Jaunaren Igokundea

Igokunde(Igandeko ebanjelioa: Lk 24, 46-53)
Gure giza moldeari asko kostatzen zaio «nibelak» manten­tzea. Gizartetik ez bada geure barrutik, baina nonbaitetik beti sortzen zaigu gizatasunaren kontrako erasoa. Mundu honetan gabiltzan bitartean, erne ibili e­zean, ustekabean jaisten zaizkigu «nibelak». Jardunaren jardunez, askotan ahaztu egiten dugu gizatasun-neurriak zaintzea. Eta ustez gizatasuna lantzen eta garatzen ari ginelakoan, gerta dakiguke gure gizatasunak egundoko «deficita» nozitzea. Eta gaur, nire gusturako, gure gizartean gizatasun-eskasia nabarmena daukagu. Nibelak oso behera erori zaizkigu.
Eta, hau esatean, ez nuke alarmista izan nahi. Dena beltz ikusi eta azaltzeak ezer gutxitarako balio du. Baina, hala ere, esan beharra daukat, balio nagusien erreferentziak galdu ditugunean, gure gizatasunaren norabideak okertzeko arrisku gorrian bizi garela. Norberak ahalegin ohartua egiten ez badu, gizarteko giroak edo komunikabideek bestelako ibilbidera eramango gaituzte. Eta, oharkabean, gizatasunaren borroka askatzailean aurkitu ordez, zeure burua gehiengoaren ibilbide ganorabakoan aurkituko duzu. Zu zeu izan beharrean, «giroak» bildu duen artalde batean galduta dabilen kide izango zara. Zaila da libre izan eta libreki bizitzea.
Eta hori guztia balio nagusi batzuen erreferentzi ezetik dator. Zeintzuk dira gaurko gure gizarteak sutsu bizi dituen balioak? Une honetan, futbola! Neurriak galdu ditugu erabat. Azken aspaldian ikusi ditugunak ikusita, nik neuk garbi ikusi dut komunikabideek (batzuek behintzat) neurri gehienak galdu dituztela. Egia izango da, ekarpen handiak egin dituztela gure futbolariek. Baina neurriak galtzen hasita, horrenbesteraino gal zitezkeenik ez nuen sekula pentsatuko. Baina, ikusi nahi duenarentzat, errealitatea hor dago gordin eta garden. Gauzak, zori­txarrez, diren bezala dira edo komunikabideek nahi duten bezala dira.
Gero horretatik indarkeria eta txikizioak eta «ganberrismoa» sortzea, ez da asko harritzekoa. «Irabaztea» da balio duen bakarra. Besteen gainetik azaltzea. Eta, azpi-azpiko sator-lan gordean, irabaztea egin dugu gure gizarte honetako balio goren. Eta, bien bitartean, gizatasun-nibelak nola daude? Pertsonaren balioa, nola? Beharbada, denok sartu beharko genuke geure barrura eta azterketa sakon xamarra egin, ea zertan ga­biltzan. Taldekeria edo artaldekeria itsuak ez gaitu bide onetik eramango eta horretan norberak ibili be­har du azti. Bestela, egunen batean, gure norabide guztiak itxi zaizkigula ikustea ez da gozoa izango!
«Eta bedeinkatzen zituen bitartean, zerura eraman zuten». Igokunde festaburuak bestelako bokazioa jar­tzen digu begien aurrean. Ebanjelioak aipatzen duen «zeru» hori ez da leku bat. Ez da guretik aparte eta gainetik dagoen beste leku bat. Jesus bera da zerua. Ebanjelio-biziera da zerua. Jesusek eskaintzen duen giza moldea da zerua. Igokunde festaburuak gure «nibelak» jasotzeko deia egiten digu. Bada, geuretik atera gabe, oinarrizko giza zoriona. Bada gizaki izateko beste molde bat. Bada denok elkar gaitzakeen bes­te «aberria». Bada gizakiok geure burua sakon eta eder garatzera garamatzan beste indar askatzailea. Jesusek bedeinkatu gaituenean, askatasun beterako bedeinkatu gaitu.
Denok jaso beharreko erronka daukagu gaurko jai ederrean. Denok esatean, Eliza, politika, agintariak, komunikabideak, denak sartzen ditut. Gutxienera jota ere, gizarte hau nora eta nola eraman nahi den galdetu beharko litzateke. Dena ez da «irabaztea». Dena ez da «audientzia». Dena ez dira «botoak». Dena ez da «jendea edukitzea». Borroka egitekotan, bestelako balio nagusiago batzuen garapenean egin beharko genuke. Jendea gizatasunaren «zerura» jasotzen saiatu beharko genuke. Gizartea ganoragabekerian hezten denean, erantzukizuna eskatu nahi zaionean ere ganoragabez erantzungo du. Gizatasuna nahi duenak, gizatasuna erein behar du.
Denontzat mesedegarri izango litzateke gizatasunaren «nibelak jasotzea».

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.