Pazkoa A: Goizean goiz, lasterka

(Igandeko Ebanjelioa: Jn 20, 1-9)
Maria Magdalakoa goizean goiz, bi ikasleak lasterka…, paz­ko goizeko bilaketaren atarramentuak dira. Maite zutena galdu dute eta azken aldian beren bizitza osoari sentidua eman zion Maisua hil egin diete. Nolabait esateko, eraiki zuten proiektua harez eraikitakoa bailitza lurpera erori zaie. Lurpera, hilobian utzi baitzuten Jesus, larunbata legearen arabera ospatzeko. Jesus hiltzean, dena hil diete ikasleei eta jarraitzaileei. Jesus galtzean, dena galdu dute.
Baina, zergatik doa Maria Magdalakoa Jesusen hilobira? Pentsa dezakegu maite zuenaren ondora doala, harengatik dolu egitera. Jesusekin bizi izan zuen barne-taupada ezin zuen lotu bularrean eta Jesusengana joan beharra sentitzen zuen. Baina, eta zer gertatzen da? Hilobi-sarrerako harria kendua ikusten du. Eta berehala barruak esaten dio Jesus ez dagoela han. Ez zaigu esaten hilobian begiratu zuenik ere. Lasterka batean ikasleengana doa, ikusi duenaren berri ematera.
Orain korrika abiatzen direnak ikasleak dira. Bat arinago, bestea makalago, baina hauek ere maitasunaren korrikaldia egiten dute. Zer espero ote zuten aurkitzea? Hilobia hutsik ikustea espero ote zuten beren bihotzen sekretuan? Beren korrikaldi hartan zer sentimendu eta zer esperantza ote zeramatzaten nahasian? Iritsi dira eta hilobia hutsik aurkitzen dute. Baina ikusten duten egoerak zera erakusten du: Jesusek heriotzaren lokarriak erantzi egin dituela, gorputza lotzen zuten zapiak han baitaude lurrean.
Beraz, Jesus piztu egin al da? Hori erakusten dute bi ikasleek. «Piztu egin behar zuela hilen artetik». Orduan ulertu zuten nonbait. Gure aldetik ez litzateke zuzena izango argumentazio dogmatikoetan hastea, nolabait piztu zela «demostratu» nahi izango bagenu bezala. Hemen fedeak hitz egin behar du, ez buruak.
Beste gauza bat azpimarratu nahi dut, ordea. Nola sinetsi berpiztuarengan? Nola bilatu Jesus berpiztua?, non? Erabil daitezkeen argumentazio guztiak ez baitira aski bihotza Jesusengana tolestatzeko. Gure barruak, Magdalako Maria bere barruak bezala, bidean jarri gaitu, «artean ilun zegoela». Ilun hori zer da? Zerk iluntzen dit barrua? Zerk ateratzen nau lehen argitan bila? Noren bila? Zeren bila? Galdera asko dira.
Bai, galdera asko dira. Eta erantzunik ez dakit badaukagun. Ez dakit erantzuna ez ote den galdera bera. Alegia, pazko goizeko argia ez ote dagoen ostiral santuko ilunetan eta larunbat santuko isiletan. Ez dakit helmuga ez ote dagoen korrikaldia hasten den une berean. Topaketa ez ote dagoen bilaketa hasten den gune eta unean. Kontua da, Jesusen piztueraren pozak hartu digula goiza. Jesusen pazkoak hartu digula bihotza. Jesusen piztuerako edertasunak edertu digula bilaketa.
Maria eta ikasleak goizean goiz ikusi ditugu, lasterka ikusi ditugu. Horra bilatzailearen jarrera eta jokamoldea. Gure gauari ez zaio berez etorriko goiza. Gauetik jaiki egin behar dugu, bihotzaren grinaz argitara ateratzeko. Argiak bidean harrapatzen ez bagaitu, sekula ez zaigu bizitza argituko. Argia etorri egiten da, geurea ez dugulako; baina etortzen da, gu goazkionean, bilaketaren bidera ateratzen gatzaizkionean. Ezer ez egitea, geure ilunetan zain gelditzea, betiko argirik gabe geratzea da. Fedea bidera ateraz bizi da.
Eta «lasterka». Maitasunaren presa da. Topaketa bizi nahi duenaren abantada. Bakoitzak dakigu zer den lasterka joaten uzten ez diguna. Bakoitzak jakin beharko genuke zerk kateatzen dizkigun oinak. Segitzaileak badaki bizi-pausoa nola arindu. Pazko goiza ederra piztu da, eta bidera atera behar dugu lasterka. Hilobira begiratu dugu eta hutsik dago. «Hutsik egote» horrek Jainkoaren Hitzaren testigantzara garamatza, han «berpiztu egin behar zuela» ikusi eta ikasteko. Jainkoaren Hitzaren testigantza ederrak poztuko eta piztuko digu bihotza Jaunarekin topo eginaraziz. Eta topaketak berriro bidean utziko gaitu lasterka, goizean goiz. Senideei eraman behar baitiegu berria goizean goiz, lasterka. Jesus bizi dela! Pazkoa dugula!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.