Jaunaren Bataioa: Bataioa zainetan

JUAN BAUTISTA SANTO...SOLEMNIDAD DE LA NATIVIDAD 24 JUNIO . B. MEGF. DOM. 24 JUNIO 2012.(Igandeko ebanjelioa: Mt 3, 13-17)
Eguberri garaia burutzean, Jesusen Bataioko pasadizoa ospatzen dugu. Aurreko egunetan haur ikusi eta gurtu duguna, heldua azaltzen zaigu Bataioko honetan. Nazareten eman ditu bere urte gazteak, eta orain bere eginkizun agerikoari hasiera eman behar dionean, Joanengana hurbiltzen da, hark bataia dezan. Joanek ezin du ikusten duena ulertu, are gutxiago onartu. Jesusek egiten duena bidegabekeria iruditzen zaio. Baina Jesusek badaki zertan dabilen!
Jesusek bere mesiastasunari ekiten dionean, herriarekin bat egin nahi du. Herriaren ibilbidean inplikatu egiten da. Hondo-hondoraino inplikatu ere. Horregatik nahi du Bataioa hartu, beste edozein bekatarik hartzen zuen bezalaxe. Badaki historia jakin baten zerbitzura datorrena, eta historia horren uretan murgiltzen da: alde batetik, ur kutsatuen zikina bere gain hartzeko; eta bestetik, ur haiek bere zerbitzuaz garbitzeko. Mesias omen zenak ez ote zuen garbitu-beharrik-gabekoa izan behar? Horixe zitzaion geldera Joan Bataiatzaileari. Ez zuen Jesusen jokabidea ulertzen.
Ezer askatu al daiteke inplikatu gabe? Askatu nahi duzun horretan nahasten ez bazara, nola askatu? Gauzak ez dira kanpotik konpontzen. Eta Jesusek badaki hori. Gizakion historian sartzen da, barru-barruraino, guk bizi duguna bera bizitzeko. Gu bustitzen gaituen ihardunaren aparretan murgiltzen da, berak ere guk senti­tzen duguna senti dezan. Jesus zerbitzera dator, eta zerbitzariak egiaz ezagutu nahi ditu zerbitu behar dituenak. Jesusek libre izaten ikasi du, Aitaren borondatea zerbitzeko. Eta Aitaren borondate horrek zuzenean gizakion zerbitzura jarri du. Jesus, beraz, libre da, gizakion beharra zerbitzeko. Oso libre izan behar, era horretan eta horrenbesteraino zerbitzeko. Libre ez denak, ez daki sakonetik inplikatzen.
Gu ere bataiatu ginen, fededunok alegia. Bataiatu, inplikatzeko, uste dut. Zerbitzurako. Zeintzuk dira nire inplikazioak? Zer inporta zait benetan? Zerk demaio bere sentidua nire bizitzari? Zeri nago atxikia? Fededun zenbait giza-mailako zerbaitetan dago inplikatua: seme-alabak, bikotea, lana, solidaritza, justizia soziala… eta errealitate horiek fedetik argitzen saiatzen dira. Beste batzuk, berriz, Jainkoarengan duten fedean daude leporaino inplikatuak. Eta Jainkoak nahi duenaren argitan bizi dute beste guztia, eguneroko bizitza eta lana. Beste asko, ordea, ez dago ezertan inplikatua. Beren interesen eguneroko leiha bizi dute, bestelako nahasketarik gabe.
Libre al naiz, nahasteko? Erreinuaren bideetan nahasteko behar den barne-askatasunak ez ote nau beldur­tzen? Prest al nago Jesusen ikasle eta jarraitzaile izateko, ekar ditzakeen ondorio guztiekin? Jesusen abentura kontrolaezina bizitzeko libre al nago? Kontrolaezina esan dut, eta ongi esana. Kontrolatzerik balego ez liguke hainbeste beldur emango. Baina, egunero-egunero Jesusen bideak sor diezadakeen nobedadearen harian bizitzeak, beldurra ematen dit, garbi esanda. Kontua ez da, beste batzuk baino hobea edo txarragoa izatea. Kontua da fedearen eguneroko abentura bizitzea.
Libre izaten ikasi behar. Libre izatea eragozten digun lotura gehiegi daukagu, interes gehiegi. Hainbeste gauza pilatu dugu. Hainbeste interes daukagu. Hainbeste lokarri kuttun. Eta horiek denak uztea…. Askotan, asko kostatako gauzak dira. Libre izatea ez zaigu batere erraza. Eta hori bai: Jesusen jarraitzaile izan nahi duenak, libre izan behar du. Edo haren segizioan libre izaten ikasi behar du. Bestela ez gara Erreinua zerbi­tzeko libre izango. Bestela ez gara ezer askatzeko libre izango. Bataiatuak, bataiatua delako, libre izan behar du zerbitzurako!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.