Jaunaren antzaldatzea: Mendira igo, menditik jaitsi

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 17, 1-9)
Gaur, abuztuaren 6an, Liturgiaren iganderoko martxa alde batera utzi eta Jaunaren Antzaldatzea ospatzen dugu. Eta gaurko ebanjelioak mendiko gertaera harrigarri eta argizko hura aipatzen digu. Jesusek une ilunak bizi zituen garai hartan. Bideak argi ez ikustearen une ilunak. Hasierako bere usteak ez zituen betetzen ikusten. Jendearen erantzuna erabat kontra jarri zitzaion. Mesiastasun-bideak kontrako norabidean ote zihoazkion, alegia. Eta Jesusek gauzak bere onera ekarri beharra sentitzen du. Bidean alto egin beharra, gauzak nola diren eta nola izan behar duten pentsatzeko.
Eta Jesus mendira erretiratzen da. Mendiko bakardadea du bere Aitarekin solasean egoteko gunea. Bere Aitarekin aurrez aurre argitu beharra dauka bere barrua. Bere barrua eta bere bideak. Eta gaurko ebanjelioak argi distiratsuen eta testiguen sinbolismoan aipatu digun esperientzia sakona bizi du Jesusek.
Israelen historia begiratuz (Moises) eta profeten adierazpenak kontsultatuz (Elias), bere bideak argiago ikusten hasten da. Bere barrua argitzen dion esperientzia sakon eta erabaki­tzailea bizi du inolaz ere Jesusek Tabor mendian. Eta berriro ere eguneroko ibilbidera itzultzen denean («ez zuten Jesus besterik ikusi»), Jesusek argi eta garbi dauka zein den bidea eta zein den zain daukan zoria: Jerusalemera igo behar du; eta horrek han bizia ematea esan nahi du.
Beraz, hitz gutxitan esateko, Jesusek argi ikusten du frakasoa onartu beharra daukala bere mesias-bidearen ezinbesteko osagaitzat. Judu jendeak espero zuen mesianismo zaratatsu eta dirdaitsu hura ez zen gertatuko. Mesias izango zen, baina zerbitzu-bidean bere bizia entregatuz. Eta esperientzia horretatik aurrera, Jesusek inolako disimulurik gabe azalduko die bere ikasleei frakasoaren eta hil-beharraren bidea.
Honek guztiak badu, nire ustez, gaurko fededunontzat ere mezu bikain askoa. Garai zailak bizi ditugu. Kristau eta fededun izatearen inguruan sortu den giroa ez da samurrena eta gozoena. Gero eta gehiagotan eta gero eta jende gehiagori entzuten zaio «hau bukatzera dihoa» esaten. Badirudi kristautasunaren programak porrot egin duela. Jainkoaren erreinua gure munduan gertarazteko asmoak ez direla inoiz guk uste bezala bideratuko. Eta, zer nahi duzu esatea?, jende askotxo ikusten dut nik adoregabetuta, etsita edo.
Gaurko jaiak argi-bidean jartzen gaitu. Hor daukagu egin behar genukeenaren programa. Mendira igo aurrena. Gauzak argitu nahi dituenak, alto egin eta bakardadeko elkarrizketa argitzailea bizi beharra dauka. Irtenbideak eta argitasunak ez zaizkigu kanpotik etorriko. Norberak barruko elkarrizketa sakonean bilatu beharko ditu. Ebanjelioen jokamolde ereduzkora jo beharko dugu. Jesusek proposatu zigun bidea «geuretu» beharko dugu. Jainkoaren asmoak nolako bideak hartzen dituen han aztertu beharko dugu. Eta gure bideen arrastoa erreten beretik eraman beharko dugu.
Jesusek bizi izan zuen esperientzia bera bizitzea da kontua. Ebanjelioarekin elkarrizketan, Jainko Aitarekin topo eginez, gaur egun frakasotzat jotzen dugun hori asimilatu egin beharko dugu ebanjelizazioaren osagai gisa. Kristau-jarduerarekin lotuta dihoana ez da derrigor arrakasta eta erraztasuna. Gehiagotan izaten da frakasoa edo zailtasuna. Baina gizartean frakasotzat jotzen dena ez da derrigorrez «azkena» edo «galera» izaten. Ebanjelioak bide bereziak ditu. Eta bide horiek ulertzea, barrutik onartzea, ezinbestekoa du fededunak.
Akaso-akaso urte askotxo bizi izan genituen dena bere «onean» zihoalakoan. Eta akaso-akaso arrakasta lotu izan dugu ebanjelizazioarekin. Hobe dugu eskema eta ulerkera alda­tzea. Ebanjelioko bideak ez dira inoiz oso arrakastatsuak izan. Ebanjelioaren bide «galdu eta frakasatuak» mendiko esperientzian argitzen dira. Hori da, beraz, fededunaren eta ebanjelizatzailearen bidea: mendira igo eta menditik jaitsi.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.