Mendekoste: Arnasa behar dugu

(Igandeko Ebanjelioa: Jn 20, 19-23)
Arnasa falta dugula esatea, ez dakit gehiegi esatea ote den, ez dakit. Baina, uste dut baietz, arnasa falta dugula. Bizi-barruti askotan falta dugu bakoitzak arnasa; baita gure gizarteak eta gure Elizak ere. Arnasa horri izen asko eman dakioke, noski: Espiritua izan daiteke, adorea izan daiteke, sormena izan daiteke, ilusioa izan daiteke, gogoa izan daiteke, itxaropena izan daiteke, barne-indarra nolanahi ere, arnasa alegia. Eta esan beharrik ez dago, arnasa falta denean, oinarrizkoena falta da, bizia falta da.
Elizari dagokionez, gure arnas faltak aztarren asko uzten ditu, ikusi nahi dituenarentzat. Egia da, ez gaudela etxafuegoak botatzeko. Gure elizetan ez da ilusioa eragin diezagukeen gazte-andanarik ikusten. Zalan­tza handiak jasateko lain fede sendoa ere ez zaigu ageri. Orain gutxira arte ustez oinarrizko genituenak orain duda-mudan jartzen zaizkigu. Gizartearen bideak erabat bestelakoak dira. Ematen du gureak egin ote duen. Askok hala esaten digu gainera, gureak egin duela. Arnasak motelaldia izatea ez da, beraz, harritzekoa.
Eliz gidarion artean ere arnasa falta da. Ez dugu ordezkorik. Inoiz pentsatu izan baldin badugu eskaintzen dugun zerbitzua benetan ederra dela, badirudi gaur egun ez zaiola inor askori interesgarria gertatzen. Eta jardunaren poderioz, emaitza handirik ez ikustearen poderioz eta urteen pisuaren poderioz, arnasa motel, bularra melar. Bestalde, gaurko gizartearekin elkarrizketan bizitzeko ahalegina egiten baduzu, gerta liteke (gertatzen da) eliz erakundetik ere arnasa moteltzeko arrazoiak izatea. Gure familietan ere arnasa falta da, ezta? Gauzak asko aldatu dira, eta ez bakarrik fedeari dagozkionetan. Elkarbizitza, harremana, heziketa, balioak… oraindik orain oso bestelakoak ziren. Gauza askotan hobera egin dugula bistakoa da, baina beste gauza askotan…
Eta guraso askok beren seme-alaben etorkizunak zer bide izango ote duen kezka bizi du; seme-alaba horiek hasi duten proiektua aurrera eramaterik izango ote duten; «suertea» izango ote duten ba! Eta jende askotxo dabil arnasa ahituta. Gure familietan bide berriak aurkitu ezin bagenitu bezala. Famili eredu berria marraztu ezingo bagenu bezala.
Gure gizartean ere arnasa falta ote den! Bakegintzaren ilusioak indarra galdu digu. Zerbait aldatzen hasi ote zen, baina… Inoiz baino gertuago ote geunden bakearen gozotik. Baina, badakigu eta eskarmentuz dakigu, gure ilusioak askotan lehertu zaizkigula eskuetan, eta oraingoan ere hala izan da. Hainbestetako frustrazio izan dugu eta neurritsu (etsita?) mantentzen gara. Bakegintzan hori. Eta lanaren  ahuldadea; ohituren aldaketa; balio-galera; indibidualismo eta bakarkeria; beldurra…
Gaur Mendekoste ospatzean, arnasaren ahulaldi asko eta era askotakoak aipa daitezke. Baina, gaur Mendekoste da. Arnasa hartzeko eguna. Gure arnas motelaldia bizkortzeko eguna. Hormak puskatzen diren eguna. Denek ulertzen duten maitasun-hizkerak indar berria hartzen duen eguna. Eliza gizartera ateratzen den eguna. Berri Onak bere beldurra galtzen duen eguna. Kaleak pozez blai jartzen diren eguna. Harreman berrien eguna. Mundu anitza senide eta gertuko egiten den eguna. Denok elkarren kideko senti gaitezkeen eguna. Bizitzeko poza eta sentidua ematen zaigun eguna. Itxaropenak sentidu izan dezakeela eta baduela ikusten den egun berezi eta handia.
Horregatik, bakoitzak arnasa hartzeko eguna da gaur. Fededuna sar bedi bere fedearen sakonenera eta utz biezio Espirituari bere berritasun-durundia gertarazten, eta dena berritzen, barru eta kanpo. Kristau-fededun ez dena sar bedi bere gizatasunaren erraietara eta utz biezaio arnasari giharretaraino aide freskoa sarrarazten. Gizatasunak ere bere egun handia baitu gaur. Eta ez fede eta ez gizatasun sentitzen ez duenak, hel biezaio «bere beharrari» gerri-gerritik, gure beharrean ere bai baitaki Mendekosteko Espirituak bere dohaina erregalatzen. Eta Espirituak arnasa emango digu, arnasa behar baitugu!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.