Hirutasun Santua B: Bakarra da

Eskuak(Igandeko ebanjelioa: Mt 28, 16-20)

Erlijio monoteistak, Jainko askodun erlijioak, jainkorik gabeko bizimoldeak… era askotako jarrera eta jokaerak daude han eta hemen. Jesus gabeko Jainkozaleak, Jainkorik gabeko Jesuszaleak, Jainko gabeko eta Jesus gabeko ateoak… Eta horien bereizketan sartuko bagina, betikoa gertatuko litzaiguke, eztabaida azken gabea. Azken gabea eta alferrikakoa. Hirutasunaren festaburua ospatzen dugu fededunok igande honetan. Hemen ere bilatu izan da eztabaidarako aitzakia: zer esan nahi du Jainko bat izatea hiru pertsonatan?, nola hiru pertsona Jainko bakarra izanik?

Zoritxarrez, azken batean eta denbora luzez, alferrikako zenbaki-ariketan ibili izan gara gure elizetan ere. Zenbaitek, gainera, horretan jarri du bere borondate osoa eta zenbaki-ariketaren arabera neurtu izan du jendearen fedea. Eta ez da hori inondik inora!

Auzia badakizu zer den? Honako hauxe: nik «ikusi» ote dut, «bizi» ote dut, «sentitu» ote dut, «sumatu» ote dut Jainko bakarraren esperientzia? Edo, galdera beste aldetik eginez, Jainkoaren esperientzia era hain sakonean bizi izan ote dut, «bakarra» dela ikusteko? Jainkoa bizitzaren «florero» bezala hartzen denean, asko eta era askotakoak izan daitezke J(j)ainkoak. Baina, Jainkoa ez da bizitza apaintzeko «florero».

Esaten da, Jainko guztiek balio bera dutela eta errespetatu egin behar dela guztien esperientzia. Errespetatu, noski! Horixe behar genuen, ez errespetatzea! Baina, Jainko guztiek teorian balio bera badute ere, galdera beste hau da: niri nor egin zait, zein Jainko egin zait, bihotzaren jabe? Betiko adibidea jarriko dizut beste behin: emakume guztiek duintasun bera dute eta teorian balio ere berdin balio dute; baina, bat egiten zaizunean bihotzaren jabe, emakume batez enamoratzen zarenean, emakume bakarra daukazu zeuregan! Eta, alderantziz, gizonaren kasuan ere berdin da.

Jainkoari gagozkiola, beraz, galdera hau da: Jesusen Jainkoa egin al zait bihotzaren jabe? Mendekostez ospatzen genuen Espirituak barrutik eman didan argiak Jesusen Jainkoa «esperientziaz ezagutzera» ekarri al nau? Hori gertatu baldin bazaizu, Jesusen Jainkoa «ezagutu» duzula, argi eta garbi ikusten duzu Jainkoa bakarra dela. Errespetatu denak egingo dituzu, baina zuretzat ez da besterik, Jesusen Jainkoa baino. Kristau-sinesmenaren esperientzia egin duenak «badaki» ez dela besterik.

«Esperientziaz ezagutu» esan dut, eta hala da. Kontua ez da Jainkoen filosofian aditua izatea, baizik Jainkoaren esperientzia egitea. Eta, atrebentzia eta guzti, esango nuke, gure eliztarren artean Jainkoaren esperientzia gutxi landu dugula. Eta gero nahasketak etortzen dira: Jainkoa Elizaren jokaeraren galbahean pasatzen da; eta nola Eliza gaizki dabilen, beste Jainko batzuk erakargarriago egiten zaizkigu. Elizak badu, noski, bere erantzukizuna, Jainkoaren irudi garbia ematen ez duelako; baina erantzukizun handiagoa duela esango nuke, Jainkoaren esperientzia lantzen ez duelako.

Nola landu daiteke Jainkoaren esperientzia, Jainkoa ez ikusi, ez ezagutu, ez entzun, ez neurtu ezin dugularik? Bide bakarra daukagu: Jesusen bidez hurbiltzea Jainkoarengana. Jesus da Jainkoaren argazkia, Jesus da Jainkoaren definizioa. Jesus da Jainkoaren neurria, Jesus da Jainkoaren hitza. Jesusi ere begira diezaiokegu, ordea, giza begi hutsez! Espirituak ematen du barruko begia Jesusengan Jainkoa ikusi eta ezagutzeko. Espirituaren argitan Jesus irakurriz Jainkoa ezagutzen da.

Eta, dudarik gabe, Jesusen Jainkoa «ezagutzen» duzunean, haren egintza askatzailea «ikusten» duzunean, haren dohaina «gozatzen» duzunean, haren presentzia askatzailea «sumatzen» duzunean, badakizu ez dela beste Jainkorik. Jesusen Jainko horrek bihotza hartzen dizu eta bihotzeko «bakar» egiten zaizu. Adituek eta filosofoek, teologoek eta moralistek, erlijio-zientzialariek, jarrai dezatela beren eztabaidetan. Zuri bihotza Jesusen Jainkoak harrapatu dizu, eta «bakarra» da!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.