Hirutasun Santua: Maitasunaz ari gara

Fedearen urtea1(Igandeko ebanjelioa: Jn 16, 12-15)

Hirutasun Santuaren festaburua ospatzean, hamaika buruhauste sortzen zaigu, batzuei gauza adierazteko eta askori gauza ulertzeko. Izan ere, «misterio» honen inguruan sarraski handia eragin baita. Hiru direla, bat dela, batean hiru, hirutan bat eta abarrekin ez dugu argia itzaltzea besterik lortu, eta «misterio» honek argia behar du. «Aitaren» egiten dugun bakoitzean bihotz fededunari sortzen zaion argia behar dugu.

Pena da, pena handia, Hirutasunaren egia adieraztean, dogmetan gehiago oinarritu izana, Ebanjelioetako esperientzian baino. Eta, zori txarrez edo onez, dogmek egia errazten duten bitartean mesede egiten dute; baina egia iluntzen eta estaltzen duten neurrian, kalte egiten dute. Eta Hirutasunaren misterioarekin, bigarrena gertatu zaigu, dogmak kalte gehiago egin digula mesede baino.

Ebanjelioetako esperientzia aipatu dut, eta hori da. Aitak Semea bidali duela gu askatzera, Semeak Aita erakutsi digula. Semearen Pazkoari darion Espiritua dela biak arnasa berean lotzen dituena, eta Espiritu horrek birsortzen duela guregan Jesusen misterioa eta esperientzia… Hori da Ebanjelioetan adierazi eta erakutsi zaiguna. Jainkoak bere Semearengan gertarazi duen historia harrigarria da Hrutasunak agertzen diguna.

Jakina!, Ebanjelioak buruz ulertu nahi direnean, jai dago. Ebanjelioak ez dira buruz ikasteko egia-bildumak. Ebanjelioetan maitasunaren berri eman zaigu, neurrigabeko maitasunaren berri. Eta maitasun horren harremanak entregatzen dizkigu Hirutasunaren misterioak. Jainkoa ez da bakartia eta hotza. Jainkoa maitasuna egin duen Jainkoa da. Eta bere Semea mundura bidaliz, maitasun horren edertasun betea gertarazi digu.

Beraz, Hirutasunaz ari garenean, maitasunaz dihardugu. Pentsa ezazu: zenbat maitasun erakutsi zaigun Eguberriko misteriotik hasi eta Pazkoko Mendekoste bitartean! Haurtxo txiki hartan zenbateko maitasuna Belenen! Nazareteko isiltasunean zenbateko kuttuntasuna! Jesusek, bataioa hartuta, abiarazi duen ibilbidean zenbateko notizia eta eta berri ona! Gero, Nekaldiko eta Pazkoko argitan… «Begira zenbat maite izan zaituzten Jainkoak, bere Semea emateko!». Eta maitasun hori, Pazkoko bake-agurrean, deitu bakoitzaren arnasa bihurtu da, Espirituaren dohain aberatsa eman baitzaigu, maitasunaren historia eta esperientzia bizi ahal izan dezagun.

Hobe genuke zenbakiez ahaztea! Hobe genuke dogma bere horretan errespetatu eta asko ez erabiltzea! Hobe genuke Ebanjelioetako hitz xumeez baliatuko bagina, eman zaigun misterio ederra adierazteko! «Egiaren Espiritua datorkeenean, hark gidatuko zaituzte».

Ikas dezagun, bai, «Aitaren» egiten: maitasunaren Jainkoaren eskuetan bizitzen, Jesus bezala eta hark erakutsi bezala, horretarako bien Espiritu arnasemailea apaltasunez eskatuz. Maitasunaz ari baikara!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.