Menedekoste: Haize indartsua!

Espiritua(Igandeko ebanjelioa: Jn 20, 19-23)

Mendekoste eguna iritsi orduko, sekulako irudi andana datorkigu liturgian eta bestelako testuetan. Espiritua zer den esateko eta beraren alderdi asko eta anitzak azaltzeko, aukera bakarra irudi desberdinak erabiltzea da. Zenbaitetan elkarren kontrako irudiak ere bai: adibidez, haize fina eta haize-bolada indartsua. Biak dira egiak, Espirituak bai baitaki aire finez barrua gozatzen eta badaki haize bulartsuz bazterrak dantzan jartzen. Noiz zer behar, hala jokatzen du Espirituak.

Izan bekit zilegi, gaurko lantxoan haize indartsuaz jardutea, gure Elizak behar baitu haize indartsua eta gure gizarteak ere behar du haize-bolada indartsua. Eliza barrutik garbitzeaz gain, Elizaren ateak kanporantz irekiko dituen haize indartsua behar dugu. Gizartearen begirada garbituko duen haize indartsua. Zabor eta sastraka guztiak erre eta garbituko dituen haizea behar dugu, pertsonaren duintasuna agerian azal dadin eta biziaren balioa bistaratu.

Afaltokian zeuden ikasleek ederki sumatu zuten Espirituaren haize-bolada. Beren lozorrotik atera zituen eta guztiengan beste hizkera bat sortu zen, esperientziaren hizkera, dena argiz janzten duen bizikizuna. Eta kalera atera ziren eta kalea ulermen berriz eta harriduraz bete zuten. Ez ziren lehengoak. Ez zeuden normal. Zerbait berezia bizi izan zutela sumatzen zitzaien. Espirituaren haizeak erabat berri eta berritzaile egin zituen.

Gure Eliza maiteak ere haize horren erasana behar du. Eliza osatzen dugun fededunok Espirituaren eragin sakona behar dugu. Aspalditik sumatzen dugu ez gabiltzala bizi-indarrez. Aspalditik ikusten dugu gauza asko berritu beharrean gaudela. Ikusten dugu gizartera beste era bateko hurbiltasunez iritsi beharra daukagula, baina ez dakigu nola. Ikusten dugu eskuartean darabiltzagun moldeak hilak dauzkagula. Zerbait berria sortu eta ernarazi beharko genuke. Baina ez dakigu nola edo ez daukagu hartarako indarrik.

Eta dena zahartu egin zaigu, zaharkitu, indargabetu, hustu. Bizirautea besterik apenas bilatzen dugun. Ahal den bitartean, segi. Zerbait berriaren aztarren txikienak poztu egiten gaitu. Baina, non dira gazteak? Non dira gizarteko eragileak? Non da elkarteetako poza? Non da senidetasun bizia? Non dira, pobreen kezka benetakoa bizi dutenak? Non dira, kristau-elkartea zerbitzatzeko borondatea daukatenak? Non da ilusioa eta aurrera-nahia? Non da, gizon eta emakumeen bidera aterako den Eliza pobre eta librea? Bistan da, Espirituaren haize-bolada sendoa behar dugula!

Eta gure gizartean, nork babestu behar du pobreen bizia? Nork babestu behar du ahulenen bizi-poza? Nork alaitu behar ditu zaharrak eta gaixoak? Nork bideratu behar ditu emakumeen eskubideak? Nork geldiarazi behar ditu armagintza hiltzaileak eta horien jarduera beltzak? Nork poztu behar ditu minbiziaren berriak tristetu dituenak? Nork poztu behar du seme edo alaba gaztea hil zaion ama samindu hori? Nork hots egin behar ditu giza balioak eta pertsonaren eskubide oinarrizkoak? Bistan da, gizarteak ere Espirituaren haize-bolada sendoa behar duela!

«Bidaltzen zaituztet», esaten digu Jesusek. Hara ba! Guk izan behar omen dugu haize-bolada sendo hori. Guk eragin behar omen dugu, bai Elizan bai gizartean, Jainkoaren erreinuaren berrialdia. Guk babestu behar omen dugu bizi babesik gabea. Guk eraman behar omen dugu poza harremanetara. Guk hots egin behar omen dugu egin daitekeela bestelako mundua. Guk salatu behar omen dugu injustizia eta eginarazi justizia pobreen alde. Guk! Guk, gizagajo ahulok!

Betor Mendekoste! Gerta bedi berriro, giza legez espero ezin dezakegun berrialdia. Eliza osatzen dugun fededunok senti dezagula Espirituaren indarra. Gizarteak senti dezala biziera berri eta bestelako baten poza. Berriro ere, ateak ireki eta entzun dadila soinu berria. Espirituaren haize indartsua!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.