A Pazkoa 4: Atearen beste aldea

(Igandeko Ebanjelioa: Jn 10, 1-10)
Ardiez eta artzainez mintzo delako edo, zenbaiti ezkutuan geratzen zaio igande honetako irudia. Artzainarena ulertzen dugu. Artaldearena ere bai, ez nuke ondo ulertzen dugunik esango baina! Hala ere, igande honetako atala beste irudi batez ari zaigu, atearen irudiaz. Ikasleek ez omen zuten ulertu eta guk ere apenas. Jesusek esaten du, bera dela igaro beharreko atea eta ate horretatik igaroz aurkituko dugula benetako bizi-sentidua.
Badira beste ateak, hori bistakoa da. Zein ate igaro behar den, bizitzan asmatzeko, hori da kontua. Jesusen ateak bere ondorioak ditu, beste ateek dituzten bezalaxe. Baina, ondorio desberdinak, noski. Jesusen atea ez igaro nahi eta beste ate bat aukeratu dutenek jakingo dute zertan ari diren; ez zaigu guri tokatzen haien aukeraz gaizki pentsatu edo esaterik. Bakoitzak berea!
Baina, igandeko zati honen haritik, Jesusen atea igarotzeak dakartzan onurak azpimarratu behar ditugu. Aurretik esanda uzten dugu, hala ere, hau ez dela buruz jakiten, bizi-esperientzia eginez baizik. Inork ez digu esperientzia hori emango. Bakoitzak bideratu behar ditu esperientzia hori bizitzeko baldintzak bere bizitzan. Eta gertatzen zaionean, jakingo du sekulako erregalua egin diola Jesus berpiztuak. Beste ateen atzean zer dagoen, ez zaigu hainbeste axola. Axola zaiguna da zer ematen digun Jesusek.
Bada, testuaren azken aldera, esaldi labur bezain argigarria, Jesusen atearen beste aldean zer dagoen adierazten duena:  «Neu naiz atea; ate honetan zehar sartzen dena, onik izango da, sartuko da eta aterako, eta larreak aurkituko ditu».
Aurrena, «onik izango da». Jesusen atea igarotzen duena onik izango da; beste itzulpen batzuetan esaten denez, salbatuko da. Gizakiaren benetako izan-bidea eskaintzen du Jesusek. Ez da ari geroko salbazio betikoaz; baizik, pertsonaren bizibidea pozten duen dohainaz ari da. Onik izatea, azken batean, bizitzari sentidua aurkitzea da, egiten eta nozitzen den guztia onetik irakurri ahal izatea, dena argiaren pozetan ikusi eta gozatzea. Dena? Bai, dena: barrukoa, harremana, sufrimendua, heriotza, lana…
Bigarrena, «sartuko da eta aterako». Jesusen ateak ez du inor kateatzen edo behartzen. Jesusen atea beti zabalik dago. Jesusek ez du inor behartzen edo derrigortzen. Jesusek bere dohainaren eskaintza librea egiten du. Eta denok dakigu, gizakiak gehien estimatzen duen dohaina askatasunarena dela. Gure gizarteko eta munduko eskaintza askok gizakion askatasuna bihurrituko ez balu! Mundu honetako indarrek badakite beren arrakasta gizakia behartzean datzala. Jesusek ez du horrela jokatzen. Eta Jesusen Elizak ere ez luke horrela jokatu behar! Gizakiaren askatasunak balio sakratua dauka.
Azkenik, «larreak aurkituko ditu». Ez da erraza izaten behar duguna aurkitzea: geure gizatasuna garatzeko behar duguna, geure sinesmena argitzeko behar duguna, harremanak beren onenean zaintzeko behar duguna… Gizakiok behar ditugun larreak ez dira beti eskura izaten. Jesusen atearen beste aldean bada gizatasuna bere betean lantzeko behar dugun guztia. Jesusek berak ematen digu behar dugun janaria. Berak indartzen gaitu, maitasunaren dohainez janarituz.
Ateak era bateko edo besteko itxura erakuts dezake. Ate bat bestea baino dotoreagoa, erakargarriagoa, izan daiteke. Baina, benetan aztertu eta ikusi behar dena, atearen beste aldean eskaintzen zaiguna da. Jesusek ez du engainatzen: atea, bere itxuran, nahiko latza ager daiteke, iluna, zaila. Baina, beste aldean eskaintzen duenak ez du parekorik. Eliztarroi, atearen beste aldea ezagutzeko poza izan dugunoi, zera dagokigu: atearen itxura ontzea, gizon-emakume guztiek ate hori igaro eta benetako zorionaren izanbidea aurki dezaten. Inportantea, atearen beste aldean baitago.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.