Pazkoa 6: «Bakea uzten dizuet»

Argiak basoan(Igandeko ebanjelioa: Jn 14, 23-29)
Ez litzateke Pazkoaldiaren emaitza kaskarra izango bakea. Gizon-emakumeon, gizartearen, herrien, munduaren bihotzean utziko baligu maitatuak sentitzearen sentipen garbi eta onginahizkoa, ongi burutua legoke Pazkoa! Bai horixe! Baina, jakina, gauza estimagarri eta onenak bezala, bakea ez da berez sortzen. Bakeak badu bere iturria eta badu bere dinamika.
Ez da gudarik eta borrokarik ez izatea bakarrik. Ez da odola galtzea. Ez da nortasuna urtzen uztea. Bakea ez da lortzen, gauza eta egoera kaltegarriak kenduz, besterik gabe. Zuzentasunaren borroka eta eginahala egiteko pulamentua galdu duen pertsonak eta elkarteak, galdu du bakean bizitzeko gogoa eta ametsa ere.
«Bakea uzten dizuet». Elkartasunaren fruitua da bakea. Eta Pazkoa elkartasuna izan da. Gurutzeko besarkada askatu-ezinean osatu den elkartasuna. Ezerk inoiz inon hautsiko ez duen elkartasuna. Bakearen iturria bizirik eta emankor sartu zaigu barnera, eta gurekin bizi da bakea eta bakea ematen duena. Bakeak poztu gaitu betiko.
Honek esan nahi du, bakea barrutik sortzen dela. Bakea elkartasun horren emaitza dela. Eta, jakina!, bakeak badituela bere eskakizunak ere. Elkartasuna zaindu eta bizitzearen eskakizuna, aurren-aurrena. «Nire hitzak gordeko ditu». Bakea ez da behin betiko irabazten. Adiskidetasuna eta giza harremanak behin betiko sendoak ez diren bezala, eta maitasunezko ardura eskatzen duten bezala, bakearen iturburu den elkartasun horrek ere maitasunezko ardura eta axola eskatzen ditu.
Pazkoak bakerako Espiritua utzi digu ondare. Egunero bakera esnatuko gaituen Arnasa eman zaigu. Gure harremanak Pazko-presentziaz poztuko dituen Espiritua eman zaigu. Eta Espiritu horrek goizero irekiko ditu, bakearen aire berritua emango duten Pazko-iturriak. Bihotzean eta gizartean, bietan irekiko ditu bake-sapaiak. Eta bakea biziko dugu.
«Bakea uzten dizuet». Eta ez dugu beldurtu eta kikildu behar. Bakeak baditu eta beti izango ditu bere e­tsaiak. Bakeari beti sortuko zaizkio elkartasuna apurtu nahi duten eragin beltzak. Justiziazko amets eta deiez jantzita etorriko dira, baina bakearen kontrako amets gaiztoak dira. Engainagarriak eta hutsalak. Bakearen kontrako borroka beti etorri ohi da hitz handiz eta eskaintza ikusgarriz itxuratua. Baina, bihotzean etena eta setakeria eta sektakeria besterik ez dakartza. Ez diogu, hala ere, beldurrik izan behar bakearen aldeko borrokari. Iturri agortezina bihurtu baitzaigu bakea bihotzean.
Bakea ez da lortzen, norberak nahi duena betez. Bakean bizitzeko bihotza pozik behar da. Eta bihotz poztuak, borroka egiten duenean ere, bakea sortzen du. Bihotz mingoztuak, berriz, gozoenean ere, samina sortzen du. Bihotz baketuak ez ditu gauzak bere horretan uzten; badaki mundu berri baten langile dena. Baina, bere ahalegin berritzaile horretan ere, ez du zauririk sortzen, ez minik ematen, ez du hiltzen, ez du bahi­tzen, ez du indarkeriarik erabiltzen. Horiek denak bihotz mingoztu eta koldarraren jokalegeak dira.
«Bakea uzten dizuet». Bakearen Espiritua eman digu Jesus berpiztuak. Eta bakean gaude. Gure herriak ere bakea behar du, aspaldiko ametsa du hori. Baina, hitz mikatz eta desafio borrokalari gehiegi dabil askotan gurean, bakea gozatzeko. Indarkeria, armei dagokienez, gelditu bada ere, beste era bateko eraso gehiegi dabil gurean, bakea eman diezagukeenari bakea ez eskatzeko. Beldur eta azpijoko gehiegi dabil gure herrian libre, bakearen irrika galtzeko. Bakearen alde saiatzea merezi du bakea maite duenarentzat. Mesedez, bakean bizi nahi dugu!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.