Pazko igandea: Pazkoko presa

PAzko-Harria kenduta(Igandeko ebanjelioa: Jn 20, 1-9) Aste Santu kargatuaren buruan, Pazkoa dugu. Aste Santu kargatua diot, zeren esperientzia sakon eta hondo-hondokoak bizi izan baititugu. Gertatzen ikusi ditugunak eta gertatutako horien barruko pisua, handia izan da, ikusgarria. Hainbeste maitasun eta hainbeste karga! Ostiral Santuko gurutzeak denok utzi gaitu barrutik jota, maitasunaren zauri sakon bezain salbagarriz ukituta eta hunkituta.

Eta horren guztiaren buruan, Pazkoa! Jesus bizi da! Jesus piztu egin da! Eta mundu guztia korrika hasi da: Maria Magdalakoa Pedrorengana lasterka. Pedro eta beste ikaslea hilobirantz korrika. Berri Ona ikusi eta eraman nahiaren presa, ebanjelizatzaile orok bizi duena da. Berri Onaren pozak, Berri Onaren sorpresak, presaka jartzen gaitu.

Gaurko Elizak presa honen prozesua egin beharra dauka. Gure Elizak bilaketaren korrikaldia egin beharra dauka. Gaurko eliztarrak «ikusi» beharra dauka hilobian ez dagoela. Eta, hori ikusita, testigu eginik, senideengana korrika joan behar du, notiziaren gozotasunez lasterka. Ez ote dugu presa galdu? Ez ote gara motelaldi sakona bizitzen ari? Ez ote dugu ilusioa galdu?

Pazko egunak presa sartu behar digu. Ez aztoramen itsua, baizik maitasunaren presa, notiziaren urduritasuna, adierazi nahiaren egon ezina. Eta presa horrek, aurrena, esperientzia barneratzearen prozesua sortu behar du. Notizia falta denean alferrik da korrika ibiltzea. Eta notiziaren prozesuak bere denbora eta bere barne-lana eskatzen du. Hau ez da berez eta berehala sortzen. Begira Maria Magdalakoari: artean ilun dagoela, bila doa. Harria kendua ikusten du, zeinu deigarria. Eta ez du besterik behar. Bidea egin du eta bideak Pazkoaren muinera eraman du.

Eta gero, notiziaren presa. Presa ebanjelizatzailea. Barrutik irten eta gizartera jo lasterka. Barruko arazoak alde batera utzi, eta gizarteari zor diogun Berri Ona eraman. Kaleari zor gatzaizkio. Egia da, Eliz barruan arazo asko dugu, konpondu behar asko, garbitu behar asko. Baina gure grinaren helmuga kalea da, gizartea da, sufritzen ari den gizon eta emakume bakoitza da.

Aurtengo Pazkoak, «Fedearen Urtean» ospatzen dugun Pazkoak, geure sinesmenaren egoeraz jabetuarazi nahi gaitu. Egoera pertsonalaz eta eliz egoeraz ere bai. Ardura handia daukagu eman zaigun notiziaren eskutik. Jesus bizi dela, Jesus piztu dela, ez da edonolako esaldia. Hori notizia handia da, hori da gure notizia. Hori nola zabaldu gizartean? Hori da galdera. Sufritzen ari den jendearengana nola hurbildu? Etxea galdu dutenei zer erantzun eman? Lanik gabe eta inolako diru-sarrerarik gabe gelditu direnei, zer esan? Jesus bizi dela? Sufritzen ari den bati Jesus bizi dela ezin zaio esan hitzez, diskurtsoz; beste era batera adierazi behar zaio notizia. Eta hori deskubritzea dugu eginkizun presatia. Nahiko lo egin dugu. Orain Pazkoaren presa behar dugu!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.