Pazkoa 4: Zapaltzen ez duen agintea

Eskuak(Igandeko ebanjelioa: Jn 10, 27-30)
Aginteak zapaltzera jotzen du. Dena bere kontrolpean lotuta eduki nahi izaten du. Aginteak, askatasunari hesiak jartzeko tentazioa sentitzen du. Horregatik, jende asko dabil agintea lortzeko egarriz, besteak menpe hartzera nola iritsiko!, besteen gainetik nola egongo!, besteen askatasunaren giltza beren esku edukitzea nola lortuko!
Eta jakina, aginteari bi etsai sortu ohi zaizkio. Alde batetik, agintea desegin nahi dutenak, libertarioak. Eta agintearen aurka egindako askatasunaren aldeko borroka sortzen da. Eta badirudi, agintearen kontra jarduteak, besterik gabe ontzen duela borroka oro. Agintea eta askatasuna, bata bestearen ondoan jartzen badituzu, izan ere, zeren alde egon zintezke bada? Eta bata bestearen kontra jarriz gero, berriz, artean garbiago legoke aukera!
Eta bigarren etsaia, agintea sakralizatzen duena. Bere askatasuna agintetik zintzilik bizi duena. Bere nortasuna lantzeko agintearen baimena behar duena. Ez dauka inolako segurantzarik eta inolako izanbiderik, aginteak babesten ez badu. Eta sekula pertsona helduak izatera iritsiko ez direnen morroi-koadrila sortzen da agintariaren inguruan. Eta agintaria jainkotu egin da, halako adoratzaile makurtuen aurrean.
Eta honen guztiaren azpian, agintearen ulerkera gaiztoa dago. Jesusek onartzen ez duen ulerkera. Jesusek zerbitzuaren jitea lotzen dio aginteari. Agintea, zerbitzuz bakarrik bidera daiteke. Agintaria zerbitzatzeko dago. Eta zerbitzua da, beraz, egiazko aginte-erabileraren irizpidea eta galbahea. Zerbitzatzen ez dakienak ez daki agintzen. Ez zerbitzatzeko agindu nahi duena diktatore bihurtuko da. Eta ez du bere menpekoen askatasuna errespetatuko. Askatasunaren kezka bizi ez duen aginteak ez du ongi jokatuko.
Eta, bide batez, agintzen duenak askatasunari bide egokiak sortzen jakin behar du. Agintearentzat ezin daiteke edozer gauza berdin izan. Askatasuna ezin daiteke askakeriarekin nahasi. Aginteak pertsonen kezka bizi behar du. Aginteak pertsonen bidelagun izaten jakin behar du. Agintea axolakabe bihurtzen denean, ez baitago atarramentu onik.
Ez da batere harritzekoa, nire ustez, Jesusek agintea artzantzarekin parekatzea. «Nik ezagutzen ditut». Maitasunezko ezagutza dago agintearen azpian. Menpekoak ezagutu, maitatu, haien ongiaz arduratu, haien izanbiderik onenak sustatu, pertsonen barruko onena atera eta garatu… Eta ezagutza dagoen tokian, maitasuna dagoen tokian alegia, segizioa dago, menpetasuna, errespetua, agintearen ulerkera zuzena. Eta jokalege horretan, bizia sakondu eta edertu egiten da. Bizia zerbitzatua gertatzen da. Pertsona gertatzen da agintearen kezka nagusia. Pertsonaren bizia da lortu beharrekoa.
Eta ikuspegi honetatik, gaurko ebanjeliotik, galdera asko dago gizartearentzat eta Elizarentzat. Zertarako jantzi agintea sakralizazioz? Zertarako ematen zaio aginteari gogortasun kolorea (eta gogortasun hitza darabilt, beste hitz bat ez erabiltzeagatik)? Zergatik urrutiratu agintaria bere menpekoengandik, agintea zerbitzatzeko egina baldin badago? Zergatik ematen du beti agintariak irabazian atera behar duela?
Zorionez, Jesusek beste era bateko agintea erakutsi digu. Agintariak bizia eskaini eta emateko prest azaldu behar du. Ostegun Santuko oingarbiketara esnatu behar du egunero agintariak. Eta aginteari zor zaion errespetua eta estimazioa, zerbitzuaren poderioz lortu behar ditu.
Zapaltzen ez duen agintea erabiltzen du Jesusek eta haren antzera jokatzen duenak. Eta harrigarria ere gertatzen da, gure gizarte honetan hainbeste jende egotea agintzeko gosez. Zerbitzatzeko gogo handiegia ez ote den!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.