Pazkoa 6: Pozetarako aukeratuak

EskuakOtoitzean(Igandeko ebanjelioa: Jn 15, 9-17)

Erlijioez eta hitz egiten dugunean, sarri entzuten da esaten, erlijioa bizitzea eta zein erlijio bizi nor bakoitzak bere aukerara daukan zerbait dela. Pertsona bakoitzaren eskubidea izanik, bakoitzari bere aukera errespetatu behar zaiola. Eta nik ez dut ezetzik esango, noski. Nola esan ezetz, erlijioa giza eskubide oinarrizkoa izanik? Bakoitzak ikusi behar du zertan sinetsi eta nola sinetsi.

Baina, ikuspegi horren azpian, bada zerbait nik nire fedearekin ongi uztartu ezin dudana. Esan diezaioket norbaiti nik kristau izatea aukeratu dudala, katoliko izatea eta molde honetan sinetsi eta bizitzea. Baina, sakonera jota, nik ezingo nuke hori horrela esan. Nik, sentitzen dudana adierazteko, beste hau esan beharko nuke: Jesusek aukeratu nau, Jesusen Jainkoak aukeratu nau, eta nik sinetsi egin dut. Aukeraren subjektua aldatuko nukeela, alegia. Niretzat, alderdi horretatik, erlijioa ez da nik aukeratu dudan zerbait, baizik Jainkoarekiko harremanean aukeratua sentitu naiz.

Hau guztia esaten dut, gaurko ebanjelioak aipatzen duen horri erreparatuz: «Ez nauzue zuek ni aukeratu, nik aukeratu zaituztet zuek». Badaukat errezelo gordea, ez ote den aukera honen kontzientzia gure elizetan falta duguna. Ez dugula geure bizitza aukera pertsonal baten erregalutzat ikusten eta hartzen. Erlijioa halako gune ezezagun batetik gainera erori zaigun meteorito baten antzera ikusten dugula. Hemen jaio garelako, beti horrela egin dugulako, gure historia den bezalakoa izan delako…

Eta gero aukera pertsonal horren bizipoza falta zaio gure fedeari! Aukera pertsonal horrek bere barnean daraman maitasun-ukitua falta zaio. Eta ez gaitu gure fede horrek bizipozten. Gure elizkizunak ez dira festazko gertaera. Gure sakramentuak ez dira ezer askoren adierazgarri. Eta dena sentidu gabetu egin zaigu geure ohiturakeriaren esku aspertuetan. Eta ez dakigu gure kristau-elkarteak nola berritu eta nola sutu. Ez dakigu nola sor daitekeen biziera berritu baten eragin gaztetzailea. Eta gehiena ilun, triste.

«Honetaz hitz egin dizuet, nire poza zuengan izan dadin, eta zuen poza bete-betea izan dadin». Hau da bokazioa, oinarrizko bokazioa, maitasunezko aukerari dagokion biziera: poza. Eta pozaren eskasiak eraman beharko gintuzke gure kristau-fedearen barrenak aztertzera. Zergatik galdu dugu kristau izatearen biziera pozgarria? Zergatik ikusten da hain poz gutxi gure ospakizunetan? Zergatik etsi dugu? Zerk eusten zion orain arte gure sinesmenari? Ez ote zaigu barruko esperientzia sakona hustu?

Nik niretzako daukat maitasunezko aukera horren kontzientziak bakarrik eraman gaitzakeela pozik bizitzera. Beste gauza askok ere ematen dute poza. Baina Ebanjelioko pozaz ari naiz. Eta poz berezi hori ezertatik zintzilik baldin badago, honetatik dagoela esango nuke: neure bizitza Jainkoak aukeratu eta maitatu duela jakitetik. Gauzak era batera edo bestera egin, ez da berdin; zintzoa izan edo ez dakit nolakoa izan, ez da berdin; baina benetako poza ez dago gure gauzetatik zintzilik. Benetako pozaren giltza ez daukagula, alegia, guk, Jainkoak baizik.

Eta Ebanjelioa horregatik da Berri On, Jainkoak aukeratu gaituela esaten digulako; Jainkoak maitatu gaituela errepikatzen digulako. Eta horretatik pozten zaigu bihotza, gertatuak gertatu. Horretatik espero dugu barkazioaren berregitea. Aukera pertsonal horren kontzientziak ematen digu inork kenduko ez digun barne-poza. Eta gaur gure elkarteak berritu nahi ditugunean, uste dut ez genukeela adarretatik hasi behar, sustraitik baizik. Eta sustraia, esaten ari naizenez, uste dut Jainkoaren esperientzia pertsonala lantzea dela. Horretarako atera behar dugu behar adina adore eta baliabide, beste guztiak ez baikaitu berritze eder baten oinarrira eramango. Gu, pozetarako aukeratuak izan gara!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.