Mendekoste: Ahoz ahoko arnasa

Espiritua(Igandeko ebanjelioa: Jn 20, 19-23)
Mendekoste egunak burutzen digu Pazkoa. Jesus berpiztuak Espiritu Santua ematen digu, eta Elizak har­tzen du Jesusen ekintza askatzailea munduan mamitzeko eginkizuna eta enkargua. Espirituak, Elizaren orduari hasiera emateaz gain, Jesusen presentzia ziurtatzen du gure artean. Bakezko presentzia eta barkaziozko presentzia. Fededunontzat egiazko oxigenoa da Espiritua.
Hartu duen eginkizuna handia baita Elizarentzat, eliztarrentzat. Handiegia. Jesusek azaldu eta eman digun ekintza askatzailea gaur egungo gizartean bideratzea, hori gehiegizkoa iruditzen zaigu. Eta, hala ere, horretara izan gara bidaliak. Esan balitzaigu bezala: Jesusek guregana ekarri duena gizon-emakumeengan gertaraztea zeuon esku daukazue. Eta gure gizartearen norabideak ezaguturik, badakigu gehiegizkoa dela eman zaigun eta hartu dugun egitekoa. Zein da egitekoa?
«Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet». Bakea eman zaigu, bakea egin dezagun. Bakea mamitzeko enkargua daukagu. Eta, bakea egin ezinik, nekaturik ere bagabiltza. Gure bakeari kantzer larria eta sakona zabaldu zaio, eta bake-faltak gure egiturak hartu dizkigu.
Politika, kultura, heziera… gizartea bera hartu digu bakerik ezak. Eta Eliza ere bai, zenbait mailatan. Eta bakearen arnasa bueltatu ezinik gabiltza, ito beharrean. Mendekoste egunak Jesusen ahoz-ahoko arnasa ematen digu. Eta Jesusen arnasa bizi-oxigenoa gertatzen zaigu. Espiritua ematen zaigulako, jarrai dezakegu bakearen lanean, bakearen eguneroko amets apurtua konpontzen, bakezko egun ederrean amets egiten.
«Zuek barkatzen diezuenei». Bakearena esan dugu. Gauza beretsua esan beharko genuke barkazioari buruz. Gure gizarteari barkatzen ahaztu egin zaio. Ez daki barkatzen. Beharbada arazoak sendatzen direla ematen du, gizartearen abiada ikusgarria izanik, berehala batean atzera gelditzen zaizkigulako.
Baina arazoak ez dira konpontzen gure artean barkazioz. Ez dira gelditzen sendatuak. Eta noizbehinka azaldu egiten dira konpondu gabeko arazoen zauriak. Jesusek bidali gaitu barkazioaren puja berria  gizarteari txertatzera. Borroka eta lehia bizian dabilen gizarte honek ez digula onartzen barkazioa, eta arnasa galtzen dugu? Mendekoste egunak ahoz-ahoko arnasa ematen digu. Eta etsi gabe jarraituko dugu barkazioz gizartearen barrua gozatzen eta beratzen. Barkazioak, agortezinezko iturri, edertasuna sortzen baitu.
«Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean». Jakina, ez gaude bakarrik bakezko eta barkaziozko lan honetan. Ez gaitu Jesusek suizidiora bidali. Bera gurekin dator. Espiritua Jesusen presentzia baita, espirituzkoa baina benetakoa. Kontrolatu eta kapritxora erabili ezina, baina benetako presentzia. Arnasa dugu, hitz batean. Gure bizia eta eguneroko lana ahalbidetzen dizkiguna. Mendekoste eman zaigulako, fededunok jarrai geniezaioke Jesusek eman digun egitekoari.
Mendekostek ez gaitu erraldoiak egiten, heroiak egiten. Lehen bezain arnasfaltan gabiltza, egia da. Lehen bezain ahul eta koldar. Beti bezain beldurti. Gehiegizko eginbeharraren itolarrian. Baina ez zaigu inporta, arnasa berria ematen baitzaigu une bakoitzean. Mendekoste oxigenoa da. Eta larri bada ere, bizi gara. Larri bada ere, jarraitu egiten dugu. Inoiz, ezinak gaina hartzen digunean, erori ere egiten gara, erabat ahulduta, lurjota. Orduan ere, badugu arnasa, Mendekoste ahoz-ahoko arnasa baitugu.
Eta gizarteak ere hartzen du Mendekoste egunaren arnasa berria. Guk behintzat hala sinesten dugu. Jesus berpiztuaren Espiritua dena berritzen ari baita, dena eder egiten. Horregatik ez dugu etsitzen eta ez dugu e­tsiko. Mendekoste daukagun bitartean, arnasa daukagu!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.