Kristoren Gorputz-odolak A: Bizirako ogia

(Igandeko Ebanjelioa: Jn 6, 51-59)
Jesusen Gorputz-odolen misterio handia ospatzea ez da hutsean gelditzen den lora-festa. Oraindik gogoan ditugu, beharbada, garai bateko prozesio handiak, lora artean eta belarrezko alfonbra dotore baten gainean egiten zirenak. Kustodia urreztatuan Ostia zuria zela eta herriko koruak «O salutaris» kantatzen zuela. Komunio txikia egindako haurren irribarre gozoak gorteiaturik. Egun hura izaten zen txarolezko zapata berriak estreinatzeko egunetako bat. Umetan bizi izandako koadro horiek ez dira berehala ahazten.
Gaur, orohar (bai baitira salbuespenak), ez gaude ikuskizun argitsu horietarako. Gure kaleetako galipota ez dago loraz eta azeri-buztanez estaltzerik. Gaurko sekularizazioak ez du ametitzen era honetako agerraldirik.
Beste eliz agerraldi asko bezala, Gorputz-eguneko prozesioa ere «erretiratu» egin behar izan dugu edo gutxieneko azalpen sinbolikora mugatu. Beharrezko apaltasun honek ez ahal digu misterioaren indarra motelduko eta Eukaristiarekiko gure miresmena itzaliko! Apaltasun hori jantzi egokiagoa gerta dakioke Eukaristiari, zergatik ez?
Palioaren itzalean eta kustodia urreztatuan eraman ezin dugun Ogi zuria, geure bihotzen maitasunezko itzalean eraman behar dugu, gizarteari bihotza emateko. Perosiren «O salutaris» kantua plazan kantatu ezin dugunez, geure eguneroko plaza txikietan kantatuko dugu, eguneroko jardunean, eguneroko lan eta eginkizunetan; ahotsez ez bada, geure zerbitzuaren irribarrez abestuko dugu alabantza. Kaleak loraz eta azeri-buztanez estali ezin ditugunez, pobreen bidea solidaritatez estaliko dugu, mundu duina bizi dezaten haiek ere. Ikuspuntua asko aldatzen da, dudarik gabe; Eu­karistiaren dohaina apenas!
Ikuspuntua aldatu esan dut, eta hala da. Aldaketa honek Eukaristiarekiko gure jarrera aztertzera ekarri behar gaitu. Nor da, zer da niretzat Eukaristiako Jauna? Igande honetako irakurgaiek ederki biltzen dute Ogi-ardoen misterio aberatsa, beraren alderdi desberdinak aipatuz.
Aurrena, Eukaristiak badu alderdi pertsonal alboratu ezina. «Ogi honetatik jaten duena betiko biziko da». Eta esaldi honen inguruan, bakoitzak barneratu beharreko prozesu baten jarduera aipatzen zaigu ebanjelioan. Azken batean, sinesmenaren zuztarrak ukitzen ari gara. Ogitik haragira eta haragitik Espiritura doan bidea ez da berez egiten. Barne-irekitasuna eskatzen duen ariketa batean aurkitzen gara. Eta ariketa hori ezinbestekoa izateaz gain, nor bakoitzak egin beharrekoa da.
Badu misterioak, gainera, eliz alderdia ere. «Zatitzen dugun ogia» gorputz bat egiten gaituen ogia da. Eliza bere sustraian eraikitzen duen misterioaren aurrean aurkitzen gara. Gaurko Elizak, bere ezinean eta bere zatiketetan eta bere desberdintasunetan, ogi beraren «komunioa» behar du. Eukaristiarekiko debozioak ez luke mami mardulik izango, eliz elkartearen planteamentua egitera eramango ez bagintu. Eta badugu gaur bertan zer planteatua!
Azkenik, Eukaristiak, Israel herria bezala, bidean jartzen gaitu, gizartearen ibilbidean. Eta alderdi hau ere oso berea du Eukaristiak. Solidaritatearen eta misioaren alderdia kenduko bagenio, Eukaristia hustu egingo genuke. Debozio «itxiek» arrisku hori dute. Gorputz-eguneko prozesioari sentidu hau emango bagenio eta gizarteak sentidu honetan begiratuko balu, izango luke mezua: gizarterako dela Jaunaren Ogia, solidaritatea dela Ogi zatitua, pobreenekiko maitasuna dela Jesusen dohaina!
Festaburu dirdaitsua da Gopuzti, baina esanahi eta konpromiso handikoa ere bai. Bidezkoa da fededunok poz handiz ospatzea. Eta festa bere onean ospatu nahi badugu, ezinbestekoa da gizarte sufrituarekiko hurbiltasun bihurtzea. Bizi gaituen ogia maitasunez ospa dezagun! Eta pobreak biziarazten dituen ogia solidaritatez ospa dezagun! Bizirako ogia baita Eukaristiakoa!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.