Pazkoa 5: «Maita ezazue»

Esku hutsak(Igandeko ebanjelioa: Jn 13, 31-33a. 34-35)
Pazkoaldia aurrera dihoakigu, burutzera. Zerbait berezia eta berria gertatu zaigu Pazkoan. Goitik behera aldatu dira planteaketak, izaerak, itxaropenak. Jesus berpiztu delako, dena berria da! Eta berritasun hori ez da amets hutsa, egunero-egunero mamitzen joan behar duen berritasun egiazkoa baizik. Joan behar duen eta joan daitekeena. Jesusek dena berritu duelako.
Eta mundu berriari, «zeru eta lur berriei», biziera berria dagokie. Eta biziera berri hori, agindu edo biziarau bakar batean bildu du Jesusek: «Maita ezazue». Agindu berria deitu dio Jesusek berak. Berria, ez agindu bezala, aspalditik zehaztua baitzegoen maitasunezko jokaera. Berria, mundu eta izaera berriari dagokion arnasa eta jokalegea delako.
Jesusek, bitasun eta bikeria guztiak batu egin ditu. Orain arte bi ziren guztiak bat izatera ekarri ditu. Batasunaren giza-arte berria ahalbidetu du Jesusek. Elkar maita dezakegu. Ezberdintasunak aberastasun bihur daitezke. Ulertuezinak elkartasun bihur daitezke. Gorrotoak itzal daitezke. Maitasunak sortzen duen batasun aberatsa eman zaigu gozatzera.
Bat izate honek ez du esan nahi, berdinkeria zapaltzailearen alde ari garenik. Ezta gutxiagorik ere. Jesusek, ezberdintasuna batasunaren aberasgarri bihurtu du. Eta ezberdintasunaren ulertuezina, elkartasun bihurtu du. Eta elkartasuna dagoen tokian, maitasunaren legea nagusi den lekuan, ez dago inolako alderik bat izan edo bi izan. Ezberdintasuna gorroto denean, hori da gaiztoa. Ezberdintasunak zapalketara garama­tzanean, hori da gaiztoa.
«Maita ezazue». Jesusen Elizak muga eta hesi guztiak gainditu behar ditu. Ez du ia sentidurik arrazakeriak. Kolorearen ezberdintasuna ezin daiteke zapaltzaile izan. Pertsonaren duintasuna ez da azalean joka­tzen. Fededun izan ala ez, hori ezin daiteke gure gurutzadak antolatzeko bide gertatu. Zintzo izan ala bekatari izan, ezin gaitezke elkarrengandik banatzen gaituen epaietan erori. Ez du sentidurik gizakiak bahitzeak. Ez du sentidurik inolako arrazakeriak, bazterketak eta gogorkeriak. Era horretan ez da ezer eraiki­tzen, ezer onik ez behintzat.
«Maita ezazue». Jesusek elkartasun berria sortu du. Jesusen maitasun legetik harreman pertsonal eraberrituak bideratzen dira. Pertsonak bat izan gaitezke. Gure barruak itxi orde, bestearekin elkartasunean lotu gaitezke. Maitasunak konfiantza sortzen baitu. Maitasunak beldurra kentzen du. Maitasunak karetak eranzten ditu. Maitasunak bateratzera garamatza, elkartasunera.
«Maita ezazue». Eta maitasunak dena berritzen du. Horrexegatik deitzen zaio agindu  berria. Maite duenari bere barrua berritzen zaio, hasteko. Harremanak berritzen zaizkio, uste eta espero ez zuen sakontasuna bizitzen hasten baita. Herria berritzen zaio, maitasunak muga guztiak gainditzen eta apurtzen baititu. Maitasunak mundu berriaz hitz egiten digu.
Honengatik guztiagatik, Elizari eskuerara eman zaion eginbide nagusia, maitasunarena da. Elizak maitasunaren biziera berria erakutsi behar ez badu, ez dauka zer eginik. Eliztarron sinesgarritasuna, maitasunezko jokalegetik daukagu zintzilik. Gaur, ebanjelizazio bideak eraberritu nahi dituenean, betiko agindu berrira i­tzultzea du onena eta eraginkorrena: maitasunaren agindu berrira.
Gure euskal gizarteak ere entzungo al du maitasunaren eta maitasunerako deia! Gizon eta emakumeok duintasunez begiratuko al diogu elkarri, maitasunagatik. Pozik bizi behar dugu, maitasunagatik!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.