Pazkoa 2: Tomas asko suelto

1221-SANTO-TOMAS-1(Igandeko ebanjelioa: Jn 20, 19-31)

Pazkoa gertatu da. Eta Pazkoaren argiak bazterrak berritzen ditu. Pazko eguna, berritasunaren egun luzea, bere ikasleak berritzen pasatzen du Jesusek. Izan ere, ikasleentzat dena zegoen ilun. «Egun hartako ilunabarrean» esaten digu Ebanjelioak, ikasleen egoera iluna zela adierazteko. Batzuek taldea utzi zuten, dena bukatutzat emanez. Besteak eztabaidan ariko ziren, nola jokatu edo zer egin erabaki ezinik. Hilobiko harlosa gainean zeukaten benetan!

Ateak itxita zeuden, beldurrez. Ilusio galduen nekez bihotzeko ateak itxi ditugu. Balioen ilunabarra bizitzen ari gara, posmodernismoaren garai arre hauetan. Desenkantoaren eta nostalgiaren ordua da. Eta geure barrura sartuta, kanpokoari ateak itxi dizkiogu. Ez diogu inori utziko desenkantoaren eta nostalgiaren zapi sarea urratzen. Geure-geurea dugu gero!

Jesus sartzen da. Bakea ematen die eta digu. Alaitzeko ordua da. Alaitzeko topaketa. Jesusen presentziak bihotz erori haiek erabat sendatu zituen, eta gureak ere bai. Horixe da Pazkoa, dena argiaz berritzen duen Jesusen presentzia berria. Espiritua eman zien bere arnasarekin. Jesus bera hilobitik atera zuen Espirituak aterako ditu ikasleok beren ezinaren ilunetatik. Espiritu biziemalea da.

Tomas, ordea, ez da besteen eskema normaletan kabitzen. Buru arrazionalista? Jarrera indibidualista? Tomas kasu aparta da, berezia, kasu zaila. Berak konprobatu egin nahi du. Aurreko egunotan hartu duen sustoa gogorregia izan da, eta orain ez ditu gauzak jolasean egin nahi. Ongi  konprobatu behar ditu gauzak. Ikusi eta ukitu egin nahi du errealitatea. Eta Jesusek, Jainkoak egin duena erakutsiz erantzuten dio Tomasi: zauriak (Jainkoaren maitasunaren ezaugarriak) erakutsiz. Gurutzeko maitasunaren seinaleak betiko markatuak geratu baitira. Nor ez da Tomas arrazionalista honekin elkartua sentitzen?

Eta Tomas indibidualista ere izan da. Elkartetik ihes egin duenean, bere barruan itxita gelditu da. Elkartearen sena galtzean, bere fedea subjetiboegia bihurtu zaio. Eta horrekin, Berpiztua sinetsi ezinik dabil, haren bakea jaso ezinik. Bere barruko mina ez dio erraz entregatuko inori. Azken batean, min hori da gelditzen zaion kontsolagarri bakarra. Mina entregatuz errenditzea, ez da beti erraza.

Hala ere, Tomasen prozesu honetan, guztion fede-prozesua ikus dezakegu, gutxi gorabehera. Izan ere, Tomas asko gabiltza suelto. Ez dugu aski gogoeta eta azterketa. Ez dugu aski besteek esandakoa. Ez dugu aski arrazoimenak esaten diguna. Guk beste zerbait behar dugu. Eta ikusi: zenbait kasutan topaketaren intimitatea gertatzen da argumentu bakarra. Zaurien zulotik sartu eta bihotza ukitu. Pertsonalki egindako kontaktuak errenditzen du Tomas. Eta Tomas asko gabiltza suelto gaur ere.

Jesus ezagutzeko zauriak? Zaurien bidez Jainkoaren bihotzeraino iristeko sarrerak? Ugari! Hor daude gosearen zauriak. Jainkoaren bihotza ukitzera daramaten zauriak dira. Hor daude gerraren zauriak. Gorrotoaren eta indarkeriaren zauriak. Morrontzaren eta esklabutzaren zauriak. Ustelkeriaren zauriak. Eten askoren zauriak. Droga eta sidaren zauriak. Den-denek Jainkoaren bihotzeraino eramaten dute, harekin topo egiteko. Zaurien bidez iristen baita Jainkoaren intimitatera.

Sinetsi ezinaren eta bizi ezinaren gauetik, Jesusen oinetan errenditzea. Ezbeharren baten ilunabarrean, argiari tankera hartzea. Ate itxietan zehar, maitatu zaituenaren esperientzian sartzea. Horixe da Jesusek Pazkoan eskaini digun esperientzia paregabea. Zuri ere bai, irakurle. Izan ere, Tomas bat izan zen garai hartan. Baina gaur ere Tomas asko gabiltza suelto. Baina Pazkoa da!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.