Pazkoa 3: Topaketaren loretxoa

Arraina-Ogia(Igandeko ebanjelioa: Jn 21, 1-19)

Joan zen igandean, Tomasen igandean, «ilunabarrean» gertatu ziren gauzak. Gauzak ez, topaketa gertatu zen. Gaurko ebanjelio zatian ere bada gaua, gau osoan ahalegindu arren ez baitute arrain bat bera harrapatu. Baina, topaketa gertatzera dihoan unean, «egunargitzen ari zen». Jesus ez dagoenean, iluna baita; bera dagoenean, berriz, eguna.

Arrantzurik ez. Ametsak husten direnean, dena gaizki ateratzen baita. Beren ilusio guztia entregatu zioten Jesus hura hil zuten. Eta orain ezin asmatu beti egin duten lanarekin ere, arrantzuarekin. Aurrera begira­tzeko gogoa Jesusekin joan zaie, baina atzera bueltatzen uzten ez dien zerbait gertatu zaie. Goizeko behelainotan, gandutan galduta bezala, norbait. Ez zekiten Jesus zenik. Eta pixkanaka, topaketaren loretxoa hasten da. «Mutilak», aurreneko deia. «Arrainik ba al daukazue?», berenez ezin izan dutela edo erakutsi nahi balie bezala. «Bota sareak eskuinera», eta arrantzuaren ezaugarri garbia.

Horraino, Jesusena izan da ekimena. Orain, ordea, «sareak botatzen dituztenean», ikasleek fedea jar­tzen dute beren aldetik. Eta nahiko harrigarria da, zergatik ezen gau guztian jardun eta bat bera ere ez harrapatu, eta etxeratzeko ordua denean, orduan sareak bota? Baina, «bota zituzten». Eta hor presentziaren fruitua, jaso ezin ahala arrain. Eta begirada garbia zeukanak (Joanek),  berehala antzeman zion. «Jauna da!». Bihotz haundia zeukana (Pedro), korrika hurbildu zitzaion aurrena. Pedrok bihotzaren taupadara jokatzen du.

Beste ikasleak ontzian zetozen itsasertzera (gauzak ondo neurtu behar zirela pentsatuz agian, bero-berotan itsutu baino lehen?). Hurbildu eta ezagutu. Hainbesteraino hurbildu ziren, berarekin gosaldu zuten arraina. Elkartasunaren intimitate gozoa, dudarik gabe.

Hainbesteraino ezagutu zuten, ez zuten «nor zara?» galdetu beharrik. Fedeak, hain handia eta sakona izanik, ebidentzia bihurtzen die ikusi ez baino sinetsi egiten dutena, ia-ia fedearen beharrik ez izateraino. Ia-ia diot, fedea galduz gero, ez baitzuten harengan beren Maisu eta Jauna ezagutuko. Ez al da ederra? Ezinaren hutsean hasi dena, elkartasunaren betean burutzen da. Pedagogia bikaina. Topaketaren loretxoa benetan!

Geuretik begiratuz, zenbat Eukaristiatara etortzen garen arrainik gabe. Ez da hala? Bizitzaren eguneroko gauean jotake jardun, eta hutsaren hurrengoa! Eta sinetsi ezinaren lausotan, hantxe urrutira, mamu baten itzala dirudien norbait. Berak prestatu dizun arraina jaten duzu (arraina Eukaristiaren irudi da). Eta topaketa gertatzen da pixkanaka. Ikusi duzu? Ez duzu ikusi? Ezagutu duzu? Antzeman diozu? Zeure zalantza artean, badakizu bera dela. Ez daukazu galdetu beharrik. Topaketa gertatu zaizu!

Eta berriro ere bizitzara itzultzen zara, gaueko arrantzura. Baina, orain ongi ikasi duzu Jesusen presen­tzia ez dela zeure lanaren fruituetatik neurtu behar. Badakizu presentzia horretan sinesteak emanarazten dizula egiazko fruitu betea. Eta horrekin aski duzu. Orain ikasi duzu fruiturik ezean ere, Jesusen presentziari tankera hartzen. Eta, jakina, egunero-egunero mila detaile aurkitzen duzu han-hemen, Jesusen presentziaz mintzo zaizuna: pobre hura, frakaso hura, gaixoaldi hura, eten hura, ezbehar hura, adiskide hura, poz hori…

Eta detaileen ederretan botatzen dituzu egunero sareak. Eta jasotzen duzun sarekada sekulakoa da. Topaketak ase egin zaitu. Eta aurkitu duzunarekin aski duzu! Topaketaren loretxoa.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.