Pazkoa 5: Beti sutan, beti erreta

Mahatsa(Igandeko ebanjelioa: Jn 15, 1-8)

Ikusi izan ditugu negu gorrian mahatsondotik ebakitako aihen lehorrak. Inoiz biltzen jardun ere bai Oliteko mahasti ederretan. Abendu-urtarrilean pilatzen diren aihenen zoria sua izaten da gehienetan. Eta su ederra egiten dute, gainera. Mahatsa eman zutenetik hiltzen hasi ziren eta aihen berriei egin behar diete lekua. Alferrikako bihurtu dira eta erre egiten dira.

Irudi horretaz baliatu da Jesus, fedezko atxikimendua falta duenaren zoria azaltzeko. «Niregan irauten ez duena aihena bezalakoa da». Sutarako da, alegia. Erreta bizi da eta irtenbide gutxi datozkio parera horrelakoari. Eta ez naiz ari, noski, fededuna eta fedegabea bata bestearengandik bereizi nahirik, bata salbatua eta bestea erretzera kondenatua leudekeela esateko. Ez! Fededunez ari naiz batik bat, fededunen artean ere bai baita atxikimendua sakonetik bizi duenik eta bai baita enborretik askatu den aihenarena egiten duenik ere. Ez daukagu besteei begiratu beharrik.

Aihenak lezio asko uzten du, ikasteko. «Aihenak ezin dezake berez fruiturik eman, mahatsondoan ez badago». Mahatsondotik datorkio fruitua emanarazten dion bizi-zukua. Bestea ere egia da: mahatsondoak ez luke fruiturik emango, baldin eta aihenik ez balu. Halatsu guregan: guk ezin dugu geurez Ebanjelioko fruiturik eman, Jesusi atxikita ez bada. Jesusekiko lotura bizitzaile horrek sorrarazten ditu guregan bizi-aleak. Eta Jesusek gu behar gaitu, bere Ebanjelioaren fruituak gizartean azalarazteko. Guk Jesusengandik daukagu bizia eta Jesusek guregan erakusten du bizia.

Beste lezioa. Aihenak ez du berari dagokion fruitua ematen, enborretik datorren zukuari dagokiona baizik. Eta, gure kasuan, Jesusen enborretik datorren bizia «ugaria» da, «oparoa». Eta horixe da harrigarria: geure eskasian eta txikian Berri Onaren fruitu handiak eman ahal ditugula. Jesusek gure txikia eta ahula aukeratu duela bere «jainkozko» dohainak gizartean zabaltzeko. Geure txikian egundoko bokazio handia jaso dugu, eta fruitu ugari eman dezakegu.

Beste lezioa, bistakoa eta lehen aipatu duguna: aihenaren zoria sua dela, Jesusi atxikita izan ezik. Eta galde­tzen dut: gaurko Elizari ez ote zaio «suaren» zoria gaineratu, Jesusekiko atxikimendua landu beharrean bestelako gauza askotan galdu garelako? Gobernuaren legeak, egia segurua, doktrina zuzena, barne-sekularizazioa, teologi liskarrak… Horiek al dira gure lehen arazoak? Horiek al dira, garrantzitsuenetik hasteko, dauzkagun arazo garrantzutsuenak?

Nire ustez, bada aurreragokorik. Eta lehenengoa Jesusekiko atxikimendu afektiboa da. Gaur egunean «kristau» asko ikusten da Jesusekiko harremana zer den eta nola bidera daitekeen ez dakiena. Eta okerragoa ere bai: asko ikusten da harreman horri eta beraren eskasiari inolako garrantzirik ematen ez diona. Eta hori bai dela gaurko Elizak bizi duen «barne-sekularizazioa». Zer geratzen zaigu Jesusekiko harremana falta denean? Zertarako ditugu doktrina zehatzak eta seguruak, Jesus nor den ez dakigunean? Zertarako ditugu teologia bermatuak, azkenean norekin gabiltzan ez badakigu?

Zoritxarrez, ez dut uste gutxi batzuen arazoaz ari naizenik. Ez dut uste, aipatu dudan arazoa neure buruaren kreazio fantasiazkoa denik.

Gero, gaizki gabiltza, gure elizetan ez dago bizi-indar handirik, jendea joan egin zaigu, gelditu dena oso txepel ikusten dugu, etorkizunak etsipena sortzen digu, ilusioa falta zaigu, elkarte-sena oso ahuldua daukagu, pastoral eragile sutsuak falta zaizkigu, laikoak ez dakigu eliz barruan nola eta zertan jarri, gizartean bete behar genukeen misioaren soslaia urtuta daukagu, gure «kristau» asko erreta dago… Gure egoera eta gauzak. Bai, beti sutan, beti erreta!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.