orduan ulertzen du herriak nor duen bere Jainko.
Jainko horrek, San Pauloren hitzetan, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren elkartasunean egiten gaitu kristau. Eta ebanjelioak misterioaren bihotza jotzen du bete-betean: «Hain maite izan du Jainkoak mundua, bere Semea eman dio».
Nola bizi eguneroko gure bizitzan Hirutasunaren misterioa? «Aitaren» egiten dugun bakoitzean, ohargabean seguru asko, geure burua kristautzat aitortzen dugu. Konturatzen al gara norenak garen, nork maite gaituen, noren zerbitzari garen, norengan dugun uste on, norentzat ari garen lanean?
Gure gurasoengan pentsatzen dugunean, kontura zaitez horiek ditugula Aita ezagutzeko lehen erreferenteak. Gurasoekiko harremanak eraman zaituela lehen-maitasunaren iturburura, sortu eta eusten dizun maitasun merezi gabeko horretara. Hor duzu atseden, hor altzo errukizkoa, hor zure askatasunaren iturria, hor zure barkazioa, hor zure izaera osoa.
Jesusek erakutsi dizu pertsona heldua izatearen abentura handia bizitzen. Giza aurpegia duen anaia egin zaizu. Hari ikasi diozu daukazun onena. Harena zara. Espiritu Santuak ez dauka «aurpegirik»; baina berak argitu dizu Aitaren eta Jesusen aurpegia bihotzean. Espirituak ematen dizu «misterioa» ikusteko begia; bera duzu entzuteko adimena; dohaina partekatzeko esku irekia bera. Gure bihotzetara emana izan zaigu, eta berak gidatzen gaitu dohainez dohain, askatasunaren bide maitaleetan.
Hauek denak irakurrita, beharbada, nahastua sentituko duzu zeure burua. Gehiegizkoa da hau dena, egia izateko. Sentimendu bakar bat sortu nahi nizun: Hirutasunaren «misterioa» esatean ez garela ari egia dogmatikoekin, maitasun guztien iturburu den lehen-maitasunarekin baizik. Gurekin interesatua dagoen Jainko hurbilarekin!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.