San Pedro eta San Paulo: Fededun eta gustura!

Jesus(Festaburukjoi Ebanjelioa: Mt 16, 13-19) Pedro eta Paulo santuen festaburua ospatzen dugu gaur eliz egutegian. Elizaren habeak dira biak. Beraiengan eraikitzen da Eliza eta beraiek transmititzen dute fedea. Beraz, fededun guztion eguna da gaur, eta Eliza osoarena ere bai. Beste gauza batzuk bere onera ekartzeko eguna ere izan daiteke. Izan ere zenbaitek, Eliza eta Pedro esatean, instituzioa bakarrik baitauka gogoan, eta ez fedea. Eta fedeak beharko du erakundea, nahi baduzu; baina, batez ere, erakundeak behar du fedea.

Pedro instituzioarekin parekatzeak kalte handiak ekarri dizkigu. Eta jende dezente dago hori egiten duena. Alegia, Pedrok gaurko ebanjelioan egiten duen fede-testigantza ahazten dute, eta Jesusek Pedrori agindutako sendotasuna daukate gogoan. Eta horretatik, eliz erakundearen sendotasuna eta betikotasuna goresten dute. Eta horrek era guztietako ondorioetara eramaten ditu. Baina, dudarik gabe, gauzak ongi uler­tzekotan, biak kateatu behar dira: fedea eta Jesusen promesa.

Fedea dago aurrena. Jesusek egiten duen inkestari ematen zaion erantzuna dago estraina. Ez da nahikoa besteek zer esaten duten informatzea. Ez da nahikoa txikitan buruz ikasitakoa errepikatzea. Ez da aski doktrina. Gaur bertan, Jesusekiko sondeoa egingo balitz, era guztietako erantzunak sortuko lirateke. Eta fededunak egin behar duena ez da erantzun horiek jaso eta eliztarren kopurua kalkulatzea. Gaur, zoritxarrez, fedearekiko sondeoek zenbaki hobeak ematen dizkigute, errealitateak baino.

Kontua da, norberaren barruko erantzuna. «Zuek, nor naizela diozue?». Hori da kontua! Pedrok erantzun beroa baina ja­torra ematen du. Gerora ikusi zen, traizioa egin zuenean, erantzun horri oraindik ere kalitatea falta zitzaiola, ahuldadearen esperientzia falta zitzaiola. Umilazioaren egia falta zitzai­ola. Baina, hala ere, erantzun jatorra eman zuen Pedrok, barrukoa, zintzoa. Bere bizitza eta segizioa inplikatzen zizkion e­rantzuna eman zuen. Bere bizitza osoa jokoan jartzen zuen erantzuna. Pedro bera entregatu zen erantzun horretan. Ez zen izan gutxi gorabehera emandako erantzuna.

Eta fede jator horri agintzen dio Jesusek sendotasuna. Fedea sendoa eta ahula da. Jesus salbatzaile aitortzen duenari ez zaio faltako sendotasuna, ahuldade eta guzti. Izan ere, Pedrok nozitu zuen ahuldade bera nozi­tzea baitagokigu denoi. Baina ahuldadea eta sendotasuna ez daude elkarren kontra. Fededunak batera izango ditu zalantza eta sendotasuna. Eta fede-aitorpenaren gainean eraikitzen da eliz erakundea ere. Fedetik abiatu eta erakunde gorrian bukatzea, ez litzateke inondik inora zintzoa izango. Fedeak erakundea behar du; baina, batez ere, erakundeak behar du fedea.

Pedrorengan etorkizun sendoa ikusten zaio fedeari. Ez da esa­ten gauzak ongi joango zaizkigunik, ez guri, ez erakundeari. Ez zaigu agintzen, gauzak garbi eta zalantza gabe ikusiko di­tugunik. Ez zaigu agintzen bizitza erraztuko zaigunik ere. Ez da esaten fededunen taldea ugaria izango denik. Esaten dena da, fededunak Jesusen hurbiltasuna sentitu ahal izango duela eta horrek bizitzari bestelako oinarri sendoa emango diola. Ez dela izango fedearen esperientzia jatorra lurreratuko digun indarrik. Eta hori, ez erakundeagatik, fedeagatik baizik. Erakundeak eror daitezke. Eroriko dira. Aldatuko dira. Aldatu behar dute. Baina fedearen zerbitzuan egon beharko dute beti. Fedea baita ezinbestekoa!

Gaur, beraz, Pedro eta Paulo santuen festaburuan, gure fedea berritu nahi badugu, hutsa adinako propor­tzioa badaukagu. Fedearentzako garai zelebre samarrak bizi ditugun honetan, geure fedearen muina berri­tzeko egun ederra da gaurkoa.

Norberak ikusi behar du zer jaso duen eta zer jasotzen duen fedetik bere bizi-esperientzian. Zer gizatasun-emaitza eskain­tzen dion fededun izateak. Nik, neure fedearen ahuldadean, ez dut nire aitorpena isildu nahi: Ni fededun, eta gustura!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.